Iraitz Mateo

‘Haurrek hitza’, gerra haurren ahotsetik kontatzen duen liburua itzuli du Josu Zabaletak

Lidia Txukovskaia eta Lidai Zhukovaren liburua itzuli du Josu Zabaletak Katakrak argitaletxearekin. Gerraren gordina kontatzen duten testigantzek osatzen dute liburua, guztiak haurren ahotsetik kontatuta.

 

Josu Zabaleta bere azken liburua eskuetan, ‘Haurrek hitza’
Josu Zabaleta bere azken liburua eskuetan, ‘Haurrek hitza’ (Jagoba Manterola | FOKU)

«Gerraren aurkako eta bakearen aldeko manifestu gordina», halaxe definitu du Nerea Fillat Katakrakeko editoreak ‘Haurrek hitza’ liburuaren itzulpena. Josu Zabaletak ekarri ditu euskarara Lidia Txukovskaia eta Lidai Zhukovak jasotako hitzak. «Gogorra bezain laburra» dela adierazi dute Donostian egindako aurkezpenean, gertakari krudelez beteriko 80 orrialde aurkituko baititugu.

Bigarren Mundu Gerrako testuingurura eramango gaitu ‘Haurrek hitza’ liburuak; ohikoa ez den ikuspegi batetik, haurren begi eta ahotsetik hain zuzen ere. Milioi bat lagun baino gehiago ebakuatu zituzten SESBen mendebaldetik Uzbekistanera. Tartean berrehun intelektual baino gehiago egon ziren haurrak zaintzen; horietako bi izan ziren Txukovskaia eta Zhukova.

Bi autoreek idazle lana baino «idazkari» lana bete zutela aitortu du Zabaleta itzultzaileak. Izan ere, haurrek kontatutakoa jaso zuten, zuzenean: «Agian, beraien akatsekin; beraien erretorikarekin; momentu horretan mundua ikusten duten moduaren bidez kontatzen dute gerra». Adjektibo oso gutxi irakurriko ditugu liburuan, gerra bizitako haurrek «inolako dramatismorik gabe» kontatzen dutelako gerra, Zabaletaren arabera.

Testigantzak biltzen hasi ondoren, bizipen horiek argia ikusi behar zutela iruditu zitzaien bi autoreei. Hasieran, kapituluka argitaratu zuten bertako aldizkari batean, baina izandako arrakasta medio, testigantza guztiak biltzen dituen liburua ondu zuten eta 1942an argitaratu. Ez dago ez gazteleraz, ez frantsesez, ez ingelesez, ez italieraz... Errusieraz argitaratutako jatorrizko edizioa, eta orain, euskaraz; ez dago bestelako hizkuntzetara itzulita. Zabaletak azaldu du, egilearen eskubideak lortzeko familiarengana jo zutenean, harrituta bezain pozik galdetu zietela: «Nondik jakin duzue honen berri?»; galtzear dagoen liburu bat omen zen.

Ez da Zabaletak errusieratik itzultzen duen lehen lana. Txukovskaiaren beste bi lan ere itzuli zituen Katakrakekin: ‘Sofia Petrivna’ (2019) eta ‘Urpean Murgildu’ (2021). Horrelako lanak itzultzeko Zabaletak adierazi du idazlea zein mundutan bizi den galdetu behar diola itzultzaileak bere buruari. Eta hori dela berak orain artean egindako lana: Txukovskaiaren pentsamendu-mundua eta bizi-mundua ezagutu eta ulertu; testuingurua, pentsakera (baita zein iturriteatik edaten duen ere), eta eguneroko bizitza.

Momentuari lotutako argitalpena

Pillatek aitortu du, Donostian aurkeztu berri duten azken liburua ez zegoela argitalpenen plangintzan, baina Zabaletak egin zien proposamena eta argitaletxearen balioekin eta unearekin bat egin zuela ohartu ziren: «Katakrakek momentuko gatazka politikoaren eztabaida sustatu asmo izaten du, aukera paregabea zen bizitzen ari ginenarekin liburu hau». Gaur egun Ukraniako haur askoren bizipenekin bat egingo dutenaren ustea du editoreak.

Katakrakek gerraren aurka eta bakearen alde egiten duen apustuaren adibide dira liburu hau bera eta bi aste barru argitaratuko den Raul Sanchezen ‘Esta guerra no termina en Ucrania’ liburua, Pillaten arabera. Abenduan, Durangoko Azokara eramango dituzten bi nobedade izango dira.