Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Ikatza jaso du NABIk Kattalingune kolokan jartzeagatik

Mari Domingi eta Olentzero Nafarroako Berdintasunerako Instituaren egoitzaren atarian izan dira ostiral honen eguerdian eta ikatza banatu dute, era horretan, Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBIQ+ zerbitzuaren lizitazio publiko berrian egindako murrizketak salatuz.

LGTBI kolektibo eta Kattalinguneko kideek ikatza eraman diote NABIri.
LGTBI kolektibo eta Kattalinguneko kideek ikatza eraman diote NABIri. (NAIZ)

Mari Domingi eta Olentzero, hainbat kidek lagunduta, Iruñeko kaleetan dabiltza. Eta ostiral honen eguerdian, lehenbiziko geldialdia, NABIren (Nafarroa Berdintasunerako Institua) ate aurrean egin dute. «Ikatza edo tarta?» galdetu dute biek. Eta erantzun argia jaso dute kideengandik. «Ikatza!»

Joan den azaroaren 25ean, Nafarroako Gobernuak, NABIren bitartez, zerbitzuaren kontratuaren lizitazio publikoa jarri zuen abian, eta, bertan, zerbitzua garatzeko iragarritako baldintzak «ez dira nahikoak», argitu dute gaurko protestan parte hartu duten kideek.

«Ikatza NABIri zerbitzu publiko bat prekarizatzeagatik, profesionalak kenduz profesionalizatu nahian», irakur zitekeen atean itsasi dituzten paperetan. Kattalinguneren «deszentralizazio» arriskua ere nabarmendu dute.

LGTBI kolektiboko kideek eta Kattalingorriko hainbat langilek lagundu dituzte Mari Domingi eta Olentzero. «Ikatza utzi diogu NABIri oraindik ez dakigulako zerbitzuarekin zer gertatuko den urtarrilaren 1ean, nola jarraituko duen, zenbat profesional izango dituen eta nola izango den arreta».

Zebitzuaren «jarraikortasuna» aldarrikatu nahi izan dute eta egora zein den plazaratu. «NABIren partetik ez daukagu informaziorik zerbitzuaren inguruan. Esan dute zerbitzuak jarraituko duela baina ez dakigu zein egoeran».

Lizitazio berriak aurrekontu txikiagoa aurreikusten duela nabarmendu zuten astelehenean egindako beste agerraldi batean. «Zerbitzua orain arte zegoen kalitate baldintza berberetan mantentzeko beharrezkoa zena baino balio nabarmen txikiagoa, eta langile berberekin, ia 38.000 euroko murrizketa», zehaztu zuten.