NAIZ

Omako Basoko artelanak lekualdatzeko lehen fasea hasi da

Oma basoko zuhaitzen artelanen lekualdatzeko lehen fasea aste honetan hasi da, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez. Agustin Ibarrolak margotutako zuhaitzak ondoan dagoen Basobarri basoan ezartzen ari dira eta uztailaren 25etik aurrera bisita gidatuak egiten hasiko dira.

Unai Rementeria eta Ibarrolaren semearekin, Omako basoko berriaren lehen lanak bisitatu dituzten larunbatean.
Unai Rementeria eta Ibarrolaren semearekin, Omako basoko berriaren lehen lanak bisitatu dituzten larunbatean. (BIZKAIKO DIPUTAZIOA)

Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia, Omako Basoan izan da larunbat honetan Agustin Ibarrolaren seme Irrintzirekin; Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Lorea Bilbao Ibarrarekin, Kortezubiko alkate Karmele Enbeitarekin eta obra lekualdatzen ari den taldeko kide batzuekin.

Aste honetan talde hori, Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazeta buru dela, zenbait multzo artistiko margotzen hasi da. Omako Basoa itxita egongo da uztailaren 25era arte. Egun horretan abian ipiniko da aldez aurretik erreserbak egiteko sistema, eta horri esker sarrerak erreserbatu ahal izango dira margotze-prozesua ezagutzeko bisita gidatuak egiteko. Prozesuak 2023ko udara arte iraungo du, orduan obra orotara jendearentzat irekiko baita.

Duela bi urte, Ibarrolaren artelana sustatzen duten zuhaitzen hiltzen ari zirenez, konponbide bat bilatu nahiean hasi ziren. 27 aukera desberdin izan zituzten mahaiaren gainean, adituekin aztertu zirenak, eta azkenean Omaren ondoan dagoen Basobarri basoa aukeratu zen, margo-multzoari jarraitasuna emateko asmoarekin.

Lanak egitenari den taldeko burua Fernando Bazeta irakaslea da, Agustin Ibarrolaren obran aditua eta 2013-2015 urteen artean egin zen zaharberritzearen arduraduna izan zena; berarekin honako hauek ari dira: bi artista plastiko, lau zaharberritzaile, Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasle bi, euskal arte garaikideko espezialista bat, arkitekto bat, eta Basalan foru enpresa publikoko baso-aditu batzuk. Prozesu osoan José Ibarrola ariko da, artista bera ere eta Agustín Ibarrolaren semea.

Talde honek bi fasetan egingo ditu baso margotua lekualdatzeko lanak, lehenengoa aurtengo udan eta bigarrena datorren urtekoan. Izan ere, eguraldiak eragin handia du lanetan.

Aurten Omako Basoa erabat itxita dago bisitarientzat. Dena dela, uztailaren 25etik aurrera bisita gidatuak egin ahal izango dira, eta horretarako erreserba hartu beharko da aldez aurretik, uztailaren 15etik aurrera, telefono honetara deituta: 94 465 16 57.

Itundutako bisita hauek aurtengo irailera arte egin ahal izango dira. Basoa margotzeko prozesua 2023ko udan amaituko da. Orduan, Omako Basoa herritar guztientzako zabalduko da berriz. Sorkuntza-proiektuaren xehetasunak datozen asteetan jakinaraziko dira.