Jon Ormazabal

Kontrako haizeari aurre egiten asmatuta, ikusmira garbiago du Peio Etxeberriak

Erik Jaka 6-0 eta 9-2 aurreratu bada ere, ultzamarrak buelta eman dio partidari (22-10) eta bere lagun Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du finalerdietarako txartela. Emaitza honekin Dario dagoeneko sailkatuta dago.

Peio Etxeberriak sufritutako garaipena eskuratu du Jakaren aurka.
Peio Etxeberriak sufritutako garaipena eskuratu du Jakaren aurka. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ederretik bezainbat du krudeletik buruz burukoak eta neurri berean, une zailetan sufritzen jakiteak haizeak alde jotzen duenean aprobetxatzeak adina, edo gehiago, balio izaten du maiz. Partida bakoitzaren barruan partida txiki asko egoten direla esan ohi du Abel Barriolak eta gaurkoan leitzarraren esanak muturrera eraman dituzte Erik Jakak eta Peio Etxeberriak, manomanistaren logikatik kanpo nekez ulertuko liratekeen mugaraino. Orain arte egindako bidean zailduta edo, ultzamarrak Erik Jakak erakutsi ez duen sufritzeko gaitasun bat erakutsi du eta gogortasun horrek finalerdietarako bidea ireki dio, ez berari bakarrik.

Izan ere, gaurko Aspeko aurrelariaren emaitzarekin gauza dezente argitu dira. Lehenengo eta behin, Dario Gomezek dagoeneko badaki, hurrengo jardunaldian gertatzen dena geratatuta finalerdietan egongo dela, B multzoko lehen sailkatu gisa, Erik Jakak ere dagoeneko ezagun du txapelketari agur esan beharrean dela eta multzoko finalerdietarako beste txartela Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdiaren artean jokatuko dute azkeneko jardunaldian. Gainera, Baikok txapelketan partidarik irabazi gabe jarraitzen du eta Unai Laso da oraintxe geratzen zaien aukera bakarra. Edo beste era batera esanda, Aspek ziurtatua ditu, gutxienez, finalista bat eta hurrengo urterako hiru zerrendaburu.

Bilboko enpresaren egoera, beraz, ez da erraza, gaur Labriten gertatutakoari, Manomanistaren logikatik at, esplikazio bat topatzen xamurra ez den bezala. Fisikoki aspaldi ez bezala prestatuta ziurtatu du Erik Jakak partida amaitu eta berehala, baina lehia hasi duen Erik Jakak ez du amaitu duenaren inolako antzik izan, erabat amildu da, eta lizartzarrak ere ez du bere txakalaldiaren arrazoia topatzen asmatu.

Zuritik beltzera, eta alderantziz

Saketik abiatuta, ederki ekin dio partidari gipuzkoarrak, pilota ondo baztertuz aurkariari erasora pasatzeko inolako aukerarik eman gabe eta pilotaren bila ondo joanda, erraz joan da markagailuan, 6-0 eta 9-2. Eta ziurrenik une zail horietan hortzak estutzen asmatzen egon da Zenotzekoaren arrakastaren giltza. Jakak dena erraz egiten zuen une horietan aurkaria beste pilotakda bat jotzera behartzen jakin izan du, partida gogortzen asmatu du eta aldeak gorriaren aldera egin duen abiadura berean, edo azkarragoan, egin du Aspekoaren aldera.

Ultzamarrak aurretik izan duen sufritzeko gorputz eta borondaterik gabe, aurkariaren sendotasunari aurre egiteko modurik gabe aritu da Erik Jaka eta haserraldi handi batez harago, kezkatuta egoteko ere arrazoi mordoa bilduta itzuli da etxera.

FITXA TEKNIKOA:

Erik Jaka: 12

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 287. Iraupena: 57,28 minutu. Markagailua: 6-0, 6-2, 9-2, 9-6, 10-6, 10-16, 12-16, 12-22. Sakeak: 1 Jakak eta 7 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 7 Jakak eta 7 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 5 Jakak eta 4 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Bigarren astez jarraian Labrit betekadatik urrun geratu da. Andoni Gaskuek egin ditu  Peio Etxeberriaren botilero lanak eta Jon Eskuderok Erik Jakarenak.