NAIZ

Sukaldaritza Bilboko Aste Nagusian: Txomin Barullorenak dira txipiroi goxoenak

Bilboko Konpartsek antolatzen duten Sukaldaritza Gastronomikoa izeneko lehiaketaren baitan, txipiroiak kozinatzen ibili dira hainbat lagun Areatzan. Asteazken honetan Txomin Barullo konpartsak jaso du saria, baina lau proba geratzen dira oraindik.

Lehiakide batzuk, giro onean txipiroiak kozinatzen.
Lehiakide batzuk, giro onean txipiroiak kozinatzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sukaldaritzaren bueltako ekimenek eta, oroz gain, lehiaketek, leku berezia izan ohi dute Bilboko Aste Nagusian eta txipiroiak kozinatzeko eguna zen gaurkoa, asteazkena. Irabazleen berri ere eman dute arratsaldean konpartsek: konpartsen kategorian Txomin Barullo nagusitu da eta sailkapen orokorrean Ursabal. Beraiei dagokie Aste Nagusiko txipiroi goxoenak prestatu izanaren meritua.

Ehunka pertsona agertu dira Bilboko Areatzara Sukaldaritza Lehiaketa ezaguna ikustera, hiriko parte-hartzaileena, asteazken honetan egokitu den eguraldi eguzkitsu eta sargorian. Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacio txupinera ere han izan dira, lehia ikusi eta usaintzen eta beraiek izan dira artilezko kapelak banatzearen arduradunak.

Sukaldaritza Lehiaketan, halaber, interesgarri dago konpartsen arteko sailkapena, hiruek sari bana jaso baitute. Txori Barrotek patatak saltsa berdean prestatzeko lehiaketan; Tintigorrik egin zuen patata-tortilla onena; eta Txomin Barulloko kideek lortu dute azken saria, txipiroiena.

Asteazkeneko puntuaketak aurreko egun bietakoei gehituko zaizkie, baina lehia luze joango da oraindik, beste lau proba geratzen baitira aurretik. Igandean ezagutuko da Sukaldaritza Gastronomikoaren irabazlea.