Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Arrizabalagak laugarren txapela irabazi du Binakakoan, Oses tinko batek ondo lagunduta

Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses dira Emakume Master Cupeko Binakako txapelketako irabazleak. Finalean, 14-22 gailendu dira Aldai eta Mendizabalen aurka. Gernikarrak laugarren txapela irabazi du Binakakoan. Pilotari onenaren saria ere eraman du.

Uxue Oses eta Olatz Arrizabalaga, Binakako txapelketako txapel eta garaikurrekin.
Uxue Oses eta Olatz Arrizabalaga, Binakako txapelketako txapel eta garaikurrekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses gailendu dira Emakume Master Cupeko Binakako finalean, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalen aurka 14-22 irabazi ostean. Aurrelari gernikarrak erakutsi du txapelketa hau bereziki ondo ematen zaiola –laugarren txapela jantzi du– eta oñatiarrak, bere estreinako finalean, zeresana emango duen pilotaria dela baieztatu du.

Andrea Capellanek min hartu ostean sartu zen txapelketara Oses, Arrizabalagarekin bikotea osatzera, eta bikote moduan hasieratik ulertu dira ondo; hasieratik bukaerara, hain zuzen ere. Finalean ere oso ondo moldatu baitira bikote moduan. «Bazekigun nire gainetik pasako zutela pilota eta Uxue ondo aritu da, une batzuetan nagusi ere izan da; une oro ondo kokatuta egon da eta ez dut somatu oso urduri ere, bere lehendabiziko finala izateko. Bikote ona osatu dugu eta horregatik irabazi dugu txapela», adierazi du aurrelari gernikarrak, finala irabazi bezain pronto.

Oso pilota gutxi galdu ditu oñatiarrak eta horri batu behar zaio Arrizabalagaren momentu ona. Oso fin eta fresko aritu da aurrean eta hasieratik aldeak ireki dituzte urdinek (4-10). Hasiera parekatua izan da baina behin launa berdindu dutenean, urdinak gehiago asmatu dute eta ohartu orduko, sei tantoren aldea zabaldu dute.

Nolanahi ere, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalek asko zeukaten esateko final handi honetan. Dimakoa Lau eta Erdiko txapelduna da, hain zuzen ere Arrizabalaga mendean hartuta, baina Binakakoan arantza ezin kenduta dabil. Txapelketa osoan txukun aritu dira igande honetan gorriz jokatu duen bikotea baina Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan ohi baino akats gehiago egin dituzte, batez ere atzeko koadroetan.

Dena dela, amore eman gabe, 6-1eko partziala ezarri eta 10-11ko markagailura hurbildu dira. Horren gakoa Oses nekatzean egon zen, azken hiru tantoak atzean egin baitituzte gorriek. Olatz Arrizabalaga saiatu da pilotak moztu eta bere bikoteari atseden ematen baina Aldairen inspirazio onenarekin egin du topo.

Dimakoak aurrean egindakoak, baina, ez du segidarik izan atzean eta berdinketaren tantoa izan zitekeena 10-12koa izan da urdinentzat, Mendizabalek huts egindako pilota baten ondorioz. Urdinek, erasoa bakarrik ez, defentsa ona daukatela ere erakutsi dute 10-13koan. Gorriek –batez ere Aldaik– hara eta hona erabili dituzte arerioak baina azkenerako, gernikarrak lurretik eramandako pilota bat txokoan utzita, aldea hiru tantora handitu da.

Amaia Aldaik, dejadaz eta txokoan utzitako pilota baten bitartez, itxaropen apur bat piztu du bikote gorrian baina amorrua segituan itzuli da Lau eta Erdiko txapeldunarengana. Txapara bota du 12-15ekoa eta tanto hori amaieraren hasiera izan da. Erreskadan sei tanto egin dituzte urdinek eta 12-21ekoarekin, soilik Osesek galdutako bi pilotekin esnatu dira gorriak, baina jada berandu zen, partida erabat kontrolpean baizeukaten gernikarrak eta oñatiarrak.

Bi eta bi

Uxue Osesen estreinako txapela izan da Zarautzen irabaztakoa eta ETBko kameren aurrean adierazi duen legez, «ondo gordeko» du garaikurra. Oñatiarrak izan zuen garaipena ondo gozatzeko aukera, ez ordea gernikarrak. Azaldu zuen bazkalostean Euskal Selekzioarekin entrenamendu bat osatu behar zuela, Aldai eta Gaminderekin batera, besteak beste.

Arrizabalagak Binakakoan orotara laugarren txapela irabazi du: hastapenetan bi irabazi zituen pilota goxua modalitatean eta mistoan eskuratzen zuen bigarren izan zen Zarauzkoa. Hori gutxi ez eta pilotari onenaren saria ere eraman zuen. Fin aritu zen aurrean, atzean ondo babestuta zegoela.