Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

M28a Gipuzkoan: EAJ ala EH Bildu, dagoenarekin jarraitu edo aldatu

Gipuzkoan EH Bildu eta EAJren arteko lehia estua egongo da maiatzaren 28ko bozetan inkesten estimazioen arabera. Talaia horretan, denak inporta du: abstentzioak, kanpainan asmatzeak, zalantzatiak konbentzitzeak, hautesleen fideltasunak... edo hauteskundez hauteskunde mantentzen diren joerak.

Mikel Lezama (PP), José Ignacio Asensio (PSE), Eider Mendoza (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu) eta Miren Echeveste (Elkarrekin Podemos), Donostian egindako eztabaida batean.
Mikel Lezama (PP), José Ignacio Asensio (PSE), Eider Mendoza (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu) eta Miren Echeveste (Elkarrekin Podemos), Donostian egindako eztabaida batean. (Jon Urbe | Foku)

Inkestek aurresana da: EAJ eta EH Bilduren artean lehia estua egongo da Gipuzkoan maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan eta lehia horrek zenbait leiho posible ireki eta horietatik begiratzeko aukera ematen du. Hala, NAIZek eskatuta, zelatari lanetan jarri dira Ion Ansa eta Eva Silvan politologoak.

Hasteko, parte-hartzean destatu dute begirada analitikoa, emaitzak argiak ez izateak izan baitezake eragina hauteskundeen erakarmen boterean. Edo hori uste du Silvanek. «Lehiatuak diren hauteskundeetan parte-hartze handiagoa egon ohi da, hautesleriak badakielako bere botoa erabakigarriagoa dela eta, beraz, Gipuzkoan parte-hartze ona egongo dela aurreikusi daiteke», esan du.

Dena den, abstentzioaren mamuak beti egiten ditu agerraldiak hauteskunde atarietan eta, alde horretatik, bestelako ertz bati heldu dio Ansak. «Askotan galdetzen dugu abstentzioak nori egiten dion kalte eta nori mesede, baina nik uste dut galderari buelta eman diezaiokegula, eta esan: nork egiten dio abstentzioari mesede; nork kalte? M28an aurkituko dugun lehia-ardatz nagusia da azkenaldian hauteskundez hauteskunde baieztatzen ari den errealitate bat: hautesleak erabaki behar duena da jarraitu nahi duen dagoenarekin ala aldaketa nahi duen», adierazi du.

Atzera begirako bat egin du, oroitarazteko Gipuzkoan bere garaian euskal alderdi politikoen sistema «oso polarizatuta» zegoela, baina zehaztu du ETAk 2011n behin betiko borroka armatua uztea erabaki eta ezker abertzaleak koalizio eta aliantzen norabidea hartu ostean aldatu egin zela sistema hori. «Beraz, lehia hori oso desberdin aurkezten da orain. Lehia horren baitan EAJk hartu duen papera izan da EH Bilduk irabazi ez dezan marka posible bakar gisa aurkeztea. Baina, aldi berean, Gipuzkoan bereziki, ikusten ari gara EAJ bat gero eta gehiago ari dena EH Bilduren antza hartzen; gero eta gehiago erabiltzen ditu ezker abertzaleak bere garaian erabiltzen zituen terminoak eta estiloak. Fenomeno hori etorri da ezker abertzalearen igoerarekin batean», azaldu du politologo eta kazetariak.

Silvan: «Inkestek diote EAJ kokatuko dela aurretik, baina oraindik boto asko mobilizatzeko aukera dago»

Honek M28an gipuzkoarren parte-hartzea igotzea eragingo du? «Ez du zertan», dio Ansak: «Gertatu daiteke kontrakoa, parte-hartzea apaltzea. Eta parte-hartze baxu batek, baldintza hauetan, iradoki dezake zenbait jenderi ez zaiola horren aukera txarra iruditzen EH Bilduk gobernatzea, alegia, ez dela egon botoen mobilizazio bat EAJra EH Bilduk gobernatu ez dezan. Beste hipotesia litzateke benetan Gipuzkoan ez dagoela aldaketarako nahirik eta ezker abertzaleak ez duela lortu bere aldeko botoa mobilizatzea».

Eider Mendoza, EAJren ahaldun nagusigaia Gipuzkoan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Eider Mendoza, EAJren ahaldun nagusigaia Gipuzkoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hautagaiak, krisiak, fideltasuna...

EH Bildu ala EAJ, biak ala biak izan daitezke garaile datozen bozetan eta, beraz, erabakigarriak izango dira, parte-hartzeaz harago, hautagaien profilak, kanpainan nabarmentzeko erakutsiko dituzten trebetasunak edo kalte egin diezaieketen diskurtsoak kudeatzeko gaitasunak. «Inkestek diote EAJ kokatuko dela aurretik, baina oraindik boto asko mobilizatzeko aukera dago», komentatu du Silvanek, eta gako batzuk eman ditu: «Aurreko bozetan abstenitu zirenek erabaki dezakete oraingoan botoa ematea eta boto-emaile zalantzatiek markatuko dituzte alderdien arteko botoen transferentziak. Hauek dira hauteskunde kanpainan jokatzen diren kontuak». Izan ere, kanpainek ez dituzte hainbeste baldintzatzen alderdi bati fidel diren boto-emaileak. Zentzu horretan, EH Bildu ikusten du indartsuen Silvanek, «inkestek agertzen baitute hautesleria fidelena duen alderdia dela».

EAJri begira, iritzi dio jeltzaleek PSErekin batera 2019an osatu zuten foru Gobernuak ez duela krisi larririk edo «eskandalurik» izan azken legegintzaldian eta, beraz, ez dirudi zigor modura boto-saldo adierazgarririk galduko duenik. Alta, gerta daiteke Lakuaren kudeaketa krisiek, Osakidetzaren auziak adibidez, –50.000 kexatik gora jaso zituen 2022an EAEko osasun sistema publikoak– eragina izatea M28an, nahiz eta Foru Aldundiek ez duten osasun sistema publikoan eskumenik.

Baina, egiaz, EH Bilduk izango al du aukera errealik 2023-2027 legegintzaldian Gipuzkoan agintzeko? Ion Ansak onartu du «eszeptikoa» dela, ez baitzaio iruditzen epe motzera behintzat PSEk EAJrekin duen politika aldatuko duenik eta, beraz, EH Bilduk ez du erraza izango foru Gobernua lortzen, boto kopuruan garaile izango balitz ere. Hori gertatzeko, gaineratu du Ansak, gizartean aldaketarako nahia «garbiagoa» izan behar du, horrela «errazagoa» izango baita «PSEk bere aliantza politika aldatzea». Aliantzak, beraz, ez daude soilik alderdien exekutiben esku, «gizateak bidaltzen dituen mezuak» ere baldintzatu baititzakete, kazetariaren esanetan.

Gaiak eta identitateak

Alderdiek gizarteari bidaliko dioten mezuetan ere jarri daiteke arreta, eta hauteskunde kanpaina ofizialki abiatu aurretik ere hasi ziren pista batzuk banatzen: EH Bilduk politika industrial baterako estrategia aurkeztu zuen martxoaren amaieran eta Eider Mendozak ere Gipuzkoako ehun industriala sendotzearen alde hitz egin du. Ziurgabetasun ekonomikoaren garaian, beraz, ekonomiari helduko diote ezinbestean alderdietako hautagaiek, foru gobernuek fiskalitatean eskumenak dituztenez. «Bestela, kontuan hartu behar dira zeintzuk diren foru gobernuen eskumenak: azpiegitura, mugikortasuna, konektibitatea, ingurumena, garapen ekonomikoa, berdintasuna, gizarte zerbitzuak... esparru hauetan mugituko dira gaiak. Eta bi alderdi abertzaleen arteko lehia izanik, saiatu beharko dira ikuspuntu eta proposamen desberdinak eskaintzen», adierazi du Eva Silvanek.

Maddalen Iriarte, EH Bilduko Gipuzkoako hautagaia. (Foku)

Ansak uste du, bestalde, herritarrek botoa erabakitzeko orduan gai zehatzek baino pisu gehiago duela, oraindik ere, alderdien identitateak. «Jadanik ez hainbeste siglak, baizik joerak, aurrerakoiak diren, aldaketa ekarriko ote duten... batez ere adin ertainetik beherako pertsonek daukaten balore sistema, momentu honetan, aurrerakoia da Gipuzkoan, oso nabarmena da. Izan daiteke Europako lurralderik aurreratuenetako bat balore aldetik, bizitza ulertzeko moduaren aldetik, baita politikoki ere. Eta, zentzu horretan, EH Bilduk gehiengo nabarmena dauka, nahiz eta horrek ez duen esan nahi Gipuzkoa bere osotasunean hartuta EH Bilduk hegemonia kulturala duenik», esplikatu du.

Eta besteak zer?

Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiei begira, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta EAJko Eider Mendoza ikusten ditu Silvanek indartsuen, Iriarte jeltzalearen aurretik. «Maddalen Iriartek proiekzio handia dauka eta Eider Mendoza baino jende gehiagok ezagutzen du. Egia da Mendoza Foru Gobernuko bozeramaile izan dela, baina ezin da konparatu Iriartek duen ikusgarritasunarekin. Bestalde, bi liderrak ongi baloratuta daude eta horrek abiapuntu on batean kokatzen ditu», iradoki du.

Ansak, bere aldetik, boto eszisioari ere erreparatzea garrantzitsutzat jo du, izan ere, herritar batzuek alderdi desberdina markatuko dute M28an eskainiko zaizkien bi paperetan. «Nabarmena izaten da Gipuzkoan. EAJk Foru Aldundirako bozetan udal hauteskundeetan baino 9.000 boto gehiago lortzen ditu; EH Bilduk, aldiz, 5.000 boto gutxiago. Honek, nik uste, adierazten du herri mailan hautagaitzek eragina izan dezaketela emaitzetan, eta ematen du EH Bilduk abantaila duela herrietan, eta Gipuzkoa mailan markak garrantzia handiagoa daukala, eta hor EAJk du indar gehiago», adierazi du.

Ansa: «Gertatu dira aldaketa batzuk Gipuzkoako gizartean, ETAk bere erabakia hartuta edo lehenago, belaunaldi aldaketak ere badaude... eta uste dut PSE eta batez ere PP euskal politikan lekuz kanpo geratzen ari direla»

Lehia EH Bildu eta EAJren artean egonda eta bi alderdietako hautagaiek «horrenbeste ikusgarritasun» izanda, gainontzeko taldeak «lausotuta» iritsi dira kanpainara eta «ikusgarritasuna lortzea kostatuko zaie», Silvanen ustez. Hala, ezagutzari dagokionez, Iriarte eta Mendozaren atzetik paretsu agertu dira inkestetan Elkarrekin Podemos-IU-Aliantza Berdeak koalizioko Miren Echeveste eta PSE-EEko Jose Ignacio Asensio, eta atzean geratzen da PPko hautagaia, Mikel Lezama.

«Ziur aski PSEk ez du arazorik izango bere hauteskunde-kuota mantentzeko [bederatzi eskerleku eskuratu zituen azken bozetan eta emaitza berdina aurreikusten dute galdeketek] eta Elkarrekin Podemosen kasuan ikusi beharko da zer eragin duen Sumar proiektuak. PP, aldiz, bere momentu txarrenean dago, oraindik pairatzen ari dira berregituraketak eragin zizkien arazoak, badituzte lidergo arazoak ere. Kostako zaie besteen artean burua altxatzea», agertu du politologoak.

Ion Ansaren iritziz, PSE nahiz PPren jardunean eragin handia du Madrilgo momentu politikoak; Espainiako dinamikara lotuta daude. «Gertatu dira aldaketa batzuk Gipuzkoako gizartean, ETAk bere erabakia hartuta edo lehenago, belaunaldi aldaketak ere badaude... eta uste dut PSE eta batez ere PP euskal politikan lekuz kanpo geratzen ari direla. Hala ere, PSEk oraindik badu oinarri bat eta uste dut ez dituela espero bezain emaitza txarrak izango. Eta PPrekin harrituta nago, zeren Espainian gorako joera du, eta hemen estimazioek kontrakoa diote, kanpoan geratzeko arriskuekin. Beraz, agian PPk ere espero baino emaitza hobeak atera ditzake», sakondu du.

Elkarrekin Podemosen inguruan gogoratu du momentu batean lortu zuela jendearekin konektatzea eta gai izan zela EH Bildurekin lehiatzeko gizarte esparru aurrerakoi, ezkertiar eta adin ertainetik beherakoan, baina egun «gainbeheran» dagoela esan du. «Eta ez da erabakigarria izango EH Bilduk ez baditu emaitza oso onak lortzen», gaineratu du.