Andoni URBISTONDO

Daniel Burgi Iguzkiza, 15 urte munduan zehar istorioak kontatzen

Daniel Burgi Iguzkiza kazetariak «Nuestros días contra la Covid» kronika liburua argitaratu zuen iaz, baina urte asko daramatza «freelance» jardunean. Ogibide ederra omen da, baina erraza ez: «Prekaritateak eta ziurgabetasunak jotzen gaituzte sarri».

Daniel Burgik hamabost urte daramatza “freelance” jardunean, bere gazi eta gozoekin.
Daniel Burgik hamabost urte daramatza “freelance” jardunean, bere gazi eta gozoekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Kazetaritzak, kontalari jardunak, ertz ugari ditu. Non lan egiten den, nola, norentzat… Erredakzioko epelean gustura aritzen dira batzuk; epeltasun horretan hotz, arrotz, deseroso beste batzuk.

Daniel Burgi iruinsemeak 15 urte daramatza kazetaritzan murgilduta (Iruñea, 1986). Freelance kazetaria da, berak hala erabakita, eta gustuko dituen gaiak landu eta horiei buruz idazten iraun du hamarkada eta erdi. Idatzi egiten du batez ere, baina ikus-entzunezko pare bateko gidoilaria ere izan da.

2008ko krisian kokatzen du bere hautuaren sorburua: «Urte hartan zaila zen lanpostu ziur bat lortzea erredakzio batean. Lantxo batzuk egin, sos batzuk bildu eta atzerrira joatea erabaki nuen, istorio bila», dio Burgik. Migrazioa, mugak, giza eskubideak eta tankera horretako gaiak ditu gustuko idazleak. Prekaritatea eta behin-behinekotasunarekin harreman estua duten gaiak: «Freelance jardunak berezkoak dituen bi ezaugarri, hain zuzen ere».

Madrilen urtebete eman zuen agerkari digital batean lanean, baina azkar egin zuen hegan. Groenlandiara egin zuen bidaia batek piztu zion barruko sua: «Josu Iztueta eta Ander Izagirrerekin joan nintzen, eta haien bizitzeko modu ez konbentzionalak lotu egin ninduen. Erreferente bilakatu ziren niretzat. Bizitza autentikoagoa daramatela esango nuke, eta niretzat inspirazio iturri izan ziren. Nire etorkizuna markatu zuen esperientzia izan zen hura».

Bidaia hartako espiritua mantentzen saiatu da azken urteetan: «Gaztea zarenean, energiaz beteta zaudenean da halakoak egiten saiatzeko unerik aproposena. 40 urtetik gertu ez da hain erraza konfort-zona horretatik aldentzea». Hausnarketa interesgarria bota du lan moldeei buruz: «Nire aita 40 urtez aritu zen metalurgia enpresa batean, eta esaten zidan egunero gauza ezberdinen bat egitea ahalbidetzen zuen ogibide bat edukitzea gauza ederra zela».

Hegan hasi zen, eta ez zuen lur hartu luzaroan: «Groenlandiatik bueltan Ander Izagirrerekin egon nintzen Bolivian, meatzeetan lanean aritzen ziren umeei buruz idazteko. Bueltatu ginen hara sarri ondoren». Afrikan ere ibili da, Latinoamerikan eta Asia erdialdean bezala: «Kirgizistan-en bizi izan nintzen zenbait hilabetez, bahitutako emakumeen ezkontzak ikertzen». Lan hura Gabriel Garcia Marquez kazetaritza sariko finalista izan zen. 2013tik 2016ra bitarte giza-larrialdietako kazetaritzan murgildu zen, hainbat GKErentzat lan eginez: Nepalgo lurrikara 2015ean, Filipinetako tifoia 2013an, Afrikak jasan dituen goseteak… «Batez ere, migrazioaz, Europako mugei buruz eta behartutako desplazamenduez idatzi dut, Mediterraneoan sarri. Orain arazo hori etxean bertan daukagu, Bidasoa ibaiko mugan».

Onartzen du tartean behin beste hainbat lan egin behar izan dituela, sos batzuk irabazteko. «Etxetresna elektrikoen eskuliburuetarako testuak idaztetik hasi eta higiezinen agentzia baterako argazkiak atera arte. Denok egin ditugu gustuko ez ditugun lanak, baina, behintzat, nire balioak arriskuan jarri gabe».

Idatzizko kazetaritzaz gain ikus-entzunezko alorra ere landu du Burgik. “Las pelotaris” dokumentalean parte hartu zuen 2015ean, pilotan aritzen ziren emakumeei buruzko ekimenean, eta 2020-21ean “Mendiak 1976” dokumentaleko gidoilaria izan zen. Dokumental horrek Mendi Film ekitaldiko sari nagusia lortu zuen.

Alde ezkutua

Freelance kazetariaren bizitza ondo ezagutzen du Burgik, eta aho bizarrik gabe dio ez dela lan erraza. Zergatik, bada? «Erromantizismo begiekin begiratzen den lanbidea da, ogibidearen gauza onak goretsita, baina alde ez hain politak ere baditu. Autonomoa den edozein langilek bezala. Prekaritateak informazioaren kalitatea baldintzatzen du, eta baldintza horrek eragin zuzena du munduari buruz dugun ikuspegian, ditugun iritzietan».

Daniel Burgi Iguzkiza kazetaria, Iruñeko kaleetan. (Iñigo URIZ / FOKU)

Lan ziurrik gabe, kazetariak bere zorroztasuna eta independentzia galtzeko arriskua duela dio nafarrak: «Prekaritateak, ziurgabetasunak, kalitateari eragiten dio, eta azkenerako, freelance kazetaria hautu bat egitera behartzen du: egiten duena egiten jarraitu edo lanbide ziurrago bat bilatu. Nahi ez dituzun lanak onartu beharra ere bai, ezezkoa emanez gero lan gehiago ez emateko arriskua dagoelako». Burgik berak tarteka zalantza asko izan dituela onartu du.

Pablo Gonzalez-en egoeraz oroitzeko ere baliatu du prekaritatea: «Kazetaritza egiteagatik dago kartzelan, urtebete pasa dagoeneko. Hori ere ziurgabetasuna da». Gonzalez-ek Euskal Herrian jaso duen elkartasun oldea freelance kazetarien artean oso ohikoa dela nabarmendu nahi izan du: «Gazte askok freelance kazetaritza lehiakorra dela uste dute, gure artean muturrekoka gabiltzala esklusiba onena nork lortu, eta ez da horrela. Lagundu egiten diogu elkarri, beti daukagu nori deitu gure zalantzak argitzeko. Ez dugu lankidearen lana lapurtzen, elkarri lagundu baizik, eta hori daukagun altxor bakarretakoa da».

Freelance kazetaritza eta kazetaritza bera sinesgarritasuna galtzen ari dela adierazi du Daniel Burgik: «Gure lanengatik ordaintzen den prezioa gero eta apalagoa da, eta gure irakurleak ‘informazio-kontsumitzaile’ soil bihurtu ditugu paradigma-aldaketarengatik. Komunikabide eta plataforma digital askok negozio bat dute; funtsean, masiboki bete behar dituzten eduki biltegiak izatera mugatzen dira, euren agenda sortu beharrean. Garrantzirik gabeko eduki merkeekin eta kalitate baxukoekin betetzen dituzte pantailak, eta horrela zarata ozeano bat sortzen dute. Eduki batetik bestera pasatzen gara hatza pantailan irristatuz, irizpiderik gabe. Horri kazetaria bera protagonista bilakatu dela gehitu behar zaio: streamer-a, bere egoa eta nartzisismoa elikatzen dituen kazetaritza baten gorakada betean gaude, eta kazetaritza hori gizarte osoaren porrota da, nire ustez».

Egindako analisi gordinean garbi utzi du ez duela negarti itxurarik eman nahi: «Nahi dudalako naiz kazetaria. Askatasun handia eman dit, nahi dudan moduan egin ahal izan ditut lanak, editore edo komunikabide handi baten babesik gabe, ondorio batzuk onartuz. Ziurgabetasun jakin bat onar dezakezu, baina ziurgabetasuna eta prekaritatea ezberdinak dira». Gaixotasun bat izan zuen pandemia aurretik, 2019an, eta autonomoa zen neurrian babesik gabe sentitu zen erabat: «Ez neukan lan saririk bajagatik, lana egin ezin eta une gogorrak izan ziren». Kazetaritzaren bi aurpegiak hartu ditu ahotan: «Egun batean sekulako proiekzio publikoa daukazu, eta hurrengoan alanbrean zintzilik zaude».

Bi urteko lana liburua idazten

“Nuestros días contra la COVID” liburuarekin azaldu da kazetaria hitzordura. 400 orrialdeko liburua, bi urteko lana. Iazko udaberrian argitaratu zen, eta pandemiaz harago doan liburua omen da: «Liburuaren ardatza pandemian sortu zitzaizkidan galderen erantzuna da: pandemian lanean aritu den jendea, zaintzan aritu direnak, etxerik ez zuen jendea non zegoen, landa guneetako medikuak non zeuden…».

Nafarroako Gobernuak eskatutako liburua da, baina erabateko askatasuna eman zioten lana nahieran osatzeko: «Esan nien kronika bat izango zela, non ez ziren ez kargu publikoak, ezta politikariak ere agertuko. Kutsu sozial handikoa izango zela, jende arruntaren testigantzekin. Egile-liburua da». Bi inspirazio izan ditu liburua idazteko: Svetlana Aleksyevitx idazle bielorrusiarra bata: «Oroitzeak beldurra ematen du, baina ez oroitzea are larriagoa», da bere esaldi ezagunenetakoa. Aleksyevitx-en aipua oroitzeko beharretik omen dator: «Liburua orain ere irakur daiteke, baina bost edo hamar urte barru, perspektibaz irakurtzeko ere aproposa izanen dela esango nuke». Bigarren inspirazioa John Steinbeck idazle estatubatuarra izan du: «Idazle batek miresten duenari buruz bakarrik idatz dezake», esan zuen hark.

Egilea, pandemiaren inguruan argitaratu duen liburua eskuetan hartuta. (Iñigo URIZ / FOKU)

Migrazioa, memoria historikoa, biolentzia matxista… Gai asko jo ditu kazetariak liburuan. Mohamed-en istorioa aipatu du: «Mauritaniatik ihes egin eta erietxeko maindireak garbitzen dituen mutila, pandemian errefuxiatu estatutua lortu zuena. Liburua jendeaz mintzatzen delako, ez pandemiaz». 40 elkarrizketa pasa egin zituen kazetariak, eta zenbaitzuekin behin baino gehiagotan elkartu zen luze.

Liburua bichoneta-rekin hasi eta bukatzen da, Nafarroan COVID gaixoak jasotzen zituen furgonetari eman zitzaion izen bitxi horrekin. Zehazki, Unai Beroiz argazkilariak furgoneta horretako langileekin egindako 24 orduko lan txandarekin. «Liburua Gobernuak furgoneta horren zerbitzua ixten duenean bukatzen da, funtsezkoa izan zen zerbitzua». Prekaritatea bueltan da Burgiren idatz luman; pandemian ezinbestekoak izan zirenak langabezian geratu ziren unea.

Burgik komeriak izan zituen liburua osatzeko. «Egon ziren uneak non pentsatu nuen ez nuela bukatuko. Entrega epeak gainditu nituen sarri, eta ataskatuta egon nintzen askotan. Egitura finkatzea izan zen lan denetan zailena». Zirkulu itxurako egitura eman dio errelatoari: mina, galtzen dena, zaintzak eta egunerokora buelta. Argazki sorta benetan aberatsa dauka liburuak: «Argazkilaria ere banaiz, eta inguruko kideei aipatu nien aukera. Kide batzuk zenbait komunikabidek pandemian euren argazkiei emandako tratamenduarekin ez ziren konforme, eta han eta hemen arakatuz erretratu benetan interesgarriak topatu ditugu».

Urtebete pasatu da liburua argitaratu zenetik, eta kazetaria berrindartzeko ahalegin betean dabil gaur egun. Jendartearen gehiengoa bizi den konfort-gunera bueltatu da azken hilabeteetan, Nafarroako Gobernuan aritu baita ordezkapen bat egiten migrazioen politika sailean, komunikazio arloan: «Ondo etorri zait arnas pixka bat hartzeko. Beharrezko etenak dira, beti ezin duzulako korrika ibili hara eta hona. Estresak akabatu egiten zaitu. Lan txarrek jazartzen zaituzte, fakturek… Gelditu egin behar zara tarteka», adierazi du zintzo.

Lan hori bukatzear da, eta ideien, proiektuen makina abian jarri du kazetariak, dagoeneko: «Aurten lasai pasatuko dut. Ondoren Kirgizistan aldera bueltatu nahi nuke, lehen aldiz egon eta hamar urte geroago, Sobiet Batasuna osteko espazioa dastatu berriro». Freelance kazetariaren ziurgabetasun egoerara bueltatuko du erabaki horrek Burgi. Konfort-gunearen gozoa dastatu ostean berriro alanbrean zintzilik egoteko grina esnatu zaion seinale. •