Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Koparen txokolatezko erreplikak azken txanpa estua eta «goxatuko» dio Bera Berari

Duela hamar egun, apirilaren 23an, bere historiako zazpigarren Kopa erdietsi zuen Bera Berak eta azken txanpako egutegia hain da estua, hamar egun beranduago jaso duela harrera erakundeen aldetik. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak donostiarren beste balentria bat goraipatu dute.

Bera Berako jokalari eta teknikariak Donostiako Udaleko ordezkariekin.
Bera Berako jokalari eta teknikariak Donostiako Udaleko ordezkariekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Udalean gehien hartu dugun taldea da Bera Bera, banatzeko genituen oroigarri guztiak jaso dituzue eta beraz, oraingoan, zerbait orijinala pentsatu dugu», adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak, taldeko jokalari eta teknikari guztien aurrean, bai eta erakundeko zenbait ordezkari ere –Martin Ibabe (Udaleko Kirol zinegotzia), Reyes Carrere (EH Bildu), Nekane Arzallus (EAJ) eta Aitzole Araneta (Elkarrekin Podemos), besteak beste–.

Koparen txokolatezko erreplikaren entrega egin diote Bera Berari, jokalari guztien harridurarako. Choc-arte Donostiako gozogileak –Bengoetxea kalean dauka egoitza– egin du eta harrera bukatu aurretik, zenbait hozkada eman diote, noski, denboraldiko azken txanpara begira indarrak hartu asmoz.

Larunbat honetan, 18.00etan, Motivo.co Gijonen aurkako final-laurdenetako itzulerako partida jokatuko dute Gascan. Han, 10 goleko aldearekin irabazi zuten eta zaila dirudi donostiarrei finalerdietarako txartelak ihes egitea. Dena dela, zuhurtziaz mintzatu da Alba Menendez kapitaina NAIZekin. «Pentsatu behar dugu ez dagoela guztiz eginda eta beste partida bat bailitzan moduan lehiatzea», adierazi du zarauztarrak.

Hori bai, harreran mikrofonoak hartu dituenean argi esan du ligaren bila doazela eta «ea hilabete barru berriro elkar ikusten garen». 10 urte pasa dira Bera Berak aurreneko liga irabazi zuenetik, bai eta lehen aldiz denboraldi bakar batean hiru garaikur irabazi zituenetik ere, Reyes Carrere entrenatzaile zela. Une horiek gogorarazi dituzte egungo kapitain eta teknikari ohiak.

«Hamarkada hau borobiltzeko aukera ezin hobea litzateke», esan du Menendezek, oraindik urrats asko falta zaizkiela nabarmenduz. «Behintzat, bide onetik goaz».

Alba Menendez kapitaina, Choc-arteko gozogilearekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Zazpi Kopa irabazi ditu Bera Berak, oraingoz 8 liga eta beste hainbeste Superkopa. «Ez gara kontziente egiten ari zareten ibilbideaz», aitortu du alkateak, zailena elitean «mantentzea» dela gogoratuz eta Bera Bera «emakumezkoen kirolean jada erreferente bilakatu» dela azpimarra eginez.

«Txokolateak indarra ematen du, energia plus bat eta ea geratzen den azken txanpan honek indartu egiten gaituen», adierazi du Menendezek. Argi dagoena da azken txanpa estu hau «goxatu» egingo duela txokolatezko Koparen erreplikak.

Beste “garaikur” bat esku artean, Gipuzkoako Aldundira hartu dute bidea, han beste harrera bat jasotzeko.