Asier Aiestaran

Hondarribiako Traineru Jaitsierak beste erreferentzia bat jarriko du denboraldi-aurrean

Guztira 39 ontzik eman dute izena larunbaterako hiru maila desberdinetan: 7 traineru beteranoetan, 10 emakumezkoetan eta 22 gizonezkoetan. Euskotren Ligako lau traineruak bertan izango dira eta Eusko Label Ligako sei ere bai, nahiz eta Bermeo ez den irteeran izango.

Hondarribia, iaz etxeko estropada eremuan
Hondarribia, iaz etxeko estropada eremuan (Idoia ZABALETA | FOKU)

Larunbat honetan jokatuko da Hondarribiako XXII. Traineru Jaitsiera, traineruentzat aurre denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Guztira 39 ontzik eman dute izena hiru maila desberdinetan: 7 traineru beteranoetan, 10 emakumezkoetan eta 22 gizonezkoetan.

Jaitsiera 16.00etan hasiko da beteranoen ontziekin: Endaika, Zumaia, Ibaialde, Mundaka, Zumaia, Plentzia eta Fortuna. Eta jarraian irtengo dira emakumezkoak, ordena honetan: Tolosaldea B, Hernani, Zarautz, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea A, Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak eta Hondarribia.

Aipagarria da aurten Euskotren Ligan arraun egingo duten lau traineruek (Tolosaldea, Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak) hartzen dutela parte eta interesgarria izango da haien arteko aldeak ikustea, Oriako Jaitsieran etxeko ontziak erakutsi zuen nagusitasuna errepikatzen den edo ez, esaterako.

Irtetzen azkenak gizonezko absolutuak izango dira. Arraun Lagunak 16.17an aterako da eta atzetik irtengo dira Isuntza-Mutriku, Trintxerpe, Hibaika, Donostiarra B, Mutriku, Hondarribia B, Busturialdea, Rianxo, Lapurdi, Orio B, Zumaia, San Juan, Arkote, San Pedro, Getaria, Zarautz, Isuntza, Ondarroa, Zierbena, Donostiarra A eta Hondarribia A. Etxeko talde nagusia izango da irtetzen azkena, 16.38an.

Gizonezkoei dagokienez, Eusko Label Ligako sei ontzik hartuko dute parte: hiru gipuzkoar (Hondarribia, Donostiarra eta Getaria) eta hiru bizkaitar (Zierbena, Ondarroa eta Isuntza). Oriako Jaitsiera irabazi zuen Bermeok ez du parte hartuko eta, beraz, etxeko ontzia izango da garaipena lortzeko faborito nagusia –azken lau urteetan beraiek izan dira onenak–.

Estropada hondartzan egingo da baina garai batean Kontxako sailkapen estropadarako erabiltzen zen eremuan, bi luzetara. Iaz ez bezala, ikusleek espigoitik jarraitu ahal izango dute proba.