Jon Ormazabal
Entrevue
Jon Apezetxea
Aspeko teknikaria

«Elordi eta Tolosa apustu bat izan ziren enpresa aldetik eta begira, biak finalerdietan daude»

Igandean erabakiko da Bilbon nortzuk izango diren hurrengo asteko Binakako finaleko Unai Laso eta Ander Imazen aurkariak. Aspeko bi bikote, lehen faseko bi indartsuenak, elkarren aurka ariko dira. Aspeko teknikari Jon Apezetxea (Goizueta, 1988) NAIZekin solastu da dema erabakigarri honen atarikoan.

Jon Apezetxea, Jokin Altunarekin hitz egiten.
Jon Apezetxea, Jokin Altunarekin hitz egiten. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Nola ikusten duzu igandeko Bilboko partida?

Bi bikoteentzat oso zaila. Batzuk galtzetik datoz eta besteak irabazita, baina Elordi eta Zabaletak egin duten txapelketa ikusita, bere aukerak izango dituzte, eta Jokinek [Altuna] eta Xabik [Tolosa] ere bai. Giltza ez dakit non egongo den, badakit topikoa dela %50ean dagoela esatea, baina Altuna eta Zabaleta hor egonda, nik oso-oso irekia ikusten dut.

Zer izango da orduan, ea bietako nork eramaten duen bere eremura partida: Jokinek aurrera eta Zabaletak atzera?

Bai, nik uste hor egon daitekeela gakoa. Jokinek nahiko du jokoa aurrera eraman eta Zabaletak atzera; baina ikusiko dugu, betiko finalerdi indartsu horietako bat da eta partida detaileetan joango da.

Bilbon jokatzeak bakarren bati mesederik egiten dio?

Nik uste dut ezetz, frontoi ederra da. Hemen Jokinek eta Xabik irabazi zuten aurrekoan, baina hori anekdota bat izan daiteke, ze 22-21 amaitu zen. Eta egun guztiak desberdinak dira, materiala ere desberdina izaten da eta orduan ez dut uste inori komeni zaionik edo kalterik egiten dionik Bilbon jokatzeak.

Presioa kudeatzen jakiteak ere sekulako garrantzia izango du. Horretan badirudi Elordiri azken partidan erantzukizunak eragin ziola...

Bai, nik uste dut pixka bat urduri jarri zela hasiera horretan bi pilota galdu zituelako. Haiek onak irten balira, nik uste hobeto eramango zukeela, baina beno, nik uste beste Aitor bat ikusiko dugula igandean.

Horretan Xabi Tolosak plazagizona dela erakutsi du orain arte.

Bai, Xabi ongi dabil horretan, presioa oso ondo eramaten du, oso mutil lasaia da. Azkeneko partidan asko zuten jokoan eta ikusi zen bere lekuan izan zela.

«Gu pozik gaude, bikote bat behintzat finalean daukagu, bolada honi eutsi nahi diogu eta ez da erraza izango»

Alde horretatik, Elordi eta Tolosa izan dira Asperen bi ustekabeak aurtengo Binakakoan.

Bai, oso oso pozik gaude, apustu bat izan zen enpresa aldetik eta begira, biak finalerdietan eta bat finalean egongo da, gure aldetik oso pozik gaude.

Eta orokorrean, txapelketarekin? Lehen fasean ematen zuen bi bikote izan zenitzaketela finalean, aurreko larunbatean biak izan zitezkeela Baikokoak...

Nik uste hori gehiegi dela, besteek ere jokatzen dute; Laso, Mariezkurrena, Peña eta Imaz hor izanda, edozein sartu ahal zen, horretan dudarik ez egin. Gu pozik gaude, bat behintzat finalean daukagu, bolada honi eutsi nahi diogu eta ez da erraza izango.

Peio Etxeberriak eta Rezustak Zornotzan izan zuten Laso eta Imaz kanpoan edo kinka larrian uzteko aukera eta orain damutuko ez ote zaizuen...

Bai, baina hori da txapelketa, tanto bakarraren aldeaz nola aldatzen den dena; aurrekoan Gasteizen ere tanto batez... Baina beti esaten dudana, Lasok-eta asko jokatzen dute pilotan eta zer esango dizut, gure aldetik pena da Ezkurdia eta Martijak ez dutela euren maila eman, baina bestela beste pilotari guztien lanarekin oso pozik gaude.

Ezkurdia-Martija txapeldun izandako bikote bat zen, baina kosta zitzaien lehiakor izatea. Zer pasa zitzaien?

Ez dutela eurena eman, momentu txarrean harrapatu zituen txapelketak. Badakigu entrenatzen eta dena ematen dutela, baina halakoak gertatzen dira eta egingo dute gora, ziur.