NAIZ
Gasteiz

Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria, euskaltzain oso izateko hautagai

Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan egin den osoko bilkuran Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria euskaltzain oso izateko hautagai bezala aurkeztu dira. Azaroan egingo den bilkuran jakingo da nortzuk hartuko dituzten euskaltzain oso emerituen tokia.

Itxaro Borda eta Andres Alberdi hautagaiak.
Itxaro Borda eta Andres Alberdi hautagaiak. (Euskaltzaindia)

Itxaro Borda idazle lapurtarra eta Andres Alberdi hizkuntzalari gipuzkoarra dira euskaltzain oso izateko hautagai, ostiral honetan Gasteizko Etxezarra eraikinean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan, egindako osoko bilkuran jakitera eman denez. Borda Xarles Videgainen hutsartea betetzeko hautagaia da eta Alberdi Andoni Sagarnaren erreleboa hartzeko hautagaia da. Azaroan egingo den osoko bilkuran aterako dira euskaltzain oso berrien izenak.

Euskaltzaindiak ohar baten bidez gogorarazi duenez, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro ziren uda aurretik eta uztailaren 22an zabaldu zen bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Videgain ekainaren 30ean 75 urte bete zituenez, emeritu bilakatu zen, Euskaltzaindiko barne-arauek xedatzen duten legez. Berdina gertatu zen Sagarnarekin, uztailaren 11n bete baitzituen 75 urte.

Andres Alberdi

Andres Alberdi Gorostiaga, Getarian jaioa, Filosofian lizentziaduna da eta irakaskuntzan 38 urtez aritutakoa da. Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Lakuako Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.

2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Andres Alberdik.

Itxaro Borda

Itxaro Borda Oragarrekoa da familiaz Baionan jaio zen arren. Historiako goi-mailako ikasketak egin zituen eta gaur egun postari ofiziotik erretiratua da. Idazlea, poeta, artikulu eta abestiren testu-egilea da Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 2002an ‘%100 Basque’ lanarekin. Halaber, nobelak eta olerki-bildumak plazaratu ditu, bereziki Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianarekikoak. Euskaltzain urgazlea da 2021eko azaroaren 26az geroztik.