NAIZ

42 kontzertu eta ikuskizunekin jantziko dituzte txosnek Gasteizko jaiak

Besteak beste, Bulego, Los Chikos del Maiz, Merina Gris, STR, Hofe x 4:40, Ezpalak, Tropa do Carallo eta Albany izango dira Gasteizko txosnetan aurtengo Andre Maria Zuriaren Jaietan. Oraindik kolektiboek antolatutako jarduerak iragartzeke daude.

Gasteizko txosnetako artxiboko irudia.
Gasteizko txosnetako artxiboko irudia. (Juanan RUIZ | FOKU)

Duela egun batzuk iragartzen hasi ziren arren, Gasteizko Txosna Batzordeak aurtengo kontzertu eta ikuskizunen egitaraua aurkeztu du ostegun honetan. Guztira 42 kontzertu eta ikuskizunek osatzen dute abuztuaren 3an hasi eta 9an amaituko den programazioa.

‘Entxosnatu, etorri gugana!’ lelopean Bulego, Los Chikos del Maiz, Merina Gris, STR, Hofe x 4:40, Ezpalak, Tropa do Carallo eta Albany sortzaileek, besteak beste, musikatuko dute Arabako campusa.

Abuztuaren 3an, Zeledonen jaitsieraren bezperan, ‘Entxosnazio eguna’ izango da Sres Tensosen, Bulegoren, Malandroren eta Xerularen kontzertuekin. Hurrengo egunean Negra Cucaracha, Eire, Juantxo Skalari & La Rude Banda, DJ Pezon eta Gora Etorri izango dira.

Hilaren 5a ‘Etxera eguna’ izango da eta kontzentrazioa eta kalejiraz gain Erasos Erantzunen, Ezta Ilenen, Akerbeltzen, Bitsa Jaiaren eta Jimmy Dazz Sessions-en emalandiak egongo dira.

Igandean, Vibora, Kolpeka, Tropa do Carallo, La Excavadora, Pineapple Sweets, Balza eta Yngryd. Gazte egunean, abuztuaren 7an, Dumb Boys, Annekdotas & Apolo G's, Los Chikos del Maiz, Ødei, Komadu eta Gorriontxu eta Laztana egongo dira txosnetan.

Abuztuaren 8an, Ezpalak, Txopet, Merina Gris, Belako, Miravalles eta Rosa Mari izango dira eta, jaiak ixteko, 9an, STRk, TOCek, Hofe x 4:40k, Albanyk eta Lamia Marik eskainiko dituzte kontzertu bana.

Aurkezpenean atzean daudenen lana nabarmendu dute, «txosna eremua eraikitzeko eta bizitza emateko lanean jardun eta jardungo diren pertsona eta kolektibo orori» eskerrak emanez.