NAIZ

Bera Berak beste garaipen batekin itxi du denboraldia; Zuazok galdu egin du Valladoliden

Eskubaloiko Ohorezko Mailan azken jardunaldia jokatu da larunbat honetan eta Bera Berak denboraldia hasi bezala bukatu du: irabazten. Rocasa garaitu du Telden, ikasturtea aho-zapore onarekin agurtuz. Zuazok, bestalde, zortzigarren postua eskuratu zezakeen Valladoliden baina azkenean porrota jaso du.

Mariane Fernandes, arerio bati iskin egin nahian.
Mariane Fernandes, arerio bati iskin egin nahian. (ROCASA)

Bera Berak 27-33 garaitu du Rocasa denboraldiko azken partidan. Ikasturtea hasi bezala agurtu dute donostiarrek, irabazten, eta aho-zapore onarekin joango dira oporretara. Estu hasi da partida nahiz eta kasik beti gipuzkoarrak markagailuan aurretik joan diren. Atsedenaldiraino, aldea oso txikia izan da –bi golekoa, askoz jota– eta beraz, guztia bigarren zatian erabakitzeko zegoen.

Biek ala biek ezer gutxi zuten jokoan eta agian horregatik, gol asko ikusi dira lehen zatian. Ez da ohikoa izatean atsedenaldirako Bera Berak 16 gol jasotzea, ez eta berak 17 egitea arerio indartsu bati. Kontuan hartu behar da, Rocasak duela pare bat astea European Cup txapelketa irabazi zuela, finalean Malaga mendean hartuta.

Bigarren zatian ere kosta zaie donostiarrei aldeak handitzea. Manu Pizzo –Bera Berako jokalari ohia, hain zuzen ere– bi minuturako kanporatu dutenean ikusi du aukera Imanol Alvarezek gidatzen duen taldeak. 0-4eko partziala ezarri du zortzi minutuan –aurretik egindako bi golak batuta, 0-7koa–, Malena Cavoren eta Laura Hernandezen bina golekin. Alacanteko jokalaria izan da partidako golegile nagusia 8 golekin.

Lehen zatian Hernandezekin batera, Cesareo, Maitane Etxeberria eta Mirene Moreno nabarmendu dira ate aurrean.

Zuazo, saririk gabe

Zuazok, bestalde, saririk gabe agurtu du denboraldia. Aula Valladoliden etxean 33-28 galdu du bizkaitarrek eta beraz, zortzigarren postuak ihes egin die. Hedabide honi emandako elkarrizketan taldeko kapitain Alba Sanchezek adierazi legez, taldearen lana islatuko luke zortzigarren postuan bukatzeak.

Gertu izan dute barakaldarrek, lehen zatiko momentu gehienetan markagailuan aurretik joan baitira. Hiru goleko aldea ere ireki du bi alditan (7-10, 21. minutuan eta 9-12, 24.enean). Azken hatsean, baina, etxekoak estutzen joan dira eta Jimena Lagunak berdinketaren gola egin du (14-14).

Bigarren zatia berdinduta hasi badute ere, Gaztela-Leongo taldea erosoago moldatu da. Horren isla, 37. minututik aurrera irekitzen hasi den aldea. Hiru goleko diferentzia lortu duenean, abantaila mantentzea lortu dute eta azken txanpan, 6-3ko partzialarekin garaipen erosoa erdietsi dute zortzigarren postuan bukatzeko.