Arnaitz Gorriti

«Orain, zer?» Alex Mumbru eta Bilbao Basketen agurra 13 urteko kapitulu arrakastatsu bati

Valentzian omen da Badalonakoaren etorkizuna, baina ikusteko dago oraindik. Bestalde, talde bilbotarrak erabaki egin beharko du Javi Salgado entrenatzaile buru izango ote den ala beste norbaiten alde hautua egingo duten, Mumbruren apustua inork uste baino hobeto atera eta gero.

Isabel iturbe, Alex Mumbru eta Rafa Pueyo. Denek dute zeregina hemendik aurrera.
Isabel iturbe, Alex Mumbru eta Rafa Pueyo. Denek dute zeregina hemendik aurrera. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Inork ere ez zuen galdetu Alex Mumbruren agurreko prentsaurrekoan. «Eta orain, zer?» Zurrumurrua baino gauza sendoagoa dirudi Valentzia Basketek fitxatu nahi omen duela Mumbru, nahiz eta Valentzia Basketen inguruko zurrumurruekin liburu oso bat bete daitekeen egunotan. Inork ere ez zien galdetu Isabel Iturbe eta Rafa Pueyori «eta orain, zer?» Javi Salgadok hartuko al du Alex Mumbruren lekukoa? Astelehen goizean uneren baten aipatu zen Porfi Fisac izango da hautatua –Zaragozara itzuliko dela dirudi, baina zeinek jakin–, Natxo Lezkano, Gonzalo Garcia de Vitoria... edo beste norbait izango al da aukeratua?

«Orain, zer?» galdetzea baino ez da geratzen Alex Mumbru joan den honetan, nahitaez etapa berri bat hasten baita Bilboko taldean, baina baita Alex Mumbrurentzat ere.

2009an Bilbora iritsi zenean 30 urte eginda zeuzkan hegaleko katalanak, Munduko txapeldun eta olinpiar jokoetan zilarrezko domina irabaztea zer zen bazekien eta Joventut eta Real Madrilekin karrera jantzia burutu ostean, nolabait esatearren «bigarren lerrotik aurrera» egin gura zuen talde batera etorri zen.

Txus Vidorreta agintean zela ez zen Mumbru eta Indautxukoaren ezkontza onegirik suertatu, baina Fotis Katsikaris, Axel Hervelle, Aaron Jackson eta Raul Lopez elkartzeak, Bilbao Basketi goranzko bidea erakutsi zion eta Alex Mumbruri, berriz, «hirugarren bide» baten bitartez goraino itzuli zitekeela beste behin.

Hala etorri ziren 2010/11 denboraldiko ACB Ligako finala jokatu ahal izatea eta 2011/12 sasoiko Euroliga, baita 2012/13 denboraldian Eurozupeko finala jokatzea ere. Beltzezko gizonen egunik zoragarrienak ziren; kantxa berria, «Miribilla Efektua», ACB Ligan eta Euroligan Real Madril edo Baskonia atzean lagatzeko gaitasuna eta, Gorka Arrinda garai hartan Bilbao Basketeko akziodun nagusi –eta jokalari guztien agente– zenaren hitzetan, «Eurocup txiki geratu» omen zitzaion Bilboko taldeari.

Han zegoen Alex Mumbru. Gero eta bilbotartuago; gero eta bilbotarrago, gero eta identifikatuago Bilbao Basketeko kapitain gisa, sekula beste koloreren batekin jantzi zela ahazteko ere.

Ametsa amesgaizto bihurtzeko unea ere bertan zen, ordea. Diru galerak, patrozinatzaile falta edo Uxue lako sosik gabeko patrozinatzaileak; ordainketa etena, jokalariek grebara joateko mehatxua, Real Madrilen aurka 2014ko martxoaren 23 hartan malkoak eta amorrua izan ziren, txalo zaparrada baten erdian zorretan itota zirudien Bilbao Basket hark akaso azkenengo partida jokatu zuelako. Real Madrileko jokalariek ere pasabidea ireki zioten talde bilbotarrari, azken omenaldi gisa edo...

Han zen Alex MUmbru, kapitain eta bozeramaile. Astebete beranduago, greba bertan behera laga zuten bektzezko gizonek. «Honek aurrera joko duela zenbait berme jaso ditugu. Konfidantza kontu bat da hau, klub hoau aurrera aterako dela», esan zuen Alex Mumbru berberak 2014ko martxoaren 30ean.

Nahiz eta IMQren balizko babesletza azkenean ustela suertatu zen, zuzendaritza aldaketa sakonak eta, batez ere, Gorka Arrindak bere akzioak «oparitu» izanak aurpegia aldatu zion Bilbao Basketi, nahiz eta 2014ko uda hartan epaileek erabaki behar izan zuten talde bilbotarrak bazuela ACB Ligan lehiatzeko eskubidea.

«Jeitsi ginen unea izan da guztietan txarrena», esan zuen hala ere Badalonakoak bere agurreko prentsaurrekoan. «Zaleei iruzur egiten ari ginelako sentsazioa geratu zitzaigun maila galdu genuenean». Inork baino hobeto berak daki zer jazo zen 2017/18 denboraldi hartan: aldaketa asko bai jokalari nola entrenatzileei dagokienez –bederatzi jardunaldiren ostean bota zuten Carles Duran eta honek ia hilzorian zirudien Joventut salbatu zuelako jeitsi zen Bilbao Basket Urrezko LEB Ligara–, esperimentu ugari sekula ACB Liga zapaldu ez zuten jokalari askorekin –Redivo, Ricardo Fischer, Shane Hammink, Michael Gladness...– eta zulora azkenean, baita, nolabait esatearren, desagertzeko zorira ere. 

Desagertzeko zorian izateaz gain, ACB Ligako «guardia zaharrak» agur esaten zuen: Hervelle Charleroira, Mumbru entrenatzaile aulkira, inolako eskarmenturik izan gabe. Neurri baten, bere garaian ordaindu gabe utzitakoa jasotzeko moduan zegoen Badalonakoa arbela eta errotulagailua eskuetan. Baina ACB Ligara igotzea gauza handia izan zen.

«Momenturik onena ACB Ligara itzuli ginenekoa izan zen. Miribilla beteta ikustea, ujendea gure ondoan geratu zelako maila galduta ere, igoerako Lauko Finalean batik bat, eta Javi Salgadori ACB Ligara igota erretiroa hartzeko aukera ematea... Lasaitu handia hartu nuen hori lortu genuenean», esan zuen Mumbruk.

Hasiberriaren zorte ona izan zitekeen hura ere, baina beste hiru urtez ACB Ligan mantendu du talde bilbotarra Mumbruren aginduetara: 2019/2020an, pandemiak dena eten zuenean zortzi onenen artean ziren bizkaitarrak, eta Liga txapelketa irabazteko «burbuilan» lekua irabazi zuen; iaz, azken unean erdietsi zuen maila mantentzea, covid-19ak, lesioek eta emaitza txarrek ia ezinezko egin eta gero urte osoan zehar.

Aurten, berriz, 0-5 hasi arren, maila mantentzea ez ezik, ia play-offetara sailkatzea erdietsi du talde bizkaitarrak, Rafa Luzi ihes egin zion jaurtiketa erraz bat eta gero. Bitartean, Bilbao Basketek «15» zenbakia erretiratzen zion Mumbruri eta Real Madrili irabazita ospatu zuten beltzezko gizonek egun handi hura.

«Orain, zer?» Ba auskalo. Dela Valentzian edo beste nonahi, Alex Mumbruk jokalari zenean ez bezalako buru hotza erakutsi du –jokalari gisa sarritan erakutsi zuen heldutasun falta hori entrenatzaile gisa erakutsi duela esan liteke– eta uneren baten Real Madrilen Pablo Lasoren lekukoa ere har zezakeela ere entzin izan da, batez ere otsailaren amaiera aldean, Real Madril emaitza txarrak pilatzen ari zen sasoi batean, jakinik Mumbruk Bilborekin bezala Madrilekin ere lotura oso estua duela.

Laster egingo da ofizial zein aulkitan eseriko den Alex Mumbru eta laster erabaki beharko dute Bilbon ere Badalonakoaren ordezkoa. Kasu bietan, behinola izan zen horri baino helmuga berriei egin beharko diete jaramon, gauzak ondo aterako badira.

Baina ez da ahaztu behar Alex Mumbrurena oso gaizki atera zitekeen apostu bat izan dela Bilbao Basketen aldetik, eta inork uste baino hobeto atera dela, bai Mumbru jokalariarekin, are gehiago Mumbru entrenatzailearekin. Ordezkoa beharrean, orduan, apostu berriak bilatu beharko dituzte biek ere, astelehen honetan itxi den kapitulu honen ondorengo istorio berrietarako.