Entrevue
Ane Azkona
Athleticeko jokalaria

«Printzipioz faboritoak gara Osasunaren aurka, baina izugarrizko lana egin beharko dugu»

Osasunak eta Athleticek Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute ostegun honetan Taxoaren (18.35). Talde biek asteburuko garaipenek lagunduta ekingo diote neurketari. Huelvan lortu zuten zuri-gorriek, markagailua irauliz eta bolada txarrari amaiera emanez.

Ane Azkona.
Ane Azkona. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aspaldiko asterik onena bizi dute Lezaman, Huelvan lortutako garaipenari esker. Portzentajeak kalkulatzea posible balitz, argi dago partida horrek Athleticek gaur Osasuna gainditu eta Kopako lauko finalerako txartela eskuratzeko dituen aukerak dezente handitu dituela. Baina «gero zelaian erakutsi behar da», gogoratu du Ane Azkonak, gaur etxean jokatuko duen futbolari zuri-gorrietako batek.

Aurpegitik irribarrea kendu ezinik jarraituko duzue.

Oso garaipen garrantzitsua izan zen. Irabazteak eta, gainera, markagailuari buelta emanda egiteak konfiantza izugarria emango digu.

Markagailua irauli, aurkari zuzen baten kontra, bolada txar luzeari amaiera eman, gainontzeko emaitzek lagundu... Amaiera borobila izan zen, baina zazpigarren minutuan 2-0ekoa jaso zenutenean, zer pasatu zitzaizuen burutik?

Kristoren kolpea izan zen. Aurreko bi asteak partida horrekin buruan eta hasi eta 2-0 jartzen zarenean... Baina, egia esan, ez zen izan aurreko partidak bezalakoa, aurrekoetan markagailua kontran jartzean taldea ez nuen ikusten han ikusi nuen konfiantzarekin; alboetara begiratu eta taldekideek, zelaikoek zein aulkikoek, konfiantza ematen zidaten, sekulako konbikzioarekin ikusten nituelako.

Denboraldi hasierako egutegiak min egin zuen, berriro ere belaunaldi aldaketa dago... Baina espero zenuen martxoaren 4an hain larri heltzea Huelvara?

Egia esan, ez. Baina Liga gero eta zailagoa da, talde guztiek fitxaketak egiten dituzte, gero eta profesionalagoak gara talde guztietan... Errealitatea hori da, Ligan gero eta lehia handiagoa dagoela. Eta guk aurre egin behar diogu; lan eginez, geure buruari exijituz eta gazteei ahalik eta azkarren eta hobekien egokitzen lagunduz.

«Ez nuen uste hain estu helduko ginenik martxora. Baina errealitatea da Ligan lehia gero eta handiagoa dela, eta guk aurre egin behar diogu, lan eginez, geure buruari exijituz eta gazteei ahalik eta azkarren eta hobekien egokitzen lagunduz»

Batzuei azkar heldu zaizue beteranotasuna. 24 urte besterik ez dituzu.

Bai, egia da, oso nagusiak ez gara gu ere. Baina horrela etorri da; belaunaldi berriak badaude eta indarrez sartu dira, eta denok hartu behar dugu dagokigun erantzukizuna.

Taldearen gaztetasuna eta zegoen egoera kontuan hartuta, meritu handiagoa du Huelvan lortutako garaipenak.

Argi dago. Eta adorea eman behar digu. Lehen aldia izan da markagailuari buelta ematen dioguna, gainera golak jokalari desberdinek sartuta, zelai zaila... Bertan gertatutakoak etorkizunean lagunduko digu.

Gaur, adibidez. Ez zinateke Taxoarera berdin helduko, galdu izan bazenute.

Ez dut uste nik ere. Gainera, talde berdintsuak direla pentsatzen dut. Oso talde gogorrak, euren zelaian are gehiago. Partida trabatuak izaten dira eta normalean ez dute ez gol asko jasotzen ez aukera asko ematen. Oso entrenamendu ona izan zen larunbatekoa gaurkoari begira eta, gainera, konfiantza eman dio taldeari.

Teorian, zortea izan zenuten zozketan: 2. mailako aurkaria eta bidaia motza. Partida gerturatzen doan heinean, zailtasun gehiago sumatzen dira?

Hasieratik izan dugu argi Osasunak oso ondo planteatzen dituela partidak, oso trabatuak izaten direla eta ez diola aurkariari inolako erraztasunik ematen. Printzipioz, faboritoak gara, 1. mailan gaudelako besterik ez bada ere, baina lan izugarria egin beharko dugu. Ilusio handiarekin helduko dira eta ilusio hori gure jokoarekin hozten saiatu behar dugu.

Talde biek duzue lana Ligan, zuek lasai ibiltzeko eta Osasunak igotzeko. Kopako partidan nabarituko da?

Ez dut uste, Kopak sekulako ilusioa pizten digulako bioi. Kontrakoa, berriz, gerta daiteke, aurrera egiten duenak bultzada bat har dezake denboraldi amaierari ekiteko, Ligan zein Kopan.

Topikoa ezin falta. Etxean jokatuta, partida berezia?

Bai, noski, berezia. Aste barruan denez, lagunak ezingo dira etorri, baina senideek animatuko gaituzte. Eurentzat ere berezia izango da.

Garaiz osatu zara partida jokatzeko. Nola bizi izan dituzu bi hilabete hauek?

Gogorrak izan dira. Askoz gehiago sufritzen da zelaitik kanpo. Baina dagoeneko gustura ari naiz entrenatzen eta jokatzen eta orain sentsazio onenak berreskuratzeko gogoz eta lanean.

Ez dakit Ibaiganetik pasatzeko denborarik izan duzun. Kontratu berritzeak heltzen ari dira, baina oraindik ez dugu zurearen berririk.

Hitz egiten ari gara eta hemendik gutxira erantzun bat emango dut. Esan ahal dizudana da Athleticen dauden baliabideak, instalazioak, baldintzak... ez dituzula beste klub batean aurkituko eta hori oso kontuan hartzekoa da.