Nagore Belastegi

Bi herri, aldarri bat, mendiko botak eta ehunka kilometro ilusio

Aitziberren taldeak Auritz izan zuen topagune.
Aitziberren taldeak Auritz izan zuen topagune. (GARA)

Herri bat batu zuen giza katearekin hasi zena, bi herri batu dituen argi-kate bihurtu da. Begiak bustita, bihotzak uzkurtuta ikusi genuen atzoko erabakitzeko eskubidearen aldeko oihua. Sinbolismoz betetako gaua izan zen, baita plan ederra parte hartu zuten guztientzat ere.

Beran hasiko dugu gure ibilbidea, Manttale mendian. Bertara igo ziren Hernaniko Usoa eta bere lagunak. Lau familia elkartu ziren eta, haurrentzat ere egokia zen tontorra bilatuz, Manttale aukeratu zuten -hasieran beste bat zuten buruan, baina baztertu egin zuten txikientzako zailegia izango zelakoan-.

Gure Eskuk antolatutako beste ekimenetan ere parte hartu izan dute, baita aurreko tontorren argiztapenean ere, eta oraingoan ez zuten huts egin nahi. «Gurea bezalako herrien kasuan erabakitzeko eskubideak oinarrizkoa izan beharko lukeela uste dut. Beraz, politikaz eta ideologiaz haratago, egin beharreko gauza bat dela iruditzen zitzaidan», kontatu zigun.

«Hasieran hemen, gure txikitasunean, hasi ginen eta pixkanaka zabaltzen ari da mugimendua. Zenbat eta oihartzun handiagoa, orduan eta hobeto. Herri desberdinak bagaude egoera berean, hobe da gure aldarrikapenak elkartzea», nabarmendu zuen Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko anaitasunaz.

Argi-lerroan aurrera, Bidarraira heldu gara. Hainbat mendi daude inguruan, tartean Laina. Bertan aurkitu dugu Basauriko Manu. Arratsaldeko lauretan atera ziren herritik, eta mendiaren oinera iritsi eta askaria egin ostean hasi zuten txangoa. «Badaude mendi batzuk nahiko zailak, gorriak, eta horra trebatuta daudenak doaz. Guri hau tokatu zaigu eta pozik gaude», azaldu zuen.

Bere hitzetan, «inguruko jendearekin harremanak estutzeko» aukera paregabea izan zen atzokoa. Izan ere, Basauri, Galdakao, Etxebarri, Usansolo eta Zaratamoko jendea elkartu ziren autobusean Laina igotzeko. Taldean txistulariak, albokariak eta kantuzaleak egonik, girorik ez zen falta izan. «Ekimen guztietara eramaten dugu musika», aipatu zuen.

Manurentzat, ekimenean parte hartzea konpromiso pertsonala da, orain arteko ekimen guztietan hartu duelako parte, eta aurrerantzean ere hori egingo duelako. «Nire ustez, hemendik aurrera erabakitzeko eskubidearen aldeko beste pauso serioago batzuk ematen hasi beharko ginateke, baina aldarrikapen festiboak ere beharrezkoak dira lana modu onean egiteko prest gaudela erakusteko. Eta beti irribarre batekin! Gainera, Pirinioek gure bi herriak lotzen dituzte eta polita da, helburu komunak baititugu», azpimarratu zuen.

Bidarrai abiapuntu

Arrigorriagako Olatzek ere Bidarrai izan zuen abiapuntu, helmuga ezberdin batekin baina: Baigura. Herrian 38 pertsona elkartu eta asteburu osoko plan ederra antolatu zuten. Taldearentzako aterpetxea hartu zuten eta ostiralean jada bertan egin zuten lo. Atzo goizean, batzuek menditxo bat igo zuten, eta iluntzean Baigurara igo ziren. EHZ festibala gertu zela aprobetxatuz, ihesalditxoa egin zuenik ere izan zen...

«Gure Eskuko Batzar Orokorrean aipatu zen oso tontor berezia dela Baigura Iparraldeko puntu askotatik ikusten delako, baita EHZ jaialditik argi eta garbi ikusiko zelako ere. Garrantzia handia eman diote tontorra ondo argiztatzeari», adierazi zuen mendira igo aurretik. Horregatik, Iparraldetik ere euren taldetxoari babesa ematera jendea igoko zela espero zuen. Izan ere, aitortu zigun kosta egin zaiela herrian jendea biltzea. «Jendea oso deskonektatuta dago, ez honekin bakarrik, guztiarekin. Hori da gizarteko joera: gero eta bakartiagoak gara, indibidualistagoak, bakoitzak bere bizitza dauka eta denbora justua daukagu gure gauzetarako, eta horrelako gauzetarako are eta gutxiago», esan zuen pixka bat penatuta.

Katalunian bizi izan zen Olatz eta, horregatik, bi herrien egoeraren inguruko iritzi propioa du. Uste du Euskal Herrian oso ondo bizi garela: «Katalunian ere ondo bizi dira, baina bizi kalitatean bada aldea, ez dira hemen bezain ondo bizi. Ekonomia edo kultura ukitzen digutenean mugitzen gara, eta, hemen nahiko eroso gaudenez, ez gara mugitzen». Bere aburuz, muturreko eskuina indarrean sartu arte «jendea ez da Euskal Herriaren autodeterminazioaren defentsan mugituko. Pena da hori gertatu behar izatea».

Pirinioetan aurrera, Orreagako gudua hartu zuten lurretan aurkitu genuen Mezkiritzeko Aitziber. Ortzantzurieta tontorra igo zuen. Deialdia Auritzen egin zuten, inguruan mendi asko daudelako eta topagune aparta delako leku desberdinetara abiatu ziren taldeak biltzeko: Ortzantzurieta, Mendiaundi, Mendixuri eta Lindus.

18.00etan elkartu ziren herrian, ekitalditxo bat egiteko, eta bi ordu geroago bakoitza bere tontorrera joan zen poliki-poliki. Eskualdeko jendeaz aparte, Iruñerriko talde bat ere bertaratu zen Nafarroa Berriz Altxa dinamikaren eskutik, baita hainbat bizkaitar ere. «Duela hiru hilabete hasi ginen guztia antolatzen, eta halako batean esan ziguten kanpoko jendea etorriko zela eta 300 pertsona inguru elkartuko ginela Auritzen. Herri txikia da, baina azkenean nahiko ondo banatu dute jendea», azaldu zuen barrezka.

Aitziberrentzat oso ekimen polita izan zen atzokoa, eta hunkigarria argi-lerroa ikustea, batez ere zerutik. «Bi herri, aldarri berdina. Gainera gurean mendiek duten sinbolismoarekin, naturarekin bat eginez», aipatu zuen.