NAIZ

Bilboko itsasadarraren azpiko tunelak Getxo eta Sestaoko metro geltokiak lotuko ditu

Unai Rementeriak adierazi du tunelean egingo den tren bidezko konexioak itsasadarreko bi ertzak lau minututan lotzea lortuko duela. Proiektua eraikitzeko epeetan eraginik ez badu izango ere, aurrekontua garestituko da, 185 milioi euro gehiago izango dira.

Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua.
Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Gernikako Juntetxean asteazken goizez egin da Bizkaiko politika orokorrari buruzko osoko bilkura, eta bertan azaldu ditu Unai Rementeriak ikasturte politiko honetarako proposatutako proiektuak.

Bizkaiko ahaldun ngusiak lehenagotik aurkeztuta zuen itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua, eta eraikuntza proiektua idazten ari direla adierazi du Rementeriak; baina aldaketa bat izango du: Bizkaiko metroaren bi linea nagusien konexioa egingo da. «Hasieran ibilgailuentzako tunela izango zena tunel intermodala izango da: tren batek metroaren 1. eta 2. lineak lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokien artean» azaldu du ahaldun nagusiak.  

Aldundiko agintariek egindako aurreikuspenen arabera, uste da 5.000 pertsonak erabiliko dutela eta ia hogei minutu gutxiago beharko direla geltoki batetik bestera heltzeko San Inazion zehar: «Gaur gun 25 minutu behar izaten dira, amaitutakoan lau beharko dira».

Proiektua aldatu bada ere, adierazi dute ez dela aldaketarik izango aurreikusitako eraikuntza erritmoetan, 2028an erabili ahal izango dela «bai ibilgailuentzat eta bai multimodal modura ere». Aurrekontuan ordea, egongo da aldakerarik, 185 milioi garestituko baita; guztira 600 milioi euro bideratuko dira proiektu honetara.

Urdaibaiko Guggenheim museoa

Itsasadarreko tunelaren proiektuaz gain, Urdaibaiko Guggenheim museo garatzeko planaren inguruko zehaztasunak ere eman ditu Rementeriak; eta bost hilabete barru egitasmoaren oinarriak prest egongo dela adierazi du. Guggenheim museoarentzat eraikin berri bat sortu nahi dute, Urdaibaiko biosferan kokatuta, Gernikatik bost bat kilometrota.

Aldundiko buruak adierazi du proiektuak aurrera jarraitzeko Lakuako Gobernuarekin lankidetzan jarraitu behar dutela: «Bai ingurumenran arloan, eredu jasangarria ezartzeko eta Urdaibai Erreserba zaintzeko; bai garraioen arloan, Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila museora Euskotreneko oraingo lineatik trenez joateko modurik hoberena aurkitu nahian dabiltza».