Asier Aiestaran

Laso garaiz berpiztu da Altuna menderatu eta Nafarroa Arenako finalera sailkatzeko (17-22)

Aurrelari nafarra 15-10 eta 17-13 galtzen egon da, baina azken txanpan bederatzi tanto segidan egin ditu garaipena lortzeko. Jokin Altunak normalean baino opari gehiago egin ditu eta bizia eman dio aurkariari.

Unai Laso, garaipena ospatzen
Unai Laso, garaipena ospatzen (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Unai Laso da Buruz Buruko Txapelketaren lehen finalista, Jokin Altunari 17-22 irabazi eta Nafarroa Arenako finalerako txartela eskuratuz. Aurrelari nafarra 15-10 eta 17-13 galtzen egon da, baina garaiz esnatu da eta bederatzi tanto segidan eginda lortu du azkenean amezketarra menderatzea.

Ez da partida bete-betea izan. Aurreko neurketa batzuetan baino opari gehiago egin dizkiote elkarri –Altunak bederatzi pilota galdu ditu eta Lasok bost–, eta jokoak ez du horrenbesteko dizdirarik izan. Baina tanto gogorrak asko izan dira eta emozioa ere izan du Bizkaia pilotalekuko norgehiagokak.

Unai Laso izan da ongien sartu dena partidan, 1-5 aurreratuz. Hori bai, lehen tantoa dejada batekin egin duen arren, ondoren Altunaren bi huts –horma-bikoa zabaleta eta gantxoa txapara– iritsi dira. Sakez egindako beste bi tantorekin –bigarrena Altunak gaizki errestatu duena– abantaila polita hartu du nafarrak.

Baina sakea berreskuratu duenean, amezketarra izan da jokoaren erritmoa markatu duena. Sakearekin asko asmatu du lehen zati horretan gipuzkoarrak eta zazpi tanto jarraian eginda 8-5 aurreratu da. Tarte horretan izan dira tanto apartak, 7-5ekoa adibidez: Altunak bikain amaitu du atzean 21 pilotakadaren ondoren.

Laso presaka antzean aritu da une batzuetan, eta Jon Mariezkurrenak behin eta berriro eskatzen zion tantoa lantzeko, pilota atzeratzeko, kolpez aurkaria baino gehiago zelako. Bide horri jarraituz, eta beste hainbat tanto gogorren ostean, neurketa berdintzea lortu du 10-10ekoan.

Baina sentsazioak ez ziren onenak Lasorentzat. Beste askotan gertatu izan den bezala, irudipena zen Altunak errazago lortzen zituela tantoak eta Lasori, aldiz, askoz gehiago kostatzen zitzaiola markagailuan gora egitea. 10-10eko horretatik, adibidez, Altuna 15-10ekora igaro da erremate ederrak sinatuz: 11-10ekoa pilota irekiz, 12-10ekoa txokoan dejadarekin, 15-10ekoa sake-errematean…

Amezketarrak garaipena oso bideratuta zeukala zirudien 17-13koa lortu duenean, Laso jota utzi duen enegarren tanto gogorraren ostean.

Ekaitz perfektua Lasoren alde

Baina hurrengo tantoan Jokin Altunak oso gutxitan egiten dituen oparietako bat iritsi da, aurrean harrapatu duen pilota argi bat zuzenean zabalera bidali duenean. Eta hortxe hasi da Unai Lasoren berpiztualdia.

Sakearekin lehen erdian baino askoz gehiago asmatuz, batez ere pilota ezker horman sartu duelako, bigarren pilotakadari etekina atera ahal izan dio nafarrak, eta arriskatu duenetan ere jokaldiak ongi atera zaizkio –lurretik botatako horma-biko bat, txapa gainean ozta-ozta jo duen errematea…–. Gainera, Altunak berak ere beste opariren bat egin dio, eta faktore horiek guztiak batuta 0-9ko partzial bat sinatu du Lasok, zuzen-zuzenean 17-22ra joateko.

Azken tantoa egin duenean atera zaion irribarreak eta Mariezkurrenarekin nahiz Txema bere aitarekin eman dituen besarkadek argi erakutsi dute Lasorentzat gaur irabazteak zuen garrantzia. Bere lehen finala izango da Buruz Buruko Txapelketan, Nafarroa Arenan jokatuko da gainera finala, behingoz Jokin Altuna menderatzeko gai izan da…

«‘Sinistu egin behar da’, pentsatu dut eta gaur azkenean atera da», adierazi du pozik Lasok neurketa amaieran. «Burutik gauza asko pasatzen dira une zail horietan, baina zentratu egin naiz. Tantoa gogortu egin dut eta ‘beste bat gehiago, beste bat gehiago’ esaten nion nire buruari», gaineratu du. «Oso pozik nago nire jendearengatik, finalaz etxean gozatzeko aukera izango dutelako».

Altunak, bere aldetik, ez du aitzakiarik jarri nahi izan. «Ni baino hobea izan da eta zoriondu besterik ez dago. Egia da opari asko egin dizkiogula elkarri. Ni aurreratu naizenean bere opariengatik izan da, eta gero nik ere asko egin ditut. Baina ez da aitzakia, beste batzuetan niri tokatu zait irabaztea eta gaur bera hobea izan da», aipatu du, atseden apur bat hartzeko beharra daukala gaineratuz.

Pilotakadak: 270. Iraupena: 73 minutu eta 56 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-5, 8-5, 8-7, 10-7, 10-10, 15-10, 15-12, 16-12, 16-13, 17-13 eta 17-22. Sakez: 4 Altuna III.ak eta 5 Lasok. Jokoan egindakoak: 8 Altuna III.ak eta 8 Lasok. Galdutakoak: 9 Altuna III.ak eta 5 Lasok. Gorabeherak: Sarrera polita eta giro ona Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Gorka lehengusua izan zen Altunaren botileroa eta Mariezkurrena Lasorena. Lehen sakea, gorri.