Jon Ormazabal

Irribarriak berriz ere buruz buru gozatuta eraman ditu Aspek desafioko 600 botilak

Lau eta erdikoan Bakaikoak Baiko aurreratu badu ere, Zabala-Zabaleta eta aramarraren garaipenak Eibarko enpresari eman diote saria.

Iker Irribarriak aspaldi ez bezala gozatu du buruz buruko partida batean.
Iker Irribarriak aspaldi ez bezala gozatu du buruz buruko partida batean. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Biharko finalean gertatzen denaren zain, pozik egoteko moduan daude Aspeko ordezkariak, hiru berri on izan baititu eurentzat Adarragan jokatutako K-Pilota txakolinaren Desafioak; hasteko euren artean banatuko dituzte jokoan ziren 600 botilak, Javi Zabalak nota onarekin pasa du lehen mailako estelar batean aritzeko lehen azterketa eta, batez ere, aspaldiko partez Iker Irribarriak gozatu egin du Buruz Buruko partida bat jokatzen.

Eta udan, edo udazken hasieran egonagatik, bazuen bere garrantzia gaurko partidak, bertan erabaki baita txakolinaren desafioa. Eta hemen ere behetik gora egin behar izan du aramarrak Iñaki Artolari irabazi eta saria euren enpresako bodegetara eramateko. Izan ere, bereziki sakearekin asko asmatuz, 4-0 aurreratu da alegiarra eta Irribarriari aspaldiko mamuak agertu zaizkio. Hala ere, pixkanka pilotakadak luzatzeko aukera aurkitu eta aspaldiko partez kantxan gozatzeko modua lortu du, pilotakada luzeak jota.

Alde horretatik, aurkari aproposa izan du Iñaki Artolarengan, izan ere zuzen jokatzea gustatzen zaion pilotaria da alegiarra, airez eta sartzea kostatzen zaionetakoa eta joko mota horretan zaila da Iker Irribarriari aurre egitea. Luze ibili du pilota goierritarrak, sotamanoak ere aspaldi ez bezala funtzionatu dio eta, tantoak amaitzerakoan ere argi aritu denez, 11-0eko partzial batekin partida hautsi eta garaipen erosoa lortu du (8-18).

Lehen puntua Baikorentzat

Desafioko lehen puntua Baikorentzat izan da, Joanes Bakaikoak 18-12 irabazi baitio Elordiri lau eta erdiko partidan. Azken orduko aldaketen eraginez prestatzeko batere astirik gabe heldu dira bi pilotariak Logroñora eta partida ondo etorriko zaio Etxarri-Arantzeko aurrelariari, iaz Promozio mailako txapela jantzi bazuen ere, Baikok atariko bat jokatzera behartuko baitu hurrengo larunbatean Tolosan Asier Agirreren aurka. 

Distantziara egokitu gabe egoteko, Aitor Elordik baino lehenago hartu dizkio neurriak kaiolari eta merezimenduz lortu du garaipena, nahiz eta lehen erdian gauzak oso pareko joan diren. Hamarna zirela sakez falta egin du mallabitarrak eta hortik aurrera askoz hobetu moldatu da nafarra.

Binakakoan Aspek lehia orekatzea lortu du Zabala eta Zabaletak Peña II.a-Imazi 11-22 irabazita. Lehen partidan gertatu denaren antzera, lehiak bi zati oso desberdin izan ditu, orekatuagoa lehena eta erabat desorekatua bigarrena. Aukera polita zuen gaur Javi Zabalak lehen mailako estelar bat jokatzeko, Zabaletarekin jokatu duen lehen partida izan da gaurkoa, eta hasiera horretan urduritasuna igarri zaio Logroñokoari. Berez, erritmo bizian jokatzen duen pilotaria da errioxarra eta tanto bikainak eta hutsak tartekatu ditu. 

Gauzak horrela, serio jokatuta, Peña-Imazek 9-8 aurreratzea ere lortu dute, baina hortxe amaitu dira euren aukerak. Zabaleta atzean zuloak irekitzen hasi da eta aurrean Zabaletak pausa gehiago jarri dio bere jokoari, erasora pasa aurretik atzean zuloak ireki ditu eta gero etekina atera die. Aurrean, Peñari bezperan jokatu izanaren nekea ere sumatu zaio eta erraz xamar egin dute 22rako bidea, Zabalak lortutako 12 tantoei esker.