Asier Aiestaran

Laso eta Ander Imaz dira bigarren finalistak Altuna eta Martijari irabazi ostean (6-22)

Asko nabaritu da Aspekoak jada sailkatuta zeudela eta ez dute beren maila eman. Baikoko bikoteak, aldiz, bere lana oso ongi bete du, hemendik bi astera gaurko protagonista berdinak izango dituen final handira sailkatzeko.

Laso eta Imaz, garaipena ospatzen, Altuna parean dela
Laso eta Imaz, garaipena ospatzen, Altuna parean dela (Jon URBE | FOKU)

Unai Laso eta Ander Imaz izango dira Jokin Altuna eta Julen Martijaren aurkariak hemendik bi astera, apirilaren 3an, Bilbon jokatuko den Binakako Txapelketaren final handian. Baikoko bikoteak 16 tanto egin behar zituen gaur Eibarren finalera sailkatzeko, eta aise lortu dute lehen helburu hori beren mailatik oso urrun geratu diren Aspekoen aurka. Azkenean garaipena ere eurentzat izan da festa borobiltzeko.

Beti horrela izaten ez den arren, gaurkoan asko nabaritu da Altuna eta Martija jada finalerako sailkatuta zeudela. Tentsiorik gabe irten dira kantxara, normalean galtzen ez dituzten pilotak galduz. Laso eta Imaz, aldiz, dena ematera irten dira hasieratik, partidan oso sartuta, eta diferentzia hori berehala nabaritu da markagailuan.

Urdinak 0-2 aurreratu dira hasieran sakez egindako bi tantori esker, aurrenekoa oso ona izan da, baina bigarrena eramatekoa zen eta Martijak gora bidali du errestoa. Hurrengo partzialean 1-5era joan dira Baikokoak, tartean Lasok zein Imazek atzean egindako tantoak egon dira, baina baita Altunak goiko koltxoira bidalitako pilota bat ere. Eta hirugarrengo takadan 2-10era ireki dute zuloa urdinek, Unai Lasoren erremate ederrekin.

Konturatzerako, Lasok eta Imazek oso bideratuta zuten 16 tanto egiteko helburua, eta badaezpada serio-serio jarraitu dute finalerako txartela eskuan izan arte. Atsedenaldiak ez du ezer aldatu eta jokoak berdin jarraitu du, urdinek 5-16koa lortu duten arte. Unai Lasok errebotean sartutako pilotakada batekin heldu dira urdinak mugarrira eta, aurrelari nafarrak zirkinik ere egin ez duen arren, Ander Imazek besoak jasota ospatu du sailkapena.

Ikusteko zegoen urdinek helburua lortu izanak nolabait aldatzen zuen partida edo ez, eta ez du batere aldatu. Imazek oso fin jarraitu du atzean, batez ere defentsan sekulako lana eginez, eta aurrean Unai Lasok kolore guztietako erremateak egin ditu. Guztira 13 tanto izan ditu jokoan eginak eta beste bi sakez.

Azkenean, 314 pilotakada eta 52 minuturen ostean, Laso eta Imazen arteko besarkadak argi erakutsi du bien poza finaleko txartela lortu dutelako.

«Niretzako gauza handia da. Lan asko egin dut hona iritsi ahal izateko eta lan horren saritzat hartzen dut. Unai eta biok pozik geunden egindako txapelketarekin, oso lan ona egin dugula uste dut, baina noski, behin hona iritsita final hori irabazten saiatu behar dugu. Berezia izango da egun hori bizitzea eta gozatzeko unea da orain», adierazi du pozarren harmailetan sekulako bultzada izan duen Ander Imazek.

Unai Lasok, bestalde, onartu du prestaketak beste modu batera egiten saiatu dela Jokin Altunari behingoz iarabzten saiatzeko: «Gauzak prestatuta ekarri ditut eta ongi atera da. Gauzak beste modu batera egin nahi nituen, errutinak apur bat aldatu Jokini irabazteko, eta ongi irten da».