Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Telmo Irureta
Aktorea

«Sexualitatearen gaiak inpaktua sortzen du eta ikusleak enpatizatu egiten du»

Telmo Irureta ezagutu ere egin gabe bere neurrira egindako pertsonaia, David, sortu du Fernando Francok ‘La consagración de la primavera’ lanean. Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitateaz hausnartzeko aukera emateaz poza agertu du zumaiar aktoreak.

Telmo Irureta aktorea, irribarretsu, Donostian.
Telmo Irureta aktorea, irribarretsu, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irribarre errazekoa da Telmo Irureta (Zumaia, 1989). Emozioz bizi izan ditu estreinaldiaren aurreko egunak. Ez dago kexatzeko. Zinemaldian ikusiko du argia zinemako bere lehen proiektu luzeak, Urrezko Maskorrerako lehiatuz.

Lehen aldiz ikusiko du bere burua pantaila handian film batean baina urduritasuna uxatzea lortu du. Estreinaldiaren egunean ezin jakin. «Nahiko lasaia naiz ni baina filmaren proiekzioa hasi baino minutu bat lehenago igual hasiko naiz ‘ai ama! ai ama!’ esanez», aitortu du.

Madrilen eta Andaluzian egin zen grabaketa. Bi casting pasa behar izan zituen papera lortu aurretik. «Gidoi osoa jasotzean –castingerako zati solteak bakarrik izan nituen eskuan– asko gustatu zitzaidan, oso interesgarria iruditu zitzaidan», kontatu du.

Aniztasun funtzionala du Davidek. Laura (Valeria Sorolla) ezagutuko du, guraso kontserbadoreengandik askatu nahian dabilen gaztea. Deseraikitze prozesu betean, orain arteko buru-eskemak apurtzen. Bide berriak bilatzen.

Adiskidetasun harremana aurrera doa eta une batean sexu-laguntzaile lanak egitea proposatuko dio Laurak. Eskaintza onartu egingo dio Davidek. Horrek aurrerantzeko erlazioa markatuko du.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitateaz gutxi hitz egin ohi da oro har. «Gai hauek inpaktua sortzen dute eta ikusleak enpatizatu egiten du. Filmak irauten duen denboran ikusleak hausnarketa egingo du», esan du Iruretak.

Sentimentalismorik gabe

Fernando Francok (Sevilla, 1976) ez du ikuslearen malko erraza bilatu bere lanean. «Bai, egia da. Horrela gertatzen bada lanaren ondorioa izango da, baina ez da izan zuzendariaren helburua. Kontu batzuetan errazago jotzen dugu penaren aldera. Minusbalia daukagun pertsonak ikusi eta ‘ai gizarajoa’ pentsatzen du askok, eta ondo dago beste ikuspuntu bat erakustea. Nolabaiteko distantzia hartzen du filmak», adierazi du.

Biktimismotik urrun, Iruretak berak bere bizitzan aldarrikatzen duen jarrerarekin bat eginez. «Ez dakigu Laura ala David, zein den ‘gaixoagoa’. Izan ere, denok dauzkagu gure motxila eta gure arazoak».

«Biek elkar laguntzen dute, bakoitzak bere modura. Laurak inseguritate gehiago ditu buruan, beldur gehiago, eta Davidek ezintasun fisikoak ditu; bata bestearekin ondo konpontzen dira», gaineratu du.

Positiboa izan da Francorekin bizitako esperientzia. «Berak ikusi edo irakurritakoaren arabera idatzi du, baina nik bizi egin dudanez gidoian aldaketak egiteko prest agertu zen; esaldiren bat bakarrik aldatu nuen, oso ondo idatzia zegoen».

Bidegurutzean aurkitzen diren pertsonaien erretratu psikologikoa egitea interesatzan zaio Francori. Hala egin du aurreko lanetan (‘La herida’, ‘Morir’) eta baita oraingoan ere.

Plano-sekuentzia luzeak

Plano-sekuentzia luzeen bidez grabatzen du. «Erritmoa mantsoagoa den arren bizitza errealaren antza handiagoa du», nabarmendu du. Lan egiteko modu horri ikusten dizkio Iruretak puntu interesgarriak, baina baita arriskutsuak ere. «Lehenengo hiru minutu ondo joan daitezke eta azken biak ez, beraz plano-sekuentzia osoa errepikatu behar da. Batzuetan tentsioan egoten nintzen ‘ea orain amaieran ez dudan hanka sartzen’ pentsatuz», esan du [barrea].

Giro politean egin dute lan. Irureta eta Sorolla hasi berriak eta ondoan Emma Suarez, ibilbide luzeko aktorea. «Grabaketa hasi aurretik idatzi egin zidan elkar ezagutzeko asmoz, ama eta semearen arteko konfiantza giroa islatzea errazagoa izan zedin filmean», kontatu du.

Iruditu zaigu Iruretak bere umorez zipriztindu dituela eszena batzuk. «Nire ukitua eman diot baina ia dena gidoian bertan zegoen. Nik ere horrelaxe idatziko nuke. David eta biok nahiko antzekoak gara izaera aldetik», argitu du. Oparia. «Castingera joan nintzenean, nire burua animatzeko, neure buruari esan nion ‘lasai, konturatuko dira David ni naizela’», gaineratu du. [barreak]

Maitane San Nicolas intimitate koordinatzaile bilbotarra izan zuten Iruretak eta Sorollak ondoan, laguntzen. «Goxo-goxoa da eta asko lagundu ditu intimitate eszenak noraino joan daitezkeen erabakitzeko edo jakiteko aktoreak bere gorputza zenbat erakutsi nahi duen. Bera aktorea ere bada, beraz barrutik ezagutzen du lanbidea».

Gorputza erakutsi

Iruretaren kasuan, berak animatu zuen zuzendaria gidoian idatzitakoaz harago joatera gorputza erakusteko garaian. «Gidoia ausarta bada irudiek ere ausartak izan behar dute», esan zion. Nabaria da ez dela erdibidean geratu zalea zumaiarra. «Behin hasita, hobe da gorputza ezkutuan ez geratzea. Askotan hori gertatzen da, erakutsi nahi dugu baina gero beldurra ematen digu... Horretarako ez erakutsi, hobe da itxurakerian geratzea baino».

«Gorputz politak edo politak direla esan digutenak bakarrik erakusten dira» bere esanetan.

Magisteritza eta Pedagogia ikasketak egin ondoren interpretazioaren bidea hartu zuen. Ezin esan apustua gaizki atera zaionik. Pozik dago orain arte, batez ere antzerkian egindako bidearekin. «Badaezpada Psikologia ikasten hasi naiz, izan ere aktoreon proiektuak hasi eta bukatu egiten dira», dio.

Bizitza honetan zuen ametsetako bat –«beste asko ditut», argitu du– betetzen ari da.