Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Hondarribiak irabazi du Boiroko behe-laino artean; Urdaibai, lider hiru puntuko aldearekin

Hondarribiak eraman du Boiroko Bandera bigarren luzerako aldeak nabarmen handituta. Nolanahi ere, Urdaibai bigarren izan da eta beraz, hiru puntuko errentarekin iritsiko da azken bi jardunaldietara. Lekittarrak, lehen txanda irabazita, sentsazioak berreskuratu ditu jaitsiera fasea jokatu aurretik.

Hondarribia garaipena ospatzen Boiroko behe-laino artean.
Hondarribia garaipena ospatzen Boiroko behe-laino artean. (@EUSKOLABEL)

Hondarribia gailendu da Boiroko behe-laino artean jokatu den estropadan. Azken unera arte kili-kolo egon da jardunaldia, behe-lainoak ikusgarritasuna asko murrizten baitzuen eta kanpoko balizak ikustea ezinezkoa zen. Hala, orduerdiko atzerapena izan du estropadak eta 12.43etan behin-betiko erabakia hartu dute: jokatzea, alegia.

Hobetu egin du eguraldiak, apur bat argitu du zeruak eta argitasun horretan, Lekittarrak, Zierbenak eta Hondarribiak arantza bana kendu dute, bakoitzak bere txandan. Gutxirako balio izan dute, alabaina.

"Ama Guadalupekoak" koska bat jan dio Urdaibairi eta azken bi jardunaldietara, hiru puntuko aldearekin iritsiko da "Bou Bizkaia". Igande honetan, behe-laino artean, gehiago izan dira Orbañanosen gizonak baina Iker Zabalarenek ez dute gehiegi galdu. Badakite Hondarribia baino postu bat atzerago ibilita ere liga beraiena izango dela-eta.

Hala, hondarribiarrek bigarren luzerako tarte nabarmena zabaldu dute. Oso estropada ona egin dute gipuzkoarrek eta ziabogatan ere igarri da beldurrak alde batera utzi dituztela.

«Oso pozik gaude, Bandera eta 12 puntuak eskuratu ditugu hemen, Boiron», adierazi du Galder Ezponda Hondarribiko arraunlariak. «Ondo sentitu gara, disfrutatu egin dugu estropada osoan zehar eta tartean handitzen joan gara progresiboki», onartu du.

Urdaibai atzetik ikusi denean ez da urduri jarri, jakina Donostiarra eta Orio are atzerago zegoela eta bigarren postua ez zeukala arriskuan.

Garaipena gogotik ospatu du Hondarribiak eta egiari zor, bizirik jarraitzen du, matematikoki ezer itxi arte dena delako posible. Alabaina, Urdaibaik hiru puntuko errenta dauka alde eta kalapita handia gertatu beharko litzateke Portugalete edo Bermeok liga garaikurrak ihes egiteko.

Zierbena eta Lekittarra

Bigarren txanda Zierbenarentzat izan zen, Aresko uretan eginiko estropada eskasari buelta emanaz. Azken izan zen Aresen eta Boiron, bigarren txanda irabazita bosgarren bukatu du. Ez dio askorako balio baina Kontxako sailkapen estropadarako hauspo ederra izan daiteke.

Nolanahi ere, Getariak eginiko denboraldi puskak ere merezi du errekonozimendurik. Agian gaur ibili da makaltxoago, beraien txandan hirugarren egin dutelako baina aurreikuspen guztiak hautsi dituzte getariarrek. Aise lortu dute hurrengo urtean ere gorengo mailan lehiatzeko txartela eta Kontxako sailkapen estropadan ere ziur borrokan izango dela.

Kaikuk egin du apur bat behera denboraldiaren bigarren zatian. Hasieran Getariarekin pareko aritu zen baina getariarrek erregulartasuna mantendu duten moduan, ez da izan Kortaren eskifaiaren kasua. Lekeitioko uretan azken egin zutenetik burua ezin altxata daude eta kontuz ez badira ibiltzen, seigarren postua galdu dezakete, Zierbenaren mesedetan.

Azkenik, lehen txandan lehiatu den Lekittarrak ere arantzatxoa kendu du. Txandan onena izan da eta Aresko sentsazio txarrak ondu ditu, hauek ere garrantzitsuak izan daitezkeenak jaitsiera fasera animoz altu iristeko.

Santuritzi, bestalde, Aresen lanak ondo bete ostean, azkena izan da Boiron.

XXXII. Boiroko Bandera

1. Hondarribia 19:20.72

2. Urdaibai 19:32.28

3. Donostiarra 19:46.54

4. Orio 19:47.82

5. Zierbena 19:56.60

6. Cabo 19:57.58

7. Getaria 20:59.58

8. Kaiku 20:04.38

9. Lekittarra 20:06.22

10. Ondarroa 20:07.28

11. Ares 20:08.38

12. Santurtzi 20:14.22

Eusko Label Liga, sailkapen nagusia

1. Urdaibai 195 puntu

2. Hondarribia 192 p.

3. Donostiarra 182 p.

4. Orio 167 p.

5. Getaria 113 p.

6. Kaiku 99 p.

7. Zierbena 96 p.

8. Cabo 87 p.

9. Ondarroa 77 p.

10. Santurtzi 75 p.

11. Lekittarra 69 p.

12. Ares 51 p.