Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Pantailen Garaipena’, jolas gaitezen ezkutaketan, itxi ditzagun begiak hobeki ikusteko

Iñigo Martinez Peñaren saiakera ikasle nerabeekin izandako solasaldietatik sortu da. «Klaseetan aspertzea historikoa da, baina eurena ez zen ohiko logurea». Bart, hirurak arte bideoak ikusten egon zirela aitortu zioten, ezin gelditu. Sufrimendu hori entzun, eta elkarguneak sortzea da asmoa.

Iñigo Martinez Peña, azken saiakera aurkezten, atzo Donostian.
Iñigo Martinez Peña, azken saiakera aurkezten, atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU)

‘Pantailen Garaipena, begiradaren totalitarismoaren kontra’ saiakera plazaratu du Iñigo Martinez Peñak (Gasteiz, 1975) Elkarrekin. Olatz Mitxelena filosofo eta idazleak hala dio hitzaurrean: «Liburuan ez dago pasatako garaietara itzultzeko gogorik, garai guztiek dituzte lurrin eta kiratsak. Gakoa begirada aztertzea da, eta aldatzea: nola egin bizigarriago bizi dugun mundu hau? Nola berreskuratu, begiaz harago, gorputz osoa?».

Idazlearen «usain fina» nabarmendu du Mitxelenak Donostian egindako aurkezpenean. «Jolas gaitezen ezkutaketan», proposatzen du Martinezek, «onar dezagun ulertezina, enigmatikoa, itxi ditzagun begiak hobeto ikusteko». Kiratsak kirats, ‘Pantailen Garaipena’-k leiho bat zabaltzen digu, eta eguna egurasten.

Amaieratik hasi

Bukaeratik hasi da egilea, bertako eskerretatik. «Zorretan gaude pertsona askorekin, ez zentzu ekonomikoan baizik eta existentzialean, sinbolikoan. Egungo norberak bere burua egite horrek kontrakoa dio. Baina ez da egia: ez dago bizitza aurrera eramaterik inoren laguntzarik gabe».

«Olatz, Xabier Mendiguren, Ana Galarraga, Zigor. Laguntza horri hitza eman nahi diot, hitza nahiko mespretxatua dagoelako. Zenbaki eta irudiek daukate prestigioa; hitza, aldiz, ahulduta, pobretuta dago, gure datuak eskuratzeko zurrunbilo digitalean galduta».

‘Mandamendu hipermodernoak’ aurreko liburuan, bizitza zifretara itzultzeko daukagun joera izan zen kritika nagusia, hazkunde etengabe hori nola hedatu den gure bizitzaren esparru guztietara.

Jarraipen gisa, gure garaiaren beste erpin bat izan du kontuan gasteiztarrak, irudiena. «Hitzen kontra bi estrategia daude: zenbakiak eta irudiak. Liburuaren ardatza egungo kapitalismo digitala kritikoki aztertzea da, digitalizazioak erabat batzen dituelako irudiak eta zifrak. Gure hitzak, datu edo informazio izatera murrizten dira gero eta gehiago».

Gu pantailari begira, eta pantaila guri

«Gu pantailari begira gaudenean pantaila ere guri begira dago, datuak harrapatzeko prest. Espiatzen gaituzte gure aztarnak ustiatzeko. Gure denbora behar du kapitalismo digitalak, gure lanean eta lanetik kanpo. Arretaren politika dago jokoan», ohartarazi du Filosofia eta Psikologia irakasle eta idazleak. «Badirudi bi aukera baino ez daudela: edo pantailan agertu edo pantailari begira egon. Den-dena grabatzeko joera dugu, eta inertzia hutsa dela ematen du».

Liburuan anekdota bat kontatzen du: joan den udan, aireportuan bidaiari heldu berriak agurtu eta besarkatu beharrean, lagunen irteera grabatzen zuten lehenbizi.

Begiradaren kartografia bat

Pantailen garaipenari ikuspegi orokorragoa eman nahi izan dio, irudiaren kultura orokorrean txertatuz, teknokraziaren atzapar zabalak aztertuz. Horregatik, kapituluetan begiradaren totalitarismoaren mapa bat osatzen ahalegindu da, puntu kardinaletan jarriz begirada.

Kapitulu bat ‘Goitik behera’ da, bestea ‘Atzera begira’, hurrengoa ‘Ispiluaren aurrean’... Begiratzeko puntu ilunak erakustea izan da asmoa. Adibidez, ‘Barrura begira’ atalean, eskanerren garaipena aipatzen da baina ez dute auskultatzearen garrantzia ordezkatu behar. «Auskultatzea adi entzutea da. Mediku lagun batek dioen bezala, ez dakit telemedikuntzaren ajea ez ote garen pairatzen ari».

‘Atzera begira’ horretan, memoria zibernetiko erraldoia aipatzen du, bideo eta argazkiak pilatzen baititugu jakinda ez dugula berriro ikusteko astirik izanen. ‘Aurrez aurre’ kapituluan, selfien fenomenoa aztertzen du. «Harrigarria da zenbat lagun hil diren etxe orratzen gainean, garabietan, selfie biribilaren bila. Bideozaintzaren inguruan ere bada kapitulu bat: begiak daude edonon, eta lanpostuetan, adibidez, zein ondorio psikologiko ekarriko du horrek? Bijilantziaren gizarteak konfiantzaren krisia ekarri du oro har».

Erresistentzia bideak

Liburuak erresistentzia bideak ere pentsatu nahi ditu, «ikusezinaren alde eginez, guztiok berezkoa eta beharrezkoa dugulako ikusezina».

Ikasle nerabeekin izandako solasaldiak dira saiakeraren abiapuntua. «Klaseetan aspertzea historikoa da irakaskuntzan, baina ez zela ohiko logurea ohartu nintzen, eta haiekin hitz egin nuen». «Hirurak arte egon naiz bideoak ikusten, ezin gelditu. Tik Token gehiago eta gehiago proposatzen dizkidate, eta 15 minutuko bideo bat ez dut ikusiko baina orduak pasa ditzaket 15 segundoko bideoak ikusten». Hortik hasi zen Martinez ikertzen.

Zalantza piztuta mantentzen du beti, ez dio inori erraten «hau ez erabili». Gehiago da gazteen sufrimendua entzutea.

Tutore bezala ibilbidea ikusi du: «Komunikazio digitalik ez zegoenetik hona zelan hirukoiztu den komunikazioa, edozein unetan mezuak jasoz, eta pentsatzen dut: hobetu da horrekin ikasle, guraso, irakasle harremana? Zurrunbilo handi batean komunikazio gehiago dago baina komunitate gutxiago».

Pertsonalki, «asko erotzen» dute mezu ugariek, momentuan erantzuteko beharra sartzen zaio, eta bere burua babestu behar du. Baina kezka hau nahiko orokorra dela ikusten du, gurasoengan, kuadrillengan, eta partekatzea da asmoa, gogoetatzea «nola bihurtu garen proletario digital», elkarguneak piztea horri buruz hitz egiteko.