NAIZ

Eskubide Sozialen Kartak DSBE-ren lege proiektu berria bertan behera uzteko eskatu dio Lakuari

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek elkarretaratze bat egin dute Bilbon, Lakuako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren proiektu berria salatzeko.

Bilbon astearte honetan egindako elkarretaratzea.
Bilbon astearte honetan egindako elkarretaratzea. (@EskubideenKarta)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Lakuari. Halaber, 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketetan atzera egitea esijitu du.

Astearte honetan Bilbon egindako elkarretaratzean adierazi dutenez, «garaipen sozial bezala saltzen dute 2012tik mantentzen diren murrizketak, ez baitira 2008ko legea errespetatzen ari».

«Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008-ko legearekin, 1.026€ kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du estaltzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera. Gainera, bi urteetan Etxebizitzako prestazio osagarria desagertzearen planteamendua salatu dute», ohartarazi dute.

Azaldu dutenez, Gasteizko Gobernuaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestaren datuen arabera, «pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesa dute, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den % 33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik». «Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago», gaineratu dute.

Eta «egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida» beharrezkoa dela azpimarratu dute, «modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru-sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da».

Zentzu honetan, Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzeko deia egin diete alderdi eta erakundeei, «eta talde parlamentarioek neurri hauek defendatzea». Izan ere, «babes sistemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea» irekitzearen alde agertu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dute sindikatu eta eragile.

Era berean, «kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditzeko» eskatu dute, «horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu».