IBON SALABERRIA

Neurria eta tipologia

Neurria eta tipologiak izan ohi dira arkitekturaren erreminta ezinbestekoak; praktika baten jatorria, batzuen ustetan. Neurriari dagokionez, garai ezberdinetan hamaika azterketa egin dira gorputzaren eta arkitekturaren arteko neurri eta proportzioari buruz. Neufert eta Modulorra izango lirateke horren adibide. Le Corbusierrek Modulor manifestu-irudia gizakiaren neurri estandarrak irudikatuko lituzkeen ‘panpina’ maskulino gisa irudikatu zuen. Da Vinciren moduan, gizonaren gorputzaren proportzioak despiezatzen ditu arkitekturarekiko eskala eta neurri egokien bila. Gizona da Le Corbusierren Modulor irudia; gizon europar estandarra, alegia.

Neufert izenez ezagutzen dugun arkitektura eta gizakiaren arteko neurriak erlazionatzen dituen katalogoak, berez, ‘Arkitekturan proiektatzearen artea’ izango luke izenburu euskaraz. Egilearen abizenez egin da ezagunagoa liburua. Ernst Neufertek Walter Gropius arkitekto ospetsuarekin egin zuen lan. Haren bulegoko arkitekto buru ere izan zen.

Neurrien normalizazioa zen Neuferten helburua. Imajina dezakezue zer gorputz hartzen ziren orain dela hamarkada dexente normaltzat. Liburuak izan dituen ondoz ondoko edizioetan saiakerak egin dira dibertsitate funtzionala duten gorputzak ere ‘neurrian’ jartzeko, baina saiakerek ez dute lortuko liburuak jatorrian zuen helburuaren problematika leuntzea.

Azkuna Zentroan ikusgai dagoen Isidoro Valcarcel Medinaren ‘Arkitektura goiztiarrak’ erakusketan ere aurki ditzakegu autoreak Neuferti egin dizkion erreplikak. Esan bezala, jatorrizko liburuak ez du dibertsitatea aintzat hartzen; aldiz, gorputz normalizatuen funtzionaltasuna aurkezten du; funtzioen, gorputzen eta neurriaren arteko sailkapen bat. Valcarcel Medinak ‘Réplicas al Neufert’ liburuan bertsio propioa osatzen du; arauak, dimentsioak eta hauen errepresentazioen inguruko proposamen ironikoa azaltzen digu.

Bestalde, aurkezten dituen proiektuen bildumak ideia edo egunerokotasunean aurki ditzakegun behar arruntei erantzun zuzen bat emango lieketen proposamenak marrazten ditu, ironikoki, oso tekniko eta zehatz. Bada, neurriaren inguruko zalantzaz gain, bestelako gai bat: arkitekturaren tipologiak. Valcarcelen proiektu konkretu batean egin genezake parada: ‘Garaipen arkua’. 1987an gauzatu zuen proiektu hau honela deskribatzen du: «Esta estructura monumental no conmemora ninguna victoria militar, ni homenajea a ningún gobernante. Pero tiene todas las características de un arco de triunfo tradicional: dos pilares macizos unidos por un arco. Arriba hay una superestructura plana para poner una estatua, o las inscripciones de los triunfos. De los pilares cuelga un plomo, y la superestructura tiene un nivel. Así se puede asegurar de que este arco esté nivelado».

Garaipen arkuek garaipen militarrak ospatzeko arkitektura tipologia bat osatzen dute. Artistak funtzioa kentzen dio, eta tipologiaren beharra zalantzan geratzen da. Bestelako funtzioak betetzen dituzten etxebizitza, ospitale edo museoek ere arkitektura eredu edo tipoak osatzen dituzte, eta horiek sailkapen tipologikoak eraikitzen dituzte. Sailkatze edo karakterizazio honek sortzen ditu tipologiak. Eta urteetan, hauek izan dira arkitektura lana abiatzeko imajinazio iturri. Iturri zahar horretatik, ordea, ez dugu azkenaldian ur berririk edan. Batik bat, etxebizitza tipologien eta ereduen bueltan egindako narraskeriak merkatu tipologia izenda genezakeen imajinazioa besterik ez dute lortu. Bizitokiak homogeneizatu diren garaian, zer pentsa eman beharko liguke eredu edo tipo baten errepikapenak.

Bai neurria eta bai tipologia, arkitektura izendatzeko lanabesak dira, izan dira. Horiek zalantzan jarriz gero, nola hitz egin arkitektura konkretuez, nola deskribatu edo sailkatu?

Bada muturreko eredu bat, hain zuzen ere, Herzog de Meuron arkitekto suitzarrek Miamin egindako aparkaleku bat. Bai, aparkaleku bat. Estudioko kide den Jaques Herzogek elkarrizketa batean esan bezala, parking inozo bat. Honelaxe abiatu zen enkargua. Miamiko Lincoln hiribidean zegoen hutsune batean ibilgailuen aparkaleku eraikin bat egitea eskatu zieten arkitekto suitzarrei. Lehen momentutik, Miamik erakusten dizkigun eraikin trinko eta dekoratuen tipologia zalantzan jartzen dute. Era berean, altueran eraikitzen diren aparkalekuek izan ohi duten kotxeak ezkutatzeko joera ez dute ontzat hartzen. Emaitza bezala, eraikina oinarrian, egitura bat besterik ez da. Irudiko egitura biluziari so eginez gero, ez genuke tipologia edo neurri jakin batek ematen digun erreferentziazko arkitekturarik identifikatuko. Autoak gora doazen modu berean, kaleak eta plazak agertzen zaizkigu egituran zehar; baita ere dendak eta etxebizitzak. Bukaezina da eraikina, performatiboa, tipologiarik gabekoa eta neurriak lege tradizionaletatik kanpo daude.

Jakin badakigu araudiek beharrezkoak dituztela tipologia funtzioa eta neurria, horiek dira euskarri gure burokraten jardunean. Ezabatze progresiboak armarik gabe utziko lituzke gure funtzionarioak. Akaso, garai interesgarriak datoz.