Nagore Belastegi

Historiak ezabatutako poeta emakumeei aitortza, «Poetandreak» lanean

Garai arkaikoko, klasikoko, helenistikoko eta erromatarren garaiko 24 poeta emakumeren testuak bildu, aukeratu eta itzuli ditu Maite Lopez las Herasek. Ia ezagutzen ez diren izen horiei sustapena eman nahi die ez galtzeko, euskarari ekarpena egiten dion bitartean.

Maite Lopez las Heras itzultzailea poeten antologiarekin.
Maite Lopez las Heras itzultzailea poeten antologiarekin. (Maialen Andres | FOKU)

Grekoz eta latinez idazten zuten antzineko poeta emakumeen antologia osatu du Maite Lopez las Heraz itzultzaileak ‘Poetandreak. Literatura greko-latindarreran’ lanean, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Aurretik Saforen poesia guztiak itzuliak zituen, eta orain ere egile horretik abiatzen da –antologia huraren aukeraketa bat egin du–. Garai arkaikotik, klasikora, helenistikora eta erromatarren garaira egiten du salto, aurkitu dituen emakumezko poetei aitortza eginez.

Itzultzaileak aurkezpenean azaldu duenez, Kristo Aurreko VII. mendetik Kristo Ondoren V. mendera idatzi zuten 24 poeten lan aukeratuak bildu ditu, 21eak grekoz eta 3k latinez idazten zutenak. Kanpoan utzi ditu kristauak, eredu klasikotik aldentzen direlako. Latinez hain emakume gutxi aurkitu izanari arrazoia eman dio itzultzaileak: «Gizon erromatarrek zioten emakume eredugarriak zirela gizon bakarrekoak, etxekoak eta iruleak». Poetak ezin ziren izan, hortaz.

Hori dela eta, liburuan agertzen ez diren beste egile batzuk ere izan ziren, baina ukatuak izan ziren; «emakumeengandik espero ez ziren gaiak jorratzeagatik ixilarazi eta izkutatu» egin zituzten. Hala, poetek ez zituzten maitasun testuak idazten soilik, baita ere madarikazioak, hildako animaliei zuzendutakoak, ardoari, hirien ereserkiak... Poeta batzuren testurik ez baina izenak iritsi zaizkigu eta, gehiago ez galtzeko, jaso dituen guztiak aipatzen ditu Lopez las Herasek liburuaren sarreran, irakurlea kokatzeko prestatutako kronologia eta hitzaurrearekin batera.

Izenburuari dagokionez, «poetandrea» hitzaren asmakizuna justifikatu du. Bere asmoa da hitz hori erabiltzea idazlea emakumea dela bereiztea beharrezkoa denean. Era berean, ‘poeta’ latinetik dator eta ‘andrea’ grekotik (‘gizon’ esan nahi du). Hitz jokoa polita iruditzen zitzaion. Bestalde, ez zion liburuari izenburu «ortodoxo bat» jarri nahi. Irakurlearen arreta deitu nahi zuen, bestela «aurkezpenean eta bizpairu apaletan geldituko zen liburua izango zelako».

Bere asmoa da emakumeek idatzitako literaturari zabaltzen laguntzea, euskal literaturari ekarpen bat egitearekin batera. Gustatuko litzaioke irakurleak idazleak emakumeak direla ahaztu gabe, berdin irakurri dezatela generoa kontutan izan gabe.