NAIZ

Kolstad norvegiarrari lanak emateko prest da Bidasoa European Leagueko multzo fasean egoteko

Astearte honetan Artalekun (20.45) jokatuko dute irundarrek bigarren kanporaketako joaneko partida, astebete beranduago Norvegian itzulekoa jokatzeko eta multzo fasean egongo den edo ez jakiteko.

Asier Nieto Valladoliden aurka berragertu zen lesionaturik egon ostean.
Asier Nieto Valladoliden aurka berragertu zen lesionaturik egon ostean. (Arrate MORALES | CD BIDASOA)

EHF European Leagueko zozketa egin zenean eta Bidasoa-Iruni Kolstad Händball talde norvegiarraren kontra jokatu behar zuela bere etorkizuna ikusi zenean, askori beldurra sartu zitzaien. Ez, ordea, Jacobo Cuetara eta bere taldeari. Izan ere, azken urteetako maila ematen badute gipuzkoarrek, multzo fasean egoteko aukera asko izango dituzte.

Taldea, behintzat, «lanak emateko» prest dago. Hala mintzatu da gaur goizean entrenatzaile asturiarra. Horretarako, «bi partidak irabazteko» helburuarekin irtengo dira pistara.

«Oso aurkari zaila tokatu zaigu; denboraldi honetan, klub bezala, inbertsio handia egin duena eta etorkizunean gehiago egingo dituena. Europako aberats berri horietako batetaz ari gara hitz egiten», azpimarratu du Cuetarak.

Hala ere, aurkariak zer egiten duen baino gehiago, hobe Bidasoak zer egiten dagoen azaltzea. Europako hitzordu honetara Ligan azken hiru partidak irabaztetik dator eta, gainera, Valadoliden aurka lesionaturik zeuden bi jokalari berreskuratu ditu Cuetarak: Asier Nieto eta Julen Aginagalde.

Itzuleko neurketa astebete beranduago jokatuko da urriaren 4ean (18.45), Saupstad barrutiko Kolstad Arenan, Trondheim erdigunetik bi kilometrora.

Christian Bergek badaki zer den Bidasoari irabaztea

Oraingoa bidasotarrek historian talde norvegiarren aurka jokatuko duten hirugarren kanporaketa izango da. Gainera, itzulerako partida Bidasoak Europako txapelketetan debutatu zueneko 35. urteurrenarekin egingo du bat, 1987ko urriaren 4an Parisen.

Historiari dagokionez, 1993/1994 denboralditik zazpigarren aldiz hartuko du Irunek EHF European League edo EHF Kopa. Urte hartan, Elgorriaga Bidasoak CB Alziraren aurka finalerdietan galdu zuen, Suitzako Kadetten Schaffhausen, Islandiako Reykjavikur eta Alemaniako TV Niederwürzbach mendean hartu ostean.

Norvegiako taldeen aurkako gurutzeek, ordea, Errekopa izan zuten eszenatoki, Europako herrialde desberdinetako kopetako txapeldunak biltzen zituen txapelketa. Europako txapelketetan 24 herrialdetan jokatu du Bidasoak, eta Norvegia horietako bat da. Bertako talde berdinaren aurka: Viking Stavanger. Lehenengoa, 1989/1990 Errekopako final-laurdenetako joaneko partidan, 24-20 galdu ondoren, markagailua irauli zuen Irunen (27-21). Bigarrena, talde beraren aurka –talde hartan zen Kolstadeko entrenatzaile Christian Berge jokalari bezala–, baina norvegiarren garaipen bikoitzarekin amaitu zen (30-31 eta 26-19).

16 denboraldiko ibilbide europarrean, horietako azken lauak jarraian, irundarrek 123 neurketa jokatu dituzte, horietako 73 irabaziz, 14 berdinketa eta 36 porrotekin. Astearte honetan EHF European League hastearekin batera, berregituratutako txapelketa honetako edizio guztiak jokatu dituen Asobal Ligako klub bakarra izango da, dituen hainbat fasetan (kanporaketak, multzo fasea eta Last 16).