Jon Ormazabal

Eskirozek Imaz ordezkatuko du Markinan eta bi astez jarraian Zabaletaren aurka jokatuko du

Oiartzungo atzelariari eskuin eskua izorratu zitzaion igandean Eibarren eta gutxienez aste honetan atsedena hartu beharko du. Mariezkurrena kantxetara itzultzeko moduan egotea espero da, larunbatean Labriten.

Iosu Eskirozek hirugarren astez jarraian lehen mailako txapelketan jokatuko du, oraingo honetan Lasorekin batera.
Iosu Eskirozek hirugarren astez jarraian lehen mailako txapelketan jokatuko du, oraingo honetan Lasorekin batera. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Igandeko Astelenako partida amaitu berritan aurreratu zuen Ander Imazek berak eta gaur egin du ofizial Baikok; oiartzungo atzelariaren eskuin eskua izorratuta dago eta, «gutxienez asteburu honetan» pilotariak atseden hartu beharko du. Bilboko enpresak igorritako mediku txostenean esaten denez, «Ander Imazek min hartu zuen eskuin eskuan pilota bat jotzean atzo Eibarren jokatutako partidan. Hantura eta edema ditu eskuin eskuko metakarpoko bigarren eta hirugarren hezurretan, eta baja da Binakako Txapelketako hurrengo partidarako».

Gauzak horrela, larunbat honetan Markinan jokatzekoa zuen Elordi-Zabaletaren aurkako partidan Iosu Eskirozek ordezkatuko du. Bitxia da zeren Makirriaingo atzelariak azken bi aste hauetan min hartuta izan den Jon Mariezkurrenaren ordezko gisa jokatu du eta larunbatean bertan bikote honen aurka aritu zen Peña lagun zuela Idiazabalen eta 22-11 galdu zuten. Astebeteren bueltan bi aldiz jokatu behar izango du hortaz, egungo atzelaririk indartsuenaren aurka eta, esaterako, Jon Mariezkurrenak ez du oraindik etxarrendarraren aurka jokatu Binakako osoan, elkarren aurka aritzea tokatu zaien bi aldietan Berriozarrekoa min hartuta egon delako.

Aste honetan, ordea, jokatzeko moduan egotea espero da, hala iragarri du behintzat bere enpresak eta hiru asteren ostean, larunbatean berragertuko da, Iruñeko Labriten. Finalerdietarako matematikoki sailkatzea helburu izango duten Altuna III.a-Tolosa izango dituzte parean. Bigarren postu hori ziurtatzeko bi bide dituzte Aspekoek, Labriteko euren partida irabazi edo Markinakoan Laso-Eskirozek eurena galtzea.