Oihane Irazu
Entrevue
Zaloa ALDATZ
Abusu ikastolako gerentea

«Proiektu honek ez dauka toperik, etorkizuna daukagu»

Bi urteko geldialdiaren ostean, bueltan da berriro Ibilaldia, oraingoan Bilboko Abusu Ikastolak antolatua. Hasierako beldurren ondoren, Zaloa Aldatz gerenteak gogotsu ikusten du jendea. Bera ere ilusioz beteta eta hunkituta dago auzolan horren, guraso eta ikasleen parte hartze horren aurrean.

Zaloa Aldatz.
Zaloa Aldatz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bi urte zail hauen ondoren, zer giro eta zer animo egon da Abusu Ikastolan jai handi hau antolatzeko orduan?

Giro itzela. 2021eko martxoan hasi ginen antolakuntzarekin. Lehenengo, leloa eta logoa ipini genituen gure aurrean. Zelako logoa eta leloa nahi genituen? Hori aukeratzeko, guraso eta ikasleekin elkartu ginen eta erabaki hori hartzeko saio bat gauzatu genuen eta parte hartze horretatik atera zen “Erro, harri, har”. Gogotsu gaude; oso urte zailak izan dira, benetan. Pandemia osteko lehen Ibilaldia gurean egiteak beldurra ekarri zigun. Beldurra geneukan antolatzen hasi ginenean, jendearen jarrera zein izango zen ez genekielako. Jendea mugitzea eta aktibatzea bi urtez geldirik egon eta gero, zeozer zaila izango zela pentsatzen genuen. Baina urte osoan egin ditugun jardueretan ezetz ikusi dugu. Oso gogotsu ikusi ditugu.

Egia da, gabonak arte eta Covid olatuak zirela eta, ekitaldi eta jarduera asko bertan behera utzi behar izan genituela, baina gabonetatik aurrera dena normaltasunez joan da, eta erantzuna ezinhobea izan dela esan dezakegu. Oso pozik gaude, Bizkaiko ikastoletako jaia delako, eta hortaz, Bizkaiko ikastola guztietatik datorrelako jendea laguntzera hainbat arlotan: txosnetan, antolakuntzan, garbiketan... Auzolan potentea da, eta esan dudan moduan, parte hartze hau oso polita izaten ari da. Ikusten ari gara duela hiru astetik zer giro sanoa dagoen.

Finantziazioa lortzeko egiten da jaialdia; hori argi dago. Baina helburuetariko bat euskara bultzatzea da. Abusu auzoa ez da oso euskalduna, eta Abusu euskalduntzea, Bizkaiko jende guztiarekin, oso polita izango da, hemen zailtasun asko ditugulako, baina erakustea eta euskaraz gozatzeko aukera hori ematea oso interesgarria da. Abusu Ikastolan, familia batzuk euskaltzaleak dira eta beste batzuk, ez hainbeste.

Bi urte hauetan nolabaiteko hausnarketa egin duzue jaialdi hauen helburuen inguruan?

Bai. Argi genuen ez genuela jai normala nahi. Beste herrialde batzuetan, Gipuzkoan adibidez, buelta eman diote jaiaren ereduari, eta hori hemen egiteko daukagu, baina pandemiak ez digu utzi. Aldi berean, gazteen aisiaren inguruan hausnarketa sakona egin dugu. Programa erakargarria den arren, ez daude talde potenteak, ez ditugulako horrelako aisialdira erakarri nahi. Oso arduratuta gaude gazteen aisiarekin.

Argi izan dugu, baita ere, Ibilaldi hau antolatzeko orduan, ezin dugula ihes egin gazteek entzuten duten musikatik. Guk geure garaian entzuten genuenak eta gaur egun gazteek entzuten dutenak ez dute zerikusirik, eta horregatik, Kai Nakai abeslari regetoiarra eta euskalduna ere gurean egongo da.

Beste alde batetik, umorea ere ez da faltako, Bocabeats Comedia eta Imanol Ituño magoarekin. Umorea euskaraz posiblea da.  

Euskararen aldeko jaia ez ezik, hezkuntza sistema propio eta herritar baten aldeko jaia ere bada Ibilaldia?

Hala da, bai. Ezin dugu ahaztu ikastolok beti euskara oinarri moduan aintzat hartuta egin dugula lan, eta Euskal Herria, zazpi herrialdeekin, hartzen duen hezkuntza proiektua gauzatzea dela helburuetariko bat. Ausartak izan behar dugu; saihestu behar dugu dikotomia publiko-pribatu hori; argi dugu ikastolak zerbitzu publikoa ematen duela. Ezin dugu lotsatu, eta argi izan behar dugu Ibilaldiak helburu ezberdinak dituela, eta finantziazioa gure hezkuntza proiektua aurrera eramateko barne dagoela.

Aurreko edizioekin alderatuta, berritasunik izango al da aurtengo Ibilaldian antolaketari eta ekitaldi-eskaintzari dagokienez?

Duela 21 urte egin zen azkenengo aldiz Abusun Ibilaldia. Gogoan dut hemen lanean ibili nintzela Santutxuko Karmelo ikastolako ikasle izanda. Egia esan, zirkuitu aldetik antzekoa izango da. Eztabaida handia izan genuen auzotik atera behar genuen edo ez erabakitzeko, eta azkenean gunerik potenteena auzoan mantenduko dugu. Ibilbidea nahiko berdintsua da 2001ekoarekin alderatzen badugu; eskaintza gaurkotuarekin, noski. Eta zelan ez, nabarmendu beharreko berritasun bat: garraio publikoa. Izan ere, martxotik tranbia atean daukagu: aukera ezinhobea da Bilbo erdian bost minututan jartzen gaituelako. Abusu Ikastola Abusun dago: hemen inguruan ez dago apakalekurik, eta hortaz, oso mugatuta gaude. Horregatik garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dugu. Ez dago aparkalekurik.

Zer suposatzen du Abusu Ikastolarentzat aurtengo Ibilaldia egiteak?

Lan karga itzela, baina benetan oso positiboa izan da. Oso esperientzia polita izan da lehen unetik. Esan dudan bezala, garai gogorretatik gatoz, eta jendea hurbiltzea, auzolan hori, guraso eta ikasleen parte hartze hori, hunkigarria izan da, eta oso positiboa. Ilusioa da hitza. Proiektu honek ez dauka toperik, etorkizuna daukagu, nahiz eta demografia aldetik gogorra izango den… Gauzak hobetzeko askotan baliabideak izaten dira mugak, baina gure proiekturako baliabideak lortzea itzela izango da eta bide bat, noski, Ibilaldia gurean egitea da.

 

Familien eta herriko sektore batzuen nahiagatik sortutako guraso kooperatiba

Abusu Ikastolak gaur egun duen eskaintza 0tik 16 urte bitartekoa da. Bi eraikin ditu, Ibaizabal ertzeko antzinako irin fabrika historikoa zena, eta 2013. urtean zabaldu zuen eraikin berria. 700 ikasletik gora, 500 familia eta 60 langile inguruk osatzen dute Abusu ikastola kooperatiba elkartea.

Izan ere, beste hainbat ikastola bezalaxe, familien eta herriko sektore batzuen nahiagatik sortu zen; heziketa proiektu propioa behar zela uste zuten, euskal kultura bermatuko zuena, eta aberastuko zuten beste kulturetara zabalik.

Kooperatiba da Abusu Ikastola, 1977. urtean sortutako guraso Kooperatiba. Ikastolaren kudeaketa familien, ikasleen eta profesionalen arteko elkarlanean eramaten dute aurrera.

Abusu ikastolaren izaeran berrikuntzak ere leku garrantzitsua du: «Guretzat ez dago behin-betikoa denik; hezkuntza arloan hobekuntza, berrikuntza eta aldatzeko gaitasuna beharrezkoak direla erakutsi nahi dugu».

Ikastolen mugimenduaren partaidea da sortu zenetik, Ikastolen Elkarteko kidea da. Ikastolen mugimenduan txertatua egoteak sare zabal batean lan egitearen abantaila guztiak ematen dizkie: administrazioen aurrean babesa, metodologia aurreratuenetan aitzindariak izatea, ikastolak berak ikasmaterialak sortzea, irakasleen eta administrarien etengabeko prestakuntza, proiektu berritzaileetan esku hartzea…
Ikastolak Euskal Herri osoa hartzen duen erakundean bilduta daude, Euskal Herriko ikastolen elkartea Europar Kooperatiba, helburu zehatz batekin: Euskal Eskola eraikitzea.