NAIZ

Bidasoak Europarako borrokan urrats garrantzitsua eman du Logroñori irabazita

Irungo taldea laugarren posturaino igo da sailkapenean, Errioxako taldea mendean hartuta Artalekun (41-29). Anaitasunak, ordea, beste amaiera agoniko batean galdu du Angel Ximenezen aurka (33-32). Datorren asteazkenean Iruñean jokatuko dute derbia elkarren aurka, 21.30ean.

Mikel Zabala Bidasoa Iruneko jokalaria gaurko partidan jaurtiketa bat egiten.
Mikel Zabala Bidasoa Iruneko jokalaria gaurko partidan jaurtiketa bat egiten. (@CDBidasoaIrun)

Bidasoa Irun laugarren posturaino igo da sailkapenean, Logroño La Rioja aurkari zuzenari irabazita (41-29), eta datorren denboraldian Europan jokatzeko beste urrats garrantzitsu bat emanda. Irungo taldeak partida hasi eta buka hartu du mendean aurkaria, eta Asier eta Gorka Nieto anaiak izan dira jokalari nabarmenenak. Gainera, Asobal Ligako partida batean, Artalekun inoiz sartu dituzten gol kopuru handiena lortu dute gaur: 41 guztira.

Partida hasieran, Ander Elosegi piraguistari omenaldia egin diote, pasa den otsailean iragarri baitzuen erretiroa hartuko zuela. Ohorezko sakea egin du.

Etxekoek bete-betean hasi dute lehia. Jon Azkue, azken partidetan bezala, bikain aritu da, baita Mehdi atezaina ere. Hamabost minutu baino gutxiagotan, 10-6 zihoazen aurretik irundarrak, bisitarien entrenatzailea partida gelditzera behartzeraino.

Hala ere, Errioxako taldeak ezer gutxi egin ahal izan du, Bidasoa une gozoan baitago: defentsan asko hobetu du, eta bisitarien Javi Garcia jokalaria izan da bakarra erasoan mina egin duena. Logroñoko taldeak irabazteko tarterik izan ez badu ere, denetarik egiten saiatu da. Baina Bidasoak sendo eutsi dio, eta ez die bisitariei bost goleko aldea jaisten utzi. Neurri handi batean, atepean Mehdik maila ona erakutsi duelako, eta Gorka Nieto erasoan burutsu egon delako. Hala, etxekoak sei goleko errentarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian ez da partidaren gidoia aldatu: Bidasoak agintzen jarraitu du, talde moduan ezin hobe arituta. Bereziki, distira egin dute Gorka eta Asier Nietok; helduenak baloia ezin hobe gidatuta, eta gazteenak ate aurrean asmatuta. Hala, markagailua gehiago zulatzea lortu dute.

Logroñok ez du aukerarik izan markagailuan Bidasoarengana hurbiltzeko, ezta partidari emozioa emateko ere. Bidasoak Europarako sailkatzeko borrokan ez du hutsik egin, eta gaurko garaipenaren ostean, Rebi Cuenca hirugarren sailkatua bi puntuetara du. Are garrantzitsuagoa da, azken asteetan galdu duen jokoa eta nortasuna berrekuratu dituela.

Partidan nabarmendu den Asier Nieto anaiak hitz egin du neurketaren ostean, eta adierazi talde «oso ona» izan dutela aurrean, baina beraiek defentsa lanetan «serio eta gogor» aritu direla, eta erasoan «oso ondo jokatu» dutela.

FITXA TEKNIKOA

41 - Bidasoa Irún: Mehdi (Skrzyniarz), Zabala (1), Asier Nieto (6), Azkue (4, 1 de pen.), Cavero (6, 4 de pen.), Matheus da Silva (2), Aginagalde (4), Ugarte (2), Rodrigo Salinas (2), Pacheco (1), Tao Gey (1), Víctor Rodríguez (5), Furundarena, Gorka Nieto (6, 1 de pen.), Barreto (1).

29 - Logroño La Rioja: Jorge Perez (Clavijo) (Romeo), Edu Cardarso, David Cadarso (5, 4 de pen,), Costa, El Korchi (1), Javi García (6), Keita (1), Eduardo Ortiz, Palomino (2), Preciado (3), Ángel Rivero (2), Javier Rodríguez (2), Rubiño (4), Luciano da Silva (3).

Partzialak bost minuturo: 5-3; 6-5; 11-7; 14-9; 16-11; 19-12; 21-15 (atsedenaldia);- 24-18; 28-19; 32-24; 34-26; 28-28; 41-29.

Epaileak: Ausás Busquets eta Miquel Florenza. Kanporatuak: Matheus da SIlva, Preciado eta Rivero.

Gertakariak: 1.500 zale gerturatu dira Artaleku pabiloira. Ander Elosegi piraguistak ohorezko sakea egin du, joan den hilabetean erretiroa hartu zuela iragarri ostean. Minutu bateko isilunea egin da Aginagalde anaien amonaren heriotzagatik.

Anaitasuna, gutxigatik

Anaitasunak gutxigatik galdu du Angel Ximenezen aurka, (33-32) eta ez du lortu bolada txarrari amaiera ematea –azken sei partidetatik lau galdu ditu eta bi berdindu– . Iruindarrek sari handiagoa eskuratu ahal izan dute jokoaren hainbat fasetan errendimendu ona eman ostean, baina azkenerako, aurreko jardunaldietan bezala, azken txanpan gutxigatik ihes egin die garaipenak.

Neurketa hasieran Nafarroako taldea indartsu hasi da, Kordobako taldearen jokoa desaktibatuta, eta partidako lehen bi partzialetan lau goleko errenta lortuta. Hala ere, Angel Ximenezen erreakzioa berehala iritsi da, lehen zatia bukatzeko hamar minutu falta zirenean, 11-9. Izan ere, Kordobako taldeari maila horretan jarraitzeko asmoz, arnas pixka bat emango dio gaur lortutako garaipenak, beheko postuetatik aldenduta, eta horren jakitun, haien jokoa hobetu eta partidaren markagailua iraultzea lortu dute.

Etxekoen aldeko joerak gora egin du, Paco Bustok zuzentzen dituen jokalarien nagusitasuna areagotu egin delako atsedenaldia baino lehen, nahiz eta emaitzan hainbesteko aldea ez izan, 19-17.

Lehen zatiaren bide beretik joan da bigarrena, Anaitasuna berriro ere aurkaria baino erritmo handiagoarekin zelairatu da kantxara, eta segundo gutxi batzuetan, markagailua berdintzea lortu du, 23-23. Kordobako taldeak, lehen zatian egin duen antzera, bigarren zatian minutuak pasatu ahala, erreakzionatu egin du. Hein handi batean, Alvaro de Hita atezainari esker, zeinak merituzko gelditze ugari egin dituen.

Bien bitartean, Enrique Dominguezek entrenatutako taldeak ez du bere azken hitza esan eta partida berdintzea lortu du amaierarako bi minuturen faltan, baina ez da nahikoa izan dema irabazteko, eta berriro ere, beste amaiera agoniko batean ihes egin dio garaipenak.

FITXA TEKNIKOA

33 - Ángel Ximénez Puente Genil: Nordlander, Da Silva,Buzle (4), Cuenca (1), Luisfe (1), Tua (7) y Ribeiro (4) -hasierako zazpikoa-; De Hita, Cabello, Jung (2), Javi Muñoz (2), Javi García (5), Arsenashvili (2), Pomeranz (2) y Estepa (3).

32 - Helvetia Anaitasuna: Cancio, Gastón, Bazán (4), Ganuza (8), Pereira (4), Castro (4) eta Elustondo (3) -hasierako zazpikoa-; Bar, Fernández (1), Meoki (1), Aitor García, Goñi, Chocarro (1), Redondo (6), Pinto y Bonanno.

Partzialak bost minuturo: 1-2, 4-7, 8-9, 11-9, 14-12, 19-17 (atsedenaldia), 20-21, 23-23, 27-23, 29-27, 32-29 eta 33-32.

Epaileak: Hoz Fernández eta Riloba Pereda. Kanporatzeak: etxekoen taldean Da Silva eta bisitarienean Chocarro, Aitor García eta Ganuza.

Gertakariak: Asobal Ligako 22. jardunaldiko partida Miguel Salas de Puente Genil Alkatea pabiloian.