NAIZ

Hilaren 14tik landa txertoaren ziurtagiria ez da baitezpadakoa Ipar Euskal Herrian

Eztabaida biziak eta tentsioak eragin dituen txertoaren ziurtagiri edo pasaportea martxoaren 14an bertan behera geldituko da Ipar Euskal Herriko toki gehienetan.

Otsailaren 28az geroztik maskara ez da derrigorrezkoa ikastetxetako patioetan.
Otsailaren 28az geroztik maskara ez da derrigorrezkoa ikastetxetako patioetan. (Guillaume FAUVEAU)

Urtarrilaren 24an indarrean sartu zen txertoaren ziurtagiri edo pasaporteak protestak eragin ditu Hexagonoan bezala Ipar Euskal Herrian ere.

Izan ere, osasun egoeraren bilakaera baikorrak, alde batetik, eta hauteskunde kanpainaren testuinguruak, bestetik, hilaren 14tik landa agiria bertan behera uztera eraman dute Gobernua.

Hala, bi aste eskasera, ez da gehiago txertoaren agiria erakutsi beharko ostatu, jatetxe, museo, zinema, kontzertu edo kirol gela batean sartu ahal izateko.

Dagoeneko otsailaren 28az geroztik ez da derrigorrezkoa maskara eramatea txertoaren ziurtagiria derrigorrezkoa den toki itxi horietan, garraioan salbu. Martxoaren 14az geroztik saltokietan, enpresetan eta administrazio publiko orotan maskara erabili gabe sartu ahalko da.

Eskoletan musukoa ez zen baitezbadakoa patioetan otsailaren 28tik. Martxoaren 14tik landa ikasgeletatik ere desagertuko dela baieztatu du Hezkuntza Ministerioak.

Erietxe eta egoitzetan, osasun agiria

Aldiz, ez dira neurri guziak bertan behera geldituko. Jean Castex lehen ministroak eginiko iragarpenaren arabera, txertoaren pasaportea ez baina osasun paseak derrigorrezkoa izaten segiko du erietxe edo zahar etxeetan.

Horrek erran nahi du bisitari orok agiri bat aurkeztu behar duela. Osasun pasea eguneratua izateko hiru aukera daude: 24 ordu lehenago beranduenez eginiko PCR edo antigeno test negatibo bat, gaixotasuna jasan dela egiaztatzen duen kutsatze agiria edo txerto pasaportea bera.