Jon Ormazabal

Mariezkurrenak mina nabaritu du eta Eskirozek ordezkatuko du berriz Idiazabalen

Huts egiteko inolako aukerarik gabe jokatuko dute ostiralean Zornotzan Ezkurdia-Martijak gora begiratu nahi duten Urrutikoetxea-Albisuren aurka.

Hirugarren astez jarraian, jokatu ezinik geratu beharko du Jon Mariezkurrenak.
Hirugarren astez jarraian, jokatu ezinik geratu beharko du Jon Mariezkurrenak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bezperan, Idiazabalen bertan egindako material aukeraketan oso itxaropentsu agertu bazen ere, Jon Mariezkurrenak mina sentitu du eskuin eskuan handik ez oso urrun, Beasainen, gaur egindako entrenamenduan eta larunbatean ez du bere burua larunbateko txapelketako partidan jokatzeko moduan ikusi. Aurreko bi asteetan bezala, Iosu Eskirozek ordezkatuko du Berriozarreko atzelaria eta berriz ere puntua eskuratzen saiatuko da Elordi-Zabaletaren aurka. Gogoan izan behar da lehen itzulian, Zornotzan, Baikoko atzelariak ez duela partida hau jokatu eta Morgaetxebarriak hartu zuen orduko hartan bere tokia.

«Binakako entrenamendu bat egin dugu, nahiko sentsazio onekin hasi naiz, baina oraindik molestia txiki batzuk ditut, ez nago prest, nik uste, larunbatean jokatzeko eta ea  hurrengorako egoten naizen», azaldu du nafarrak bere enpresako web orrialdean jasotako adierazpenetan. Azken bi postuak nahikoa atzean utzi eta gero, play offerako ahalik eta hobekien heltzea da, oraintxe, Baikoko bikotearen lehentasuna.

Azken aukera Zornotzan

Oso bestelakoa da Ezkurdia eta Martijaren kasua eta txapelketan bizirik jarraitzeko dituzten aukera urriei eusten saiatuko dira ostiral gauez Zornotzan, Urrutikoetxea-Albisuren aurka. 10 aste pasa badira ere, sasoirik onenera heldu ezinik dabiltza 2020ko txapeldunak eta, geratzen zaizkien lau partidak irabazita ere, zaila dirudi aurretik dituzten bikoteei oraintxe ateratzen dizkieten hiru puntuak, gehi tantoen aldea, errekuperatzea.

Zornotzakoak, gainera, ez dirudi euren dohainetara hobekien moldatzen den pilotalekua denik, baina Aspeko sakandarrek ez dute aukeratzen ibiltzerik. Aurreko astean nolabaiteko sendotasuna berreskuratu izanaren zantzuak utzi ostean, euren onena ematen hastea baino ez zaie geratzen. Martijak hobera egin ostean, Ezkurdia da oraintxe erremateetan asmatzen hasi behar dena. Boleaz erritmoa jartzen saiatzea ondo dago, baina ezker gantxoarekin ere asmatu beharra dauka arbizuarrak aurrera egin nahi badute. Irabaztea lehen helburua izanda, ahalik eta tanto alderik handienarekin egitea ere komeni zaie nafarrei.

Urrutikoetxea-Albisuk, euren aldetik, aurrera pausu handia eman zuten igandean Jaka-Arangureni irabazita eta gora begira jartzeko aukera polita dute Zornotzan.