Orban beltz bat da aurreko lotailu gurutzatuaren lesioa andreetan

Miedema Arsenaleko jokalaria izan da lesionatzen azkena. Iaz Urrezko Baloia irabazteko zerrendan zeuden lehen hogei jokalarietatik bostek izan dute, tartean Putellas Barçako izarrak. Wrack «The Guardian»-eko kazetariak eta Eriksson Chelseako jokalariak esan dute «gehiago» ikertu behar dela.

Vivianne Miedema Arsenaleko jokalaria iazko denboraldiko partida batean.
Vivianne Miedema Arsenaleko jokalaria iazko denboraldiko partida batean. (Philip BRYAN | EUROPA PRESS)

Orban beltza bilakatzen ari da aurreko lotailu gurutzatuaren lesioa emakumezkoen futbolean. Izarretan erortzen azkena Vivianne Miedema Arsenaleko jokalaria izan da, baina pasa den urtean lesio hori pairatu duten izenen zerrenda luzea da oso. Gainera, Urrezko Baloia irabazteko sailkapenean zeuden lehen hogei jokalarietatik bostek sufritu dute: Alexia Putellas –aurtengo eta iazko Urrezko Baloiaren irabazlea– , Beth Mead (Arsenal), Miedema (Arsenal), Marie-Antoinette Katoto (PSG) eta Catarina Macario (Lyon). Horiez gain, beste hainbat jokalari esanguratsuk izan dute lesio hori, besteak beste, Dzsenifer Marozsanek (Olympique de Lyon), Ada Hegerbergek (Olympique de Lyon) eta Christen Pressek (Angel City).

Andrazkoen futbolean kezka eta zalantza ugari daude lesio horren inguruan; are gehiago, Gianni Infatino FIFAko presidenteak jakinarazi berri duenean Kluben Arteko Munduko Kopa bat eratu nahi duela –gizonezkoek duten modukoa–. Erabaki horren harira, Suzanne Wrack “The Guardian” egunkariko kazetariak eta Magdalena Eriksson Chelsea taldeko jokalari eta “i” egunkari britainiarraren zutabegileak salatu dute egutegia «estuegia» izateak futbolariek min hartzeko probabilitatea handitzen duela, eta aldi berean, aurreko lotailu gurutzatua haustekoa ere bai. Horrez gain, nabarmendu dute ezin dela kasualitatea izan urte honetan lesio hori izan duten hainbeste jokalari egotea, eta eskatu dute ikerketa «gehiago» egitea gaiaren inguruan.

Wracek eta Erikssonek duela bi aste argitaratu zituzten iritzi artikuluetan bat egin zuten esanez nahi baino gutxiago ikertu dela emakumezkoen gorputzaren inguruan, kontuan hartuta gero eta ohikoagoa den lesioa dela aurreko lotailu gurutzatua apurtzea. Horren harira, Erikssonek azpimarratu zuen Chelseako jokalariak «zortedunak» direla langile finak dituztelako entrenamendu zein partidetako karga kontrolatzen, eta jokalarien ongizate fisikoa eta mentala aintzat hartzen. Hala ere, aitortu zuen gutxi batzuek dituztela halako baliabideak, eta beste bakar batzuek dutela hori izateko adina diru. «Esaterako, Chelseara etorri aurretik, ez nuen inoiz lan egin fisioterapeutekin lanaldi osoan», azaldu zuen Erikssonek.

Era berean “The Guardian” egunkariko kazetariak salatu zuen hori gizonezkoetan gertatuko balitz, klubak eta futbola osatzen duten egiturak arazoaren muineraino iritsiko liratekeela, eta adibide hau jarri zuen: «Imajinatzen duzu Mbappe, Messi eta De Bruyne izango balira lesio bera izan dutenak hilabeteetako aldearekin? Eta jokalari horietako batek hiru aldiz pairatzea lesio hori? Megan Rapinoeri gertatu zaion bezala?».

Kritika gogorra, FIFA-ri

Horrez gain, Wrackek eta Erikssonek kritika egin zioten FIFAri urteko egutegiari beste txapelketa bat eransteagatik –Kluben Arteko Munduko Kopa–. Batetik, Suediako selekzioko jokalariari kezkatzeko modukoa iruditu zaio FIFAk hartutako erabakia ez kontsultatu izana, ez ligei ez jokalariei: «Ideia berrien alde nago, baina jokalariengan pentsatu behar da. Gero eta neurketa gehiago gehitzen bazaizkio egutegiari, iritsiko da momentu bat gehiegi izango dela». Bestetik, kazetariak FIFAren jarduna kritikatu zuen lesio horren inguruko ikerketan dirua inbertitu ordez, «jokalarien mugaz gaindiko» egutegiari beste txapelketa bat erantsi nahi izateagatik.

Hala eta guztiz ere, biek aitortu zuten halako txapelketa bat antolatzea ez dela «ideia txarra»; are gehiago, «ongietorria» litzatekeela, betiere, jokalariak erdigunean jartzen badira. Aldi berean, Wrackek nabarmendu zuen desorekak daudela batzuen eta besteen artean. Izan ere, jokalari onenek bost urte daramate atsedenik hartu gabe udaran, eta Europaz kanpoko beste zenbait taldek nekez lortzen dute Txapeldunen Ligako mailako aurkarien aurka aritzea. Eta, hain justu, horrek eragiten duela jokalari batzuek gutxi jokatzea, eta beste batzuek asko. Beraz, kazetariaren ustetan bi agertoki horietan aurreko lotailu gurutzatua apurtzeko aukera bertsua izan daiteke. Horrez gain, galdera hau utzi zuen airean: «Non geratzen da Munduko Txapelketa baten benetakotasuna, munduko jokalari onenen kopuru handi bat falta bada?».

Datorren urtean jokatuko den Munduko Koparen harira, Erikssonek arduraz begiratzen dio egutegiari. Izan ere, Munduko Kopa uztailaren 20an hasi eta abuztuaren 20an bukatuko da, eta jakinda liga irailaren lehenengo astean hasten dela, jokalariek soilik aste batzuk edukiko dituzte libre txapelketa hasi baino lehen. «Bi asteko tartea izatea ez da nahikoa, kontuan hartuta aste horietan atseden hartu ordez, zure kabuz entrenatzen duzula sasoia mantentze aldera», azaldu zuen Chelseako jokalariak.