NAIZ

Iñaki Segurola filologo eta idazle azpeitarra hil da, 60 urte zituela

‘Koiteretzia’, Iñaki Segurolaren azken lana.
‘Koiteretzia’, Iñaki Segurolaren azken lana. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

60 urterekin hil da gaur ostiralean Iñaki Segurola, Azpeitiako filologo eta hiztegigilea, eleberri arloan ere ekarpena egin ostean.

Orotariko Euskal Hiztegian egon da lanean bereziki azken urteotan Segurola, baina bestelako lanak erantsi dizkio bere filologia espezialitateari. Esate baterako, ‘Koiteretzia’ eleberria utzi du azken obra gisa. Eta aurretik ‘Sed quia sua’ argiratatu zuen, entsaio lana.

Bertan, Oteizaren ‘Quousque tandem...!’ liburutik jotzen zuen Iñaki Segurolak, euskarak zerbait esan ote lezakeen galderari erantzun nahiean... bai eta lortu ere.

‘Koiteretzia’ eleberrian, berriz, 2020ko martxoaz geroztik bizimoduak izan duen aldaeraz jardu zuen Iñaki Segurolak, pandemiarekiko jarrera ezberdinak dituzten hiru pertsonairen ahotsak bilduz. Gaurkotasun handia gaia landu zuen hil berri den egileak.

Zenbait hedabideetan ere kolaboratzaile gisa jardun zuen eta bere zutabeak idazteko moduak hautsak harrotzen zuela ez zuen izkutatu. ‘Uztarria’ atari digitalari emandako elkarrizketa batean honela ikusten zuen bere jarduna Segurolak: «Nire buruari jartzen diodan titulu bakarra filologoa da; ez idazle, ez pentsalari eta ez ezer gehiago. Ze edozein huskeriagatik jendeak ematen dio haize bat bere buruari... Ez dut horretan erori nahi, eta beti bezala, horretan ere beste muturrean nago. Zer da pentsalari bat, bere gelan sartu eta "orain pentsatu egingo dut" esaten duen norbait? Hori ez da benetakoa, ez da horrela. Ni pitzatuta nago, ez hautsita edo puskatuta. Oso-osoa eta normalegia izanda ere, hemen ez dago ezer, eta pitzatua ere tamainakoa eduki behar da. Pitzatua eta etorria ditut nik, baina ez naiz pentsalari bat».