Alaia Sierra

Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria, lehenengo Euskadi Literatura saridunak

Uxue Apaolaza, Leire Bibao eta Maite Mutuberriarentzat izango dira aurtengo lehenengo Euskadi Literatura Sariak. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira.

Maite Mutuberria, Leire Bilbao eta Uxue Apaolaza, beren lanak erakusten, Gasteizko Artiumen eginiko ekitaldian.
Maite Mutuberria, Leire Bilbao eta Uxue Apaolaza, beren lanak erakusten, Gasteizko Artiumen eginiko ekitaldian. (Raul Bogajo | Foku)

Euskadi Literatura sariak jaso dituzten lehenengo sortzaileak jakinarazi dituzte ostegun honetan. Uxue Apaolazari egokitu zaio Euskarazko Literaturarena, Leire Bilbao izan da Euskarazo Haur eta Gazte Literaturan irabazlea eta Maite Mutuberriak eskuratu du Ilustrazioarena.

Ostegun honetan jakinarazi ditu irabazleak Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiriak sortzaileekin batera Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Sailburuak azpimarratu duenez, sari hauek «garrantzia berezia» daukate idazlez osatutako epaimahaiek aukeratzen dituztelako saridunak. Bide batez, Euskadi Literatura Sarien helburu «nagusia», irakurzaletasuna sustatzearekin batera, sortzaileentzat «errekonozimendu publikoa eskaintzea eta lanean jarrai dezaten animatzea» dela zehaztu du.

Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ ipuin bildumaren inguruan, epaimahaiak «identitateen eta alteritateen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen» duela baieztatu du. Idazleak berak «bakarka irakurtzeko» lana sortu duela zehaztu du: «literaturaren jolasa ulertzen dutenentzat idatzi dut, intimitatean irakurtzekoa da».

Gazte Literatura saria Leire Bilbaori emango diote ‘Barruko hotsak’ poesia lanagatik. Epaimahaikideentzat «errimaz eta erritmoz betetako poesia bisuala da, belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko». Bilbaok ostegun honetan azaldu duenez, egun arrunt baten soinuak biltzen dituen lana da: «Gure giharrek goizean luzatzean egiten duten soinutik gure buruetan sortzen den idea batek egiten duen zarataraino».

Aurtengoa ez da Bilbaok jasotzen duen lehenengo Euskadi Literatura Saria, 2017an kategoria berean sariduna izan baitzen, ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’ lanarekin. Hau eta baita ‘Barruko hotsak’ ere Maite Mutuberriak irudiztatutakoak dira.

Mutuberria da, hain zuzen,Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian ematen den sariaren irabazle. ‘Irrimola’ liburu-objektu biribilean haurren bizitzeko eran oinarritu dela azaldu du Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan. «Proiektu hau lantzen nenbilenean, haurrek jolas eta plazer hutsagaitik bizi direla erreparatu nuen, eta horretara fokatu nahi izan nuen ‘Irrimola’». Izenburuari dagokionez, ‘irria’ eta ‘zirrimola’ hitzen konbinazioa dela argitu du.

Sailburuak iragarri duenez, gainontzeko lau Literatura Sarien irabazleak, (Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz) datorren astean jakinaraziko dira. Bide batez, sariak banatzeko ekitaldia datorren azaroaren 24an Donostiako Tabakaleran ospatuko dela jakitera eman du.

Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.