Jon Ormazabal

Bere lainotik nork jaitsi zain jarraitzen du Elordik eta Buruz Buruko finala ere jokatuko du

Sakeari behar adinako etekinik atera gabe eta pilota gozatzeko arazoekin, Dariok ez du bere ohiko maila ematerik izan garaipenetik urrun ibili da partida osoan.

Laineza hartuta jarraitzen du Aitor Elordik.
Laineza hartuta jarraitzen du Aitor Elordik. (Endika PORTILLO/FOKU)

Binakako finala irabazi ostean, Buruz Burukoa jokatzea ez zen Aitor Elordiren planetan sartzen, baina bere bikote izan zen Jose Javier Zabaletaren lesioak txapelketarako ateak zabaldu eta barruraino sartu da mallabiarra. Bere mailatik urrun izan den Dariori 22-15 gailenduta, bizkaitarra izango da Jokin Altunaren arerioa ekainaren 4ko finala eta amezketarra izan daiteke Aitor Elordi igo den lainotik jeitsi beharko duena, lortzerik badu.

Epailearen txapak eman zion lehen sakearen laguntzarekin, baina, batez ere, bere dohainei aurkariak baino askoz etekin handiagoa aterata, hasieratik hartu zuen Aitor Elordik partidaren aginte makila. Tentsio ikaragarrizko lehia batean, lehen alde nagusia sakean egon zen, bizkaitarrak, orain arte bezala, lehen pilotakadak asko aldatuz, orain luze orain motz, ezker paretara gututzatuz, baina baita tarteka zabalera jota ere, min egin dio mallabiarrak airera joan edo atzean geratu asmatu ez duen Elordiri.

Bi sakatzaile handiren arteko dema izan da Ogetakoa, baina Ezkaraikoak ez dio batere etekinik atera bere dohainetan handienetako bati. Kosta egin zaio pilota ezker paretera baztertzera eta gauzak horrela, 6-13kora arte, tantoz egin duen lehenengora arte, ez du bere sakea berea zuela tantorik lortu.

Baina bi pilotarien arteko alde bakarra ez da sakean egon, Elordik bere betiko oldarkotasunarekin eta bizitasunarekin jokatu duen bitartean, Dariok bere eskuinarekin ere ez du ohi bezala gozatu eta bere bi armarik garrantzitsuenak erabat deskonektaturik, bizkaitarra oso eroso sentitu da kantxan. Izan du, 1-5koan eta, gorputzari  buelta eman ezinik egon den uneren bat, baina normalean berari komeni zaion erritmoan jokatu ahal izan du.

Erreakzioa bai, nahikoa ez

Hala ere, ekinaren ekinez, lortu du Dariok bere barruko korapiloa zertxobait askatzea eta izan du bere unea. Sakearekin gehiago asmatuz eta fisikoki indartsuago –11-15ekoan bere hirugarren atedenaldia eskatzera behartu du Aitor Elordi– hiru tantora gerturatzea lortu errioxarrak. Hala ere, ordura arteko pekatuak ez ditu erabat gainetik kendu eta, pilota harrotzeko arazo handiekin, presaka bezala aritu da.

Ezin horretan etorri da, ezker pareta gehiegi joz, garesti ordaindu duen akats bat egin du errioxarrak, berriz ere markagailuan ihes egin diolako Aitor Elordi handi batek. Ia zuzenean egin du bizkaitarrak finalerako bidea.

 

FITXA TEKNIKOA

Dario: 15

Elordi: 22

Pilotakadak: 227. Iraupena: 59-50 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-8, 3-8, 3-11, 4-11, 4-13, 7-13, 7-14, 9-14, 9-15, 12-15, 12-21, 15-21, 15-22. Sakeak: 4 Dariok eta 3 Elordik. Egindakoak: 8 Dariok eta 11 Elordik. Galdutakoak: 7 Dariok eta 3 Elordik. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadatik oso urrun Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Errioxatik gerturatutako zale askorekin. Asier Gomez aritu da Dario anaiaren botilero lanetan eta Garikoitz Txakartegi bere iloba Aitor Elordirekin. Lehen sakea urdin eta dirua hasieran gorri.