Arnaitz Gorriti

Emakumeen Ligako play-offetan, euskal taldeek final-laurdenak pasatzea lortuko al dute?

Seigarren amaitu du IDK Euskotrenek eta Girona egokitu. Lointek Gernika Bizkaiari, berriz, Perfumerias Avenida egungo txapelduna. Joaneko eta itzuliko partidak jokatu beharko dituzte igandean eta ostegunean, eta zaila dirudi aurrera egin dezaketenik, baina beti dago sorpresarako tartea.

Marian Coulibaly da IDK Euskotrenen giltzarria.
Marian Coulibaly da IDK Euskotrenen giltzarria. (Endika PORTILLO / FOKU)

Endesa Ligak play-offak hasiko ditu igandean eta bi euskal talde, IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia bertan izango dira. Lantegi oso zaila daukate biek ala biek eta pozgarria bezain harrigarria izango litzateke bietako edozein finalerdietan ikustea, baina itxaropena galtzen den azken gauza izanik, aukeraren bat merezi dute euskal taldeek.

IDK Euskotren vs Girona

Fase Erregularreko euskal talderik onena IDK Euskotren izan da eta hala, seigarren postuan amaitzea lortu du, 17 garaipen erdietsi ostean. Gorengo mailara igo zenetik, Azu Muguruzaren taldeak sekula ez du hainbeste partida irabazi, ezta hain itxura onik eman ere gorengo taldeen aurka. Ikusi besterik ez dago Kopako final-laurdenetan Perfumerias Avenida, azkenean txapeldun suertatu zen taldea, zeinen estu hartu zuen talde donostiarrak, edo Gironaren aurka egindako partida txukunak. Lastima bakarra zera da: Leganesen etxean 66-65 edota Kanaria handiaren etxean 67-58 galdutako neurketa horiek. Hankasartze bi horietatik bakarra saihestu ahal izan balu talde gipuzkoarrak sailkapeneko bosgarren postuan amaituko zukeen eta Cadi La Seu izango zitzatekeen final-laurdenetako arerioa, Spar Girona izan beharrean.

Ligako hirugarren sailkatua, Alfred Julbe handiak zuzentzen duen Girona, izango baita IDK Euskotrenen arerioa final-laurdenetako kanporaketan. Igande eguerdiko 12.00etan Josean Gasca kiroldegian jokatuko dute kanporaketako joaneko partida eta itzulerakoa –final-laurdenak eta finalerdiak puntu gehien sartzen dituen taldearen alde erabakiko baitira–, berriz, datorren ostegunean 20.00etan Katalunian. 

Donostiarren eta katalanen arteko aurtengo partida biak Gironak irabazi ditu. Hori bai, aurreko urteetan baino askoz alde txikiagoarekin nagusitu dira katalanak eta hor gipuzkoarren lanak badu zeresanik. Esaterako, 80-70 nagusitu zen Girona bere etxean, aurreneko laurdenean 28-10 aurreratu eta gero.

Azaroaren 21ean jokatu zen neurketa hau eta aipagarria da artean Lauren Cox pibot estatubatuarra Donostiara iritsi gabe zegoela. Sekulako jauzia eman du Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearen jokoak Lauren Cox fitxatuz geroztik. WNBAn sarri aritzen den jokalaria da eta zenbait osasun arazo ez balitu –diabetikoa da, esaterako–, akaso Euroligako talderen batek aspaldi eramango zukeen.

Batez beste 9,8 puntu eta 6,3 errebote pilatzeaz gain, Lauren Coxek zuloak irekitzen ditu; 1,93 metroko emakumea izan arren, uztaipetik ez ezik, urruneko jaurtiketei esker ere min ematen daki eta beti ondoan aurkari bat behar duelako, gainontzeko taldekideek leku gehiago daukate aurkariei min emateko.

Cox iritsi bitartean, Marian Coulibaly izan da IDK Euskotrenen erreferente nagusia. Orotara, 15,3 puntu eta 8,7 errebote lortu ditu Maliko pibotak eta neurketak estu daudenean nabari da Coulibaly falta bada bada.

Esaterako, Gironaren aurka zeresan handia izan du Coulibalyk neurketa bietan. Joaneko partidan 15 puntu eta 7 errebote lortu zituen Malikoak, aurrean Reisingerova edo Labuckiene lako pibotak aurrean izanagatik.

Itzulerako norgehiagokan, Donostian 72-87 nagusitu zen talde katalana, hor ere aurreneko laurdenean hanka egin eta gero. Alabaina, hirugarren laurdeneko azkenera arte zutik iraun zuten Azu Muguruzarenek; Coulibalyk orkatila bihurritu eta partida bertan behera utzi behar izan zuen arte, alegia. Min hartu zuen arte 18 puntu eta 6 errebote pilatu zituen Malikoak.

Donostiarrek uztaipean min handiagoa eman diezaiokete Gironari kanpotik baino. Lauren Cox, Coulibaly eta Andrijana Cvitkovicek osatzen duen hirukotea oso da indartsua, eta uztaipetik bezala kanpotik ere eragingarria da. Aurrean, esan esan bezala, Reisingerova, Labuckiene eta belauneko lesio larri bat atzean utzi eta gero, bere maila berreskuratzen ari den Maria Araujo izango dituzte.

Ez ordea Michaela Nyenwere; bere garaian Alfred Julbek Gironaren uztaipeko jokoaren agintea eman zion Nigeriako jokalariari, baina honek Fase Erregularra amaitu aurretik taldea uztea erabaki zuen eta zentzu horretan, nahiz eta azkenaurreko jardunaldian Perfumerias Avenida berbera menpean hartu, baliteke IDK Euskotrenen barruko jokoaren aurrean sufritu ahal izatea.

Bestalde, Azu Muguruzarenek kanpotik ere nahitaez min eman beharko dute, final-laurdenetan aukerarik izatea nahiko balute. Yurena Diaz eta Laura Corneliusek osatzen duen antolatzaile bikoa fina da, baina aurrean Laia Flores eta Laia Palau –azken honek ia 43 urte izanagatik– aurkituko dituzte, baita hala behar izanez gero ere antolatzaile lanak egin ditzakeen Frida Eldebrink suediarra ere. Antolatzaile donostiarrek badute, beraz, nahikoa lan aurrez aurre topatuko dituztenen aurkako buruz burukoan.

Alabaina, hegalekoetan dago alderik handiena. Hasteko eta bat, Fase Erregularrean MVP saria eskuratu duen Rebeka Gardner aurkituko dute gipuzkoarrek: 14,7 puntu, 5,7 errebote, 2,3 asistentzia eta ohostutako bi baloi batez beste lortzen ditu hegaleko estatubatuarrak. Araskiko jokalari ohia izan zen Bita Drammehk –Joy Adamsekin batera aritu zen Gasteizen hegaleko suediarra– eta Kennedy Burke estatubatuarrak –15,1 puntu eta 6,1 errebote partidako– gaitasun fisikoa ematen dio talde katalanari.

Horren aurrean, Ane Esnal, Maria España, Joy Adams eta Alex Hardenek zer egingo zain dago IDK Euskotren. Maria España da donostiarren artean jaurtitzaile finena, Laura Corneliusekin batera, eta Adams eta Hardenen artean indar fisikoa ematen diote Azu Muguruzaren taldeari. Tamalez, guztiak ere oso irregularrak dira eta puntu asko egindako neurketekion batera, inola ere asmatu ezinik dabiltzala ikustea ez da batere harrigarria.

Ondorioz, normalena Gironak aurrera egitea izan beharko luke, baina presiorik ez izateaz gain, IDK Euskotrenek talde katalanari aurre egiteko tresnak eta jokalari egokiak badituela egia da ere. Kopan bertan Perfumerias Avenidaren aurka sekulako ezustekoa ematear izan ziren Azu Muguruzarenak eta orduko eskarmentuak ikasteko balio izan badie, gutxienez ostegunean Fontajau kiroldegian jokatuko den neurketara alde apur bat hartuta joatea ez litzateke ezinezkoa.

Lointek Gernika Bizkaia vs Perfumerías Avenida

Gernikako taldea play-offetarako sailkatu da eta ez da gutxi. Iaz ere kanporaketetan Salamancako taldeak bota zuen atzera, baina orduko hartan finalerdiak ziren, bizkaitarrek Ligan sekula lortu duten sailkapenik onena alegia. Aurten azken ordura arte borroka egin behar izan dute Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak Fase Erregularreko zortzigarren postua nolabait eskuratzeko. Bada, oso egiteko zaila dauka Lointek Gernika Bizkaiak gaur egun Ligako eta Kopako txapeldun den taldearen aurka.

Zortzigarren postua 14 garaipen erdietsi ostean lotu du talde bizkaitarrak, ia azkenera arte play-offetan sartuko ote zen argi ez bazegoen ere. Zentzu horretan, covid-19arekin izan dituen gorabeherak aintzat hartzeko modukoak izan dira. Abenduaren erdialdetik urtarrilaren azkenera arte ia partidarik jokatzeke egon da talde gernikarra, ez bada urtarrilaren 4ko Eurocupeko segada madarikatu hura Mersin Çukurovaren aurka.

Denboraldia bera oker hasi zen bizkaitarrentzatk, Gaby Meskonyte hegaleko lituaniarrak ezin izan baitu partida bakar bat ere jokatu ebakuntza jasan zuen belauneko lesioa berritu egin zitzaiolako. Horrez gain, covid-19aren erasanaren erruz, «bi denboraldiaurre» egin behar izan dituzte –Roso Buch antolatzaile katalanak hedabide honi aitortu zion bezala– eta hori gutxi balitz, aurreneko itzulia amaitzear zela Itziar Ariztimuño lesionatu zen, antolatzaile postua kili-kolo lagata, Roso Buch beraren eta Roselis Silva venezolarraren esku.

Hori guztia gutxi ez eta, pasa den asteartean Marta Alberdik min hartu zuen Gironaren aurka eta Angela Bjorklundek, lesionatuta hau ere, ez zuen jokatu. Zein talde modu aterako du Mario Lopezek domekan Malosten 19.00etan hasiko den norgehiagoka jokatzeko? Datorren ostegunean 20.30etan Salamancan talde osoa –edo erdia baino gehiago behintzat– jokatzeko moduan izango ote da?

Arazoak arazo, esan genezake Lointek Gernika Bizkaiak partida bikain askoak ere jokatu dituela; Çukurovaren aurka Malosten 25 puntuko aldeaz irabazi zuten hura, esaterako, Gironari Fontajau irabazi zioten hura, edo Kopako final-laurdenak, zeinetan Irati Etxarriren Cadi La Seu atzean uztea lortu baitzuten.

Dena dela, jarraitutasun falta nabaria izan du talde bizkaitarrak aurten. Iaztik hona Nadia Colhado eta Nogaye Lo pibotak galtzeak kalte egin dio sarritan Mario Lopezen taldeari, Melisa Brcaninovic eta Tinara Moore fitxaketa berriek maila badutela erakutsi arren. Errebotea zaintzeko orduan sekulako arazoak izan ditu talde bizkaitarrak –sarritan Belen Arrojok egin du erreboteak pilatzeko lan zikin hori, baina Granadako hegalekoak oso izaera fisiko meharra dauka eta jokalari sendoagoen aurka asko sufritzen du– eta Itziar Ariztimuño gabe, Roso Buch antolatzaile postura pasa behar izan da, hain gustuko duen «combo guard» izaerari muzin eginez. Aldiz, Roselis Silvak ere behar baino baloi gehiago galdu ditu bidean, batez ere aurkarien presioa gogortu denean.

Perfumerias Avenida aurten ere Euroligako Lauko Finalera iritsi da Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzaile gasteiztarraren aginduetara, eta hori esanda bakarrik nahikoa litzateke Salamancako taldea faborito nagusi dela esateko.

Kopako finalerdietan, hala ere, bizkaitarrek duintasunez egin zieten aurre: azken emaitza 72-56 izan bazen ere, hirugarren laurdeneko azken aldera arte bertan eutsi zuten Mario Lopezenek Tinara Moore eta Lashann Higgsen eskutik eta Fase Erregularrean ere, partida bietan galdu arren, denetarik izan da. Joaneko norgehiagokan, Salamancan, 70-47 galdu zuten gernikarrek, aurreneko laurden txukuna egin eta gero gainetik pasa zitzaielako etxeko taldea. Malosten, aldiz, gauzak ondotxo estuago joan ziren eta Salamancakoen irabazi zuten arren, gogotik lan egin behar izan zuten azkenean 56-62 nagusitzeko, nahiz eta aurreneko laurdenean 11-22 galtzen atera.

Azken aldian gainera Salamancako taldeak Katie Lue Samuelson berreskuratu du, arazo pertsonalak eta lesio bat tarteko Estatu Batuetara joanda egon eta gero. Emese Hof, Fasoula, Katie Lue Samuelson eta Nogaye Lo Gernikako jokalari ohiaren artean, bizkaitarrena baino barruko joko indartsuagoa dute. Zer esan Maite Cazorla eta Silvia Dominguezek osatzen duten antolatzaile pareari buruz. Kanpotik jokatzeko berriz, Kahleah Copper –senitarteko bi hil bazitzaizkion ere, Kopan egon ahal izan zen hegalekoa–, Leonor Rodriguez, Andrea Vilaro eta Karlie Samuelson –Samuelson ahizpetan zaharrena– sekulako bateria dauka Roberto Iñiguez de Herediak.

Zer egin lezake Lointek Gernika Bizkaiak horren guztiaren aurrean? Ahalik eta itxura duinena eman. Galtzekorik ez dauka eta asteartean erakutsi zuen Gironaren aurka lehiatzeko adina gaitasun badutela Mario Lopezenek, ez baitira alperrik play-offetan sartu.

Gainontzeko kanporaketetan, badirudi Valentziak –Raquel Carrera eta Angela Salvadores berreskuratuta, gainera– Estudiantesekikoak erraz egin behar dituela, eta akaso zalantza handiagoa izango da Cadi La Seuk –nahiz eta Irati Etxarrik berak konfirmatu duen jokatzeko moduan dagoela– Basket Zaragozaren aurkako final-laurdenean.

Dena dela, zaila dirudi aurten ere Perfumerias Avenida eta Valentzia Basketen arteko finala saihestea, Gironaren baimenarekin. Finalerdietan euskal talderen batek pasatzea lortuko balu...