Arnaitz Gorriti

Galdutako baloiek eta Coulibalyren lesioak IDK Euskotrenen ahaleginak zapuztu ditu (72-87)

Girona beti joan da markagailuan donostiarren gainetik, baina etxekoak talde katalana gehien estutzen ari zirenean hartu du min Maliko pibotak. Lointek Gerniak Bizkaiak eta Kutxabank Araskik zapatu arratsaldean jokatuko dute Ensino eta Perfumerias Avenidauren aurka, hurrenez hurren.

Marian Coulibaly sano egon den bitartean, IDK Euskotren lehiakorra izan da.
Marian Coulibaly sano egon den bitartean, IDK Euskotren lehiakorra izan da. (Endika PORTILLO / FOKU)

IDK EUSKOTREN 72  - SPAR GIRONA 87

Ez zen lantegi erraza eta azkenean ezinezko izan zaio IDK Euskotreni. Spar Girona hobea da, eta hainbeste baloi galduz gero, 20tik gora, askoz ere zailagoa da, are zailago Marian Coulibalyk orkatila bihurritu eta kantxa utzi behar izan eta gero.

Ezin esan donostiarrek ahaleginik ez dutenik egin, baina beti atzetik joan dira markagailuan eta esfortzu eskerga eginagatik, azkenean talde katalanak eroso irabazteko aukera ere izan du.

Hasiera ezin okerragoa izan da. Izotza baino hotzago ekin diote partidari donostiarrek eta Gironak errukirik gabe zigortu du etxekoen intentsitate falta. Hala, 0-9 aurreratu dira katalanak eta bi minuturen buruan derrigor hutsartea eskatu behar izan du Azu Muguruzak.

Defentsa lanetan ohi baino maila apalagoa eskaini du, izan ere, talde donostiarrak, baina trukean aspaldiko partez erasoan sekulako alaitasuna eta inspirazioa ere erakutsi du. Gironak kalitate gehiago duela ikusi da lehenengo unetik, batez ere hiruko jaurtiketetan erakutsi duen maisutasuna testigu. Frida Eldebrink suediarrak urruneko jaurtiketetan sekulako apunteria erakutsi du eta une batez, Laia Flores antolatzaileak 14-28koa igoarazi duenean, sekulako jipoia erori zitekeela pentsatuko zuen ikusle batek baino gehiagok.

Ez ordea. Gironak berak ere ez du defentsa lan gogorregirik egin, ezta gutxiago ere. Labuckiene eta Reisingerova pibotek pertsonalak bata bestearen atzetik egin dituzte eta ederki baliatu dira hortaz Cvitkovic –pasa den jardunaldiko MVPa Kutxabank Araskiren aurka egindako lan bikainari esker– eta Coulibaly.

Katalanek jokatzen laga diote neurri handi batean IDK Euskotreni, beti ere markagailua beren alde iraulita egoteko baldintzarekin.

Hala aurreneko laurdena 20-28 amaituta, atsedenaldirainoko minutuetan ez da erasoa eta saskiratzea baino izan, defentsa lanak beste egun baterako edo lagata. Zentzu horretan, azpimarragarria izan da Ane Esnal IDK Euskotrenen harri¡obiko jokalariaren lana. Antoatzaile donostiarrak Laura Corneliusen lekua hartu du, arazo fisikoen erruz Herbeheretako antolatzaileak ez baitu jokatu, baina Esnalek bi saskiratze gauzatzeaz gain, taldea gidatzen lan eder askoa ere egin du, normalean izaten dituen baino minutu gehiago merezi dituela erakutsiz Azu Muguruzari.

Tarteka lau puntura ere hurbildu da talde donostiarra, baina Gironak beti erakutsi du erreakdzionatzeko gaitasuna. Onyenwere, Gardner eta Eldebrink inola ere ezin izan ditu gelditu etxekoen defentsako lanak eta hala, tarteka IDK Euskotren hurbil zitekeela pentsatu arren, bigarren laurdena ere katalanek eraman dute. Orotara, atsedenaldira markagailua 44-53 dela iritsi da partida.

Borrokan azken laurdenera arte

Atsedenaldian saiatuko zen Azu Muguruza bere jokalariak prestatzen, baina Gironak hirugarren laurdenari 0-7ko partziala sartuta ekin dio. Momentu baten 18 puntuko aldea ere ireki du alfred Julberen taldeak, 44-62, eta une horretan lehiarik ez zela gehiago izango zirudien.

Baina ez da hala izan. Marian Colubalyk, Lauren Coxek eta andrijana Cvitkovicek barneko joko gogorra osatzen dutela erakutsi dute beste behin, eta Yurena Diazen laguntzarekin, donostiarrek hamar puntuz behetik hurbiltzea erdietsi dute. Are gehiago, pertsonalekin sekulako arazotan sartu dituzte Reisingerova eta Labuckiene.

Tamalez, hirugarren laurdena amaitzear zela, eta uztaipean saskiratze erraz bat lortu behar zuela zirudienean, erori eta orkatilan min hartu du Marian Coulibalyk. Hasieran lesio larriagoa izan zitekeela pentsatu bada ere, antza denez orkatila bihurritua baino gehiago ez da izan, baina Maliko pibotak ezin izan du gehiago kantxaratu.

Hala, eta Cvitkovicek ere laugarren pertsonala egin duela ikusita, Gironak behin betiko alde egitea lortu du, Gardnerren bitartez batik bat. Ahalegindu dira Azu Muguruzarenak, baina azkenean alde nabarmenaz galtzea egokitu zaie.

PARTIDAKO FITXA:

IDK EUSKOTREN: Yurena Diaz (9), Andrijana Cvitkovic (14), Marian Coulibaly (18), Maria España (6) eta Joy Brown (2) –hasierako bostekoa–, Alex Harden (4), Lauren Cox (12), Ane Esnal (5) eta Cristina Soriano (2).

SPAR GIRONA: Laia Palau (4), Julia Reisingerova (9), Rebeka Gardner (21), Frida Elldebrink (20) eta Michaela Onyenwere (11) –hasierako bostekoa–, Giedre Labuckiene (5), Laia Flores (4), Kennedy Burke (9), Binta Drammeh (4) eta Maria Araujo.

Epaileak: Mas Cagide, Marqueta Gracia eta Ibañez Garcia. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 20-28, 24-25, 17-17, 11-17.

Gorabeherak: Emakumeen Endesa Ligako 24. jardunaldiko norgehiagoka, Josean Gasca kiroldegian joaktua. Coulibalyk min hartu du hirugarren laurdenaren amaieran. Laura corneliusek ez du jokatu arazo fisikoak direla tarteko.

Gernikak etxean irabazi nahi du

Lointek Gernika Bizkaiak ez du maloste kiroldegian pasa den otsailaren 2tik hona partidarik irabazi. Artean aurreneko itzuliari zegokion neurketa hura eta bizkaitarrek Leganes hartu zuten menpean, 85-61, baina neurketa hartako azken segunduetan Itziar Ariztimuñok eskuin eskuko hatz bat hautsi zuen eta handik aurrera, antolatzaile bilbotarra falta delako edo auskalo zergatik, ezin izan du etxean partida gehiago irabazi talde gernikarrak.

Azken deskalabrua asteazkenean gertatu zitzaion Mario Lopezek zuzentzen duen taldeari, Teneriferen aurka 67-72 galdu eta gero, nahiz eta 61na luzapena behartu Tinara Moore eta Angie Bjorklunden artean. «Bihotzarekin saiatu gara partida irabazten, bururik une bakar baten ere ez baitugu erabili», bota zuen porrot horren harira entrenatzaile gernikarrak.

Aurrez Perfumerias Avenida edo Valentzia Basketen aurka itxura ona emanda galdu zuen Gernikak, baina Basket Zaragozaren aurka galtzea kolpe gogorragoa izan zen, are gehiago Tenerife, artean Emakumeen Endesa Ligako azken sailkatuaren aurka galtzea.

Astean birritan partida jokatzean, ordea, gauza bat du ona: asteazkenekoa amaitzeaz bat hurrengoa izan behar duela buruan talde bizkaitarrak. Arerioa Lugoko Ensino taldea da. Nolabait esatearren, bizkaitarren bide gorabeheratsua errepikatzen ari da talde galiziarra, baina askoz modu erradikalagoan. Alegia, ez zela Eurocupeko aurreneko fasea pasatzeko kapaz izan eta Ligako azken sailkatuen artean dabilela. Uneotn 8-13 balantzearekin Emakumeen Ligako sailkapenean hamabigarren postuan dago, Kutxabank Araskiren atzean.

Lesioekin sekulako arazoak izan ditu denboraldian talde galiziarrak, eta hala, Tamara Abalderen mailako jokalari batek ia ez du jokatu ere egin edo Maria Erauntzetamurgil hegaleko donostiarrak ez du batere ondo pasatu arazo fisikoak gainditu eta erregulartasun apur bat hartu duen arte.

Galiziarren azken partidan 47-72 galdu zuten Perfumerias Avenidaren aurka, baina otsailaren 26an IDK Euskotreni Josean Gascan irabazteko kapaz izan ziren. Bada, argi ibili beharko dute Mario Lopezenek. Beren eginbeharra ganoraz betetzen ez badute, egun duten zazpigarren postua galtzeko arriskuan izango direlako eta aurkari zuzen berri bat gainera etorriko zaielako.

Salamancan, galtzeko gutxi eta irabazteko ezer ere ez

Lointek Gernika Bizkaiaren partida 18.30ean hasiko bada, Kutxabank Araskik 18.00etan Perfumerias Avenidaren kantxan jokatu beharko du, Emakumeen Ligako liderraren aurka, alegia, Salamancako Würzburg kiroldegian.

Astean zehar Gironari 77-63 irabazi dio Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen duen taldeak Euroligako final-laurdenetako partidan. Bada, nahiz eta lesioekin eta beste arazoak dituen Perfumerias Avenidak, joko puntu bikainean dago Gaztelako taldea.

Emese Hof, Karlie Samuelson –Euroligako partidan orkatila bihurritu zuen, hori bai–, Maite Cazorla eta Silvia Dominguez sekulako joko maila ari dira erakusten eta hori berdintzea izango da gasteiztarren betebeharra.

Kutxabank Araskik ere asteazkenean partida jokatu zuen, eta Cadi La Seuren kantxan 67-63 galdu zuen. Lastima izan zen, arabarrek partida oso txukuna jokatu baitzuten, epaileek saskibaloi partida bat jokatzen laga zuten bitartean. Atsedenaldira 40na berdinduta iritsi zen partida, baina tarterik handienean Kutxabank Araskik eraman zuen ekimena, Leia Dongue eta Tanaya Atkinsoni esker.

Alabaina, atsedenaldiaren ostean partida asko gogortu zen, larregi, eta arabarren kalterako izan zen, hainbat jokalditan falta nahiko argiak adierazteke laga zituztelako epaileek.

9-13 balantzearekin, Kutxabank Araski zortzigarren postutik garaipen bakarrera dago. Esan liteke Salamancan irabazteko gehiago duela galtzeko baino, are gehiago aurreneko itzulian Perfumerias Avenidak Mendizorrotzan 44-92 gasteiztarrei jipoia eman ostean.

Baina egia esan, irabaztekorik apenas daukan Madelen urietak zuzentzen duen taldeak. Partida perfektoa egin eta sorpresa eman ezik, ziurrenik Salamancakoek partida nahi dutenean hautsiko dute. Horren aurrean, arerioa norbera baino eskilara maila bi edo hiru gorago dagoela jakinda, zaila da talde batek daukan onena ateratzea, baina hortan ahalegindu beharko dira arabarrak zapatu arratsaldean.