Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bidasoaren lehiakortasunak ez du mugarik: European Leagueko multzo fasea jokatuko du

Joaneko partidan Bidasoak lortutako hiru goleko errenta berdindu du Kolstadek Norvegian itzulekoan (28-25), baina penaltietan irundarrek irabazi dute (5-6) eta Europan lehiatu ahal izango dira aurten ere. Jakub Skrzyniarz atezaina protagonista nabarmena izan da.

Bidasoa Irungo jokalariak, pozarren, penaltietan sailkapena lortu ostean.
Bidasoa Irungo jokalariak, pozarren, penaltietan sailkapena lortu ostean. (CD BIDASOA)

KOLSTAD HANDBALL 33 - BIDASOA IRUN 31

Ez sinestekoa! Bidasoa Irunek hiru goleko errenta eskuratu zuen joaneko partidan Artalekun, eta Kolstadek, Norvegian, errenta hori berdintzea lortu du azken minutuetan, penaltiak behartuz (28-25). Lehenengo hamar jaurtiketak sartu dituzte, denek, baina jaurtitzaileak berriro aukeratzerako garaian, Mehdik, aurten fitxatuta eta Jakub Skrzyniarzen ordez atera dena momentu honetan –poloniarra, udan etorria ere, partidako protagonista izan da 13 geldiketekin–, Langelandi geldiketa egin dio eta ondoren Iñaki Caverok, joaneko protagonista hamar golekin eta atarikoan emandako elkarrizketarekin, gola sartu du Bidasoa Irun EHF Europa Leagueko multzo faserako sailkatzeko.

2015-2016 denboraldian Bidasoa Irun Asobal Ligara igotzea lortu zuen azkeneko aldiz. Atzean utzi zituen basamortua eta momentu latzak, eta badirudi benetan bueltatu dela gorengo mailara. Emaitzak, behintzat, hor daude: Asobal Ligan txapeldunorde izateko borrokan dabil azken urteetan, Kopan eta Asobal Kopetan ere azken fasetaraino iristen ari da, eta Europan iraganean eragindako beldur puntu hori ere berreskuratu du.

Hala, gaur Norvegian Kolstad faboritoaren aurka lortutako emaitza honekin, bigarren urte jarraian lehiatuko dira irundarrak Europako multzo fase batean. Ez hori bakarrik. Gorengo mailara igo zenetik, hirugarren aldiz egongo da Europako onenen arteko multzo fasean. Izan ere, 2019-2020an Txapeldunen Ligan aritu zen –multzo fasea gaindituz eta play offetan Wisla Plock poloniarren aurka galdu zuten–, 2020-2021ean multzo fasetik kanpo geratu zen Nexek kaleratu baitzuen bigarren kanporaketan, eta 2021-2022an EHF European Leaguen lehiatu zen, Last16ra sailkatzea lortuz baina bertan GOG Handbold daniarren aurka kanporaketa galduz.

Beraz, aurten beste pauso bat emateko prest da Bidasoa Irun. Taldea aldatuta iaztik hona, bai, baina maila, gogo eta lehiakortasun bera erakutsiz. Astearte honetan erakutsi duten bezalaxe.

Hasiera zaila

Lehen minutu konplikatu batzuk igaro behar izan du Jacobo Cuetararen taldeak partidaren hasieran. Norvegiarrak sendo eta azkar hasi dute norgehiagoka, markagailuan 3-1 ipiniz. Gainera, bosgarren minutua pasatxo, epaileek Tesoriere kaleratu dute bi minutuz. Hala ere, Bidasoak ez du jokalari bat gutxiagorekin jokatzea nabaritu. Denbora tarte horretan 1-2ko partziala egin dute irundarrek Rodrigo Salinasek eta Iñaki Caverok, eskuin hegaletik zutoinean joz, sartutako golei esker.

Hala ere, partida aurrera egin ahala, Kolstadek beste hiru goleko errenta lortu du Bidasoaren huts bat aprobetxatuz (7-4). Hortxe iritsi da gipuzkoarren erreakzioa. Joaneko partidan ikasitakoaren arabera, defentsa aurreratu eta sendotu egin dute, eta hortik emaitza bikaina etorri da. Izan ere, Caverok bere momentu gozoa erakutsi du berriro ere eta Dariel Garciak erasoan lagundu du 8-7koa ipintzeko.

Kubatarrak beste bi aukera izan ditu ondoren, baina Kolstadeko atezaina bikain aritu da. Ez du hutsik egin Jon Azkuek 8-8koa ipintzeko eta ondoren, 22. minutuan, 9-10ekoa sartzeko. Cuetarak, gainera, Jakub Skrzyniarz atezaina kantxaratu du eta poloniarrak bere taldea eutsi du zenbait geldiketekin, horietako bat penalti batean Gudjonssoni.

Kolstadeko entrenatzaile Christian Bergek hutsartea eskatu behar izan du 26:41 minutuan eta Langelandek 12na berdintzea lortu du. Cuetarak ere partida gelditu du 27:58an eta ondoren, Bergerud etxeko atezainaren geldiketa, Skrzyniarzen beste bi geldiketa eta Caverok penaltia nola sartzen duen ikusi ahal izan dira atsedenaldira 12-13 joateko.

Bigarren zatian: eutsi eta penaltietan errematatu

Bigarren zatian, Kolstad beste intentsitate batekin atera da kantxara eta 4-0eko partzial bat lortu du markagailuari buelta emateko, azkena dotorea Gudjonssonen bitartez hegaletik eta efektua emanda.

Baina, kasualitateak kasualitate, Bidasoak oso ondo jokatu ditu jokalari bat gutxiagorekin egon den minutuak, aurkariari aukera gutxi emanda eta partidan sartuta mantenduz. Horri Skrzyniarzen egun biribila, Gorka Nietoren partida ona, Iñaki Caverok hegaletik egindako lan bikaina eta Julen Aginagalderen esperientzia gehitu behar zaizkio.

Kapitainak hiru gol sartu ditu jarraian 19na berdindu ahal izateko. Partida nahiko berdinduta joan da hurrengo minutuetan, 22na ere berdinduta joan direla Dariel Garciak atezainik gabe sartu ostean, baina neurketako azken uneak emozio handikoak izan dira. Kubatarra bi minutu kanpora joan da eta Kolstad 27-25 aurreratu da.

Ondoren, Zabala ere kanpora joan da, 32 segundo falta zirenean eta etxekoek gol bat behar zutela penaltiak behartzeko. Gudjonssonek ez du hutsik egin eta Bidasoak azken jaurtiketa izan du, baina ezerezean geratu da.

Penaltietan bi taldeen jaurtitzaileen kalitatea ikusi da. Lehenengo hamar jaurtiketak sartu dituzte (Cavero, Salinas, Azkue, Aginagalde eta Gorka Nieto Bidasoan, eta Langeland, Gudjonsson, Lyse, Aalberg eta Smarason Kolstaden), baina hurrengo txandako lehen jaurtiketan, Langelandek huts egin du eta Iñaki Caverok, Irungo jokalaria bere hiriko taldean, ez du hutsik egin poza Irunera eramateko.

PARTIDAKO FITXA:

33 - Kolstad Handball: Bergerud (Lars Eggen), Smarason (3), Stolef, Bergerud, Aalberg (5), Lyse (3), Aga, Magnus Langeland (8), Eskil Dahl, Setterblom (5), Schaanning, Limstrand, Gullerud (1), Kaergaard (1), Daling, Gudjonsson (7).

31 - Bidasoa Irun: Mehdi (Jakub Skrzyniarz), Zabala, Azkue (7), Rodrigo Salinas (4), Cavero (8), Da Silva, Tesoriere, Dariel García (2), Furundarena, Mitic, Ugarte, Tao Gey (1), Gorka Nieto (4), Asier Nieto (1), Aginagalde (4).

Epaileak: Davor Loncar eta Zoran Loncar (Kroazia). Bi minutu kaleratu zituzten Kolstadeko Smarason; eta Bidasoako Tesoriere, Cavero, Dariel García (2) eta Zabala.

Partzialak: 2-1, 4-3, 8-5, 8-8, 11-12, 12-13 (atesedenaldia), 16-13, 18-17, 19-20, 22-21, 25-23, 28-25. Penaltiak: 5-5. Azken jaurtiketak: Langelandek huts eta Iñaki Caverok gola.

Gertakariak: Trondheimeko Kolstad Arenan jokatu da, 1.400 ikusleren aurrean, EHF European Leagueko kanporaketako itzulerako neurketa.