Andoni Lubaki
Bakhmut

Bakhmuterako «leherketen errepidean» barrena

Bakhmut hiri estrategikoan bataila gogorrak dituzte Ukrainako Armadak, tropa errusiarrek eta Wagner dibisioak. Moskuk kontrolpean hartuko balu, galera iaz Sievierodonetsk galdu zenekoaren adinakoa edo are handiagoa izango litzateke Kieventzat.

Ibilbide bakarra dago eta egunero bonbardatzen du artilleria errusiarrak. Batzuetan granada autohigiarazien erasoak ere izaten dira: RPG beldurgarrienak. Egun batzuetan ez dute zirkulatzeko baimenik ematen segurtasun-arrazoiengatik. Egoera hain da delikatua, non, nahiz eta Ukrainako Defentsa Ministerioak esan eremua kontrolpean duela, edozein unetan alda daitekeen dena. Azken hamabost egunetan egoerak okerrera egin du; hirira sartzen diren boluntarioek gauean ematen dituzten azalpenek goizean ez dute deus balio.

GARA Konstantinosvkatik ateratzen den bidetik iristen saiatu da; Txasiv Iar gurutzatu eta arriskua ia ukitu daitekeen tokian sartu da; denek aldarrikatzen dute, baina inork ez du kontrolatzen.

Bakhmuteko biztanleei laguntzeko dagoen zentro bakarrera janaria eramaten duten boluntarioek aurrean jartzea erabaki dute. «Kristaua naiz, hil egin behar badut, bada hil egingo naiz. Jainkoaren nahia da», esan du Timoteok.

Ukraina Batuko kide gazteari Dimak lagundu dio. Bakhmuten jaio eta hezitako  gizona da Dima. Sorbalda zabalak eta inoiz ikusi ditudan eskurik handienak ditu. Bidea ezagutzen duela dio. Baina «leherketen errepidea» esaten diotenaren sarreran, bide beldurgarri honetan sartzeko baimena ematen dutenak militarrak dira.

«Errusiaren posizioetatik hurbilago dagoen beste bide bat bilatu behar dugu, ukrainarren sarrera-kontrolik ez dagoen lekua», esan du Timoteok. Dimak dio ibilbide hori ez duela inoiz probatu, eta azken egunotan ez duela horri buruzko informazio handirik.

Gizon bat kale huts batean, suntsitutako eraikin baten parean, Siversken. (Andoni LUBAKI)

Galdu egin gara

Txasiv Iar aldera jaitsiko gara, eta beste bidegurutze bat hartuko dugu. Dena estutuz doa, gurpilek irrist egiten dute, izotzetan ez bada, lokatzetan. Askotan gelditu eta bultza egin behar izaten dugu aurrera egin ahal izateko. Artilleria-tiroak entzuten dira, bai sarrerakoak bai irteerakoak. Eztanda bat entzuten den bakoitzean Dimak ingurura begiratzen du. Galdu egin gara.

Ez dugu aire zabalean egon nahi. Drone espioiren bat zelatan egon daiteke eta zehaztasun kirurgikoarekin obus batek jo gaitzake. Frontea gertu dugu eta morteroek ere jo gaitzakete. Muinoan behera abiatu gara. Basora. Zerutik ikusi ezin gaituzten lekuren batera. Nahi gabe, Bakhmuten kanpoaldeko fronte batean sartuko gara, Ukrainako azken defentsa-lerroan. 93. dibisioko militarrek ez dute sinesten, ez dakite gurekin zer egin. Eskuliburuan ez du jartzen horrelako egoeretan zer egin. Lurra zulatuta dago. Hemen zuloak obusek egindakoak dira eta igerileku izoztuak bezain handiak dira. Autoek ozta-ozta igaro dute basoa.

Nahi gabe, Bakhmuten kanpoaldeko fronte batean sartuko gara, Ukrainako azken defentsa-lerroan. 93. dibisioko militarrek ez dute sinesten, ez dakite gurekin zer egin.

Tankeen eta artilleria-posizioen artean, eta ibilbiderik seguruenerantz gidatzen gaituzten militarren jarraibideekin, irtetea lortu dugu. Bi auto leherrarazi dituzten tokitik 200 bat metro aurrerago.

Orain Bakhmuteko muinoa jaistea besterik ez zaigu falta. Zatirik arriskutsuena da, ostera, Errusiako tropek gehien kolpatzen dutena eta ibilgailu gehien suntsitzen dituztena. Azeleragailua barruraino zapaldu du gidariak, autoaren osasuna axola izan gabe. Arriskua txikiagoa den posizioetara ailegatu gara, baina oraindik hor dago arriskua.

Horrelako «bidaia» baten ondoren, segurtasun sentsazio faltsua izan ohi da. Kanpoan zortzi gradu zero azpitik egon arren, leihoa ireki beharra dugu. Tiro egiten badigute, entzumena zorroztu behar dugu, nondik eta zerekin egiten diguten jakiteko. Frankotiratzaile bati ez zaio entzuten, baina bai kalaxnikov bati.

Tiro zaparradak

Aldapan gora hasi garenean obus bat pasatu zaigu gainetik, metro gutxira eta ziztu bizian. Nonbait eman du, ez dugu ikusi, baina berriro azeleragailua barruraino zapalduta maldan  gora hasi gara, hirirantz oraingoan. Ez zaigu inporta non eman duen ere. Eztanda gertu nabaritu dugu eta hiriko toki seguruago batera iritsi nahi dugu, berriro tirokatu baino lehen.

Militarrak inguruan nabari ditugu, gordelekuetatik begira, tiro zaparrada baten zain. Lehendabizikoaren ondoren bigarrena etortzen omen da, ondoren hirugarrena eta horrela nork daki zenbat.

Ukrainako soldaduak badaezpada ezkutatuta daude. Hiriari ke kiratsa dario eta etxe askoren ondotik pasatzean ustel usaina ere antzematen da. Eraitsitako etxe azpietan ehunka lagun omen daude hilda, boluntarioek diotenez. Ikusi ez baina igartzen da egia dela. Hiri osoan zehar autoan goazela, une oro kirats horien arteko nahasketa antzematen dugu: ustel eta ke usaina.

Harrituta geratu gara; kalean jendea ikusi dugu normaltasun osoz ibiltzen. Errautsa besterik ez den etxe batetik gizon bat agertu da, agur egin digu autoan izututa goazela eta atzean utzi dugu. Ispilutik irribarrea sumatu  diot, ez dela posible pentsatu dut eta beldurtuta belarria erne mantendu dut tiro hots bila.

Gerra Usaina

Bidea kiskalitako auto askok oztopatzen dute. Mortero zuloak ere badira asfaltoan eta soildutako parkeetan. Bertan geratu diren biztanleek ez dute negu gorrian berotzeko ezer, parke eta lorategietan dauden zuhaitzetatik ateratako egurra baino ez.

Kaleetan sigi-saga ibili ondoren, Timok autoa gelditu du. «Iritsi gara», esan du eta autotik irten bezain pronto korrika atera gara irekita dagoen ate bakarrerantz. Handik eraikina zeharkatu dugu, alde batetik bestera eta hondakin artean. Ustel usaina berriro; oraingoan ke usaina baino nabariagoa, ordea. Azkeneko atea irekita, eraikin batzuen erdian jendea dago ate baten aurrean.

«Hiriko alde honetan dagoen babesleku bakarra da», esan du Timok. Oraingoan ez dago ustel edo ke usainik. 100 pertsonak baino gehiagok arnastean leihorik ez duen toki itxi batean uzten duten kiratsa dago. Hori ere gerraren usaina da.