Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

ETA, PP-ren komodina, baita EAJ-rena ere

Beatriz Artolazabalek aste honetan egin ditu berriro ETAri buruzko adierazpenak, Olabide Ikastolako ekitaldian.
Beatriz Artolazabalek aste honetan egin ditu berriro ETAri buruzko adierazpenak, Olabide Ikastolako ekitaldian. (IREKIA)

Halaxe da, bada. ETAren desegitetik, erakunde horren armagabetzetik eta borroka armatuaren amaieratik, hurrenez hurren, kasik sei urte, kasik zazpi urte eta hamaika urte pasatxo bete direnean. Horretan bat egiten du azkenaldi luzean eskuinak, dela Espainia berriro gobernatu nahi duenak, dela Euskal Herriko mendebaldean –Euskal Autonomia Erkidegoa– gobernatzen segitu nahi duenak. Biek ala biek beren helburuak lortzeko, beste indarrak higatzeko eta, maiz, estutasunetatik ateratzeko erabili ohi dute ETAren komodina. Oposizioa egiteko edo gobernatzeko, bietarako balio die. Ipurdia agerian geratzen direnean ere erabiltzen dute, ez dutelako beste argudiorik aurkitzen deseroso zaizkien gaiei heltzeko. Pobre eta aspergarri ere bilakatu da ETAri buruzko aipamena, ateraldi hutsaren eta hutsalaren itxura hartu baitu.

Feijoo PPko buruak Sanchez Espainiako presidenteari presioa egiteko erabiltzen du, baita ultraeskuinarekin dituen itunak zuritzeko ere. Nola ez dute, bada, PPkoek Vox-ekin gobernatuko PSOE Bildurekin –hau da, ETArekin– ari denean?

Sanchez gorriekin, independentistekin eta terroristekin ari dela diote ia egunero, eta bide batez Otegi Espainia mailako politikan buruzagi aipatuenetako bat bilakatu dute.

Indarkeria ez zela arazo nagusia ere deskubritu dugu, Feijoo kexu baita orain borroka armatuarekin baino gauza gehiago lortzen ari omen direlako ezkerreko independentistak, hori ere, antza, eskuinaren amorrurako, dela Espainia gobernatu nahi duenarentzat, dela EAE gobernatzen segitu nahi duenarentzat. Jelkideek, alabaina, beste ikuspuntu bat izan beharko lukete, kolaborazioaren bidez Euskal Herriaren interesen araberako helburuak finkatzeko. Norbait hasiko da musika horren nota batzuk jotzen?

«De Miguel» eta obsesioak

Esan bezala, estutasunetik ateratzeko erabili ohi dute ETA. Hori aipatuta arreta betikora desbideratuko delakoan. Halaxe egin zuten jelkideek ‘De Miguel’ auzian izandako azken berrien ondotik, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi ondotik. «Otegiri ez diot entzun ETAren estortsioak ekarri zuen ustelkeriagatik autokritika egiten», adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Bingen Zupiriak.

Unean uneko ateraldietatik harago, ordea, ETAren gaiari heltzeko asmoa eta gogoa dagoela dirudi. Beatriz Artolazabalek berriro egin du. Behar ez zen tokian, ‘batalla del relato’ delakoan sartu da ETAri sorrera-sorreratik zilegitasuna kentzeko. Izango du horrek norgehiagoka politikoan asmoren bat, berehala datozen hauteskundeetan ere, ETAren jokerraren tokiz kanpoko erabileran bidez, EH Bilduren hazkunde aukerak mugatzen saiatzeko-edo. Artolazabal hautagaiaren kasuan, gainera, sakoneko obsesioa dela ondoriozta daiteke, historia modu jakin eta zehatz batean idatzi nahi duten erretxindutako sektore batzuen ordezkari gisa. Kontuz ibili beharko du, horratik, bere kontakizuna osoki saltzea lortzen ez badu. Zer esango du orduan? Euskal gizartea gaixo dagoela, espainolismo gotorrenak esaten duen moduan? •