Maite Ubiria

Euskal liburu eta diskoaren azokak plaza hartu du laugarrenez Ziburun

Euskal liburu eta diskoaren laugarren azokak egun osoan zehar euskarazko literatura eta musikagintzaren sorkuntzak eskura jarri ditu Ziburuko plazan. Maiatz argitaletxearen lemazain izan den Luzien Etxezaharreta omendu du aurten eguzkia lagun euskal kulturzale parrasta erakarri duen feriak.

Jende anitz bertaratu da azokara euskal literatura eta musikagintzaren uzta jasotzeko gogotsu.
Jende anitz bertaratu da azokara euskal literatura eta musikagintzaren uzta jasotzeko gogotsu. (Guillaume FAUVEAU)

Ziburuko plazan xapito zuria handia eta parean oholtza. Biren artean hamargarren urtemuga gainditu duen Kaskarotenia ikastolaren gurasoak, kulturzaleen oinarrizko gosea asetzeko prest.

Euskal liburu eta diskoaren azoka bere laugarren ediziora heldu da aurten eta Argia hedabidea eta Baltsa elkartearen auzolanaz sorturiko feriak erakus-lehioa jarri die, beste behin ere, non eta Lapurdiko kostan argitaletxe, diskoetxe, ekoizle independenteei eta, ororen gainetik, euskara lanabez jarduten sortzaile eta bestelako eragileri.

Hamarkada luzetan Maiatz argitaletxearen lemazain izan den Luzien Etxezaharreta omendu du aurten azokak. «Adin baten marka» izan arren, kontent mintzatu zaigu kazetari eta idazlea, oroz gainetiz euskararen alde eginiko lanari «baloratze bat ekartzen diolako».

«Euskal literatura klasikoa hemen sortu zen eta agian azokak bultzatuko du berrikuntza, ezin da jakin, baina literatura, artea bezala, ez dira ezerretik etortzen, behar da gune bat, eremu bat non baloratua den, azoka honetan gertatzen den bezala», adierazi dio NAIZi idazle beteranoak.

Maiatz argitaletxearen mahaiaren bestaldean, bere hitzei so udaberritze horren iragarle izan daitekeen sortzaile gaztea.

'Nostalgia ez da salgai' ipuin bilduma besopean heldu da azokara Xan Idiart.

Berdin irakaskuntzan zein kazetaritzan urratsak egin ditu banenafartarrak. Neurri batean Luzien Etxezaharretari zor dion akuilu lanari esker, bigarren liburua plazara ekarri du.

Zortzi ipuinez osaturiko bilduma aurkeztu berri du garaztarrak.

Are, ordurako ezezagun zuen eremuan sartu da Idiart, lehen aldiz 'alter ego' bat sortu baitu, izen berekoa duela, Idiart, baina izen tipia ezberdin batekin mintzatzen dela: Xuban.

«Ipuinek ez dute baitaezpada haien arteko loturarik nahiz eta gehienak Euskal Herrian kokatuak diren, ipuin absurdoak direla erranen nuke, eta nire kezkak edo barneko korapiloak askatzeko parada eman dizkidate», gehitu du bere ipuin liburua aurkeztu zuenean NAIZi elkarrrizketa hau eskaini zion Idiartek.

Ikusezin horiek jolas eremu izan zuten plazan

Beste hainbeste egin du, alegia bere barnean zitueneak kanpora ateratzea, oso sentibera den eremuan kokatu den Miren Azkaratek.

'Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak' lana plazaratu du Azkaratek GARA argitaletxearen eskutik. Euskal Herrian zehar aurkezpen dezente egin baditu ere, erbesteratu anitzen seme-alaben plaza izan den Ziburun lekukotasunen bilduma erakusteak zirrara berezia egin diola aitortu dio NAIZi Azkaratek.

Kazetariaren eskarmentua baliaturik, itzaletik argitara ekarri ditu «ikusezin eta ez ulertuak» izan ziren haurra horien ahotsak. Azaldu duenez, bere baitatik asko atera du orrialde horietara, eta beraiek bizitakoa kontatzeko «hustu diren euskal iheslari eta deportatuen seme-alaba horietatik eta beste herritar askotatik ere» jaso dituen oihartzun baikorrak preziatzen dituela gehienbat gaineratu du txikitan jolas toki izan zuen Ziburuko plazatik bertatik Azkaratek.

Memoria inklusiboa idazteko ordua alea utzi du egileak oso askotariko molde, gai eta formatuetan kontatzeko, hori bai, euskaraz soilik, parada eskatzen duen azoka honetan.

Baltsan elkarteko kideak eta azokaren sustatzaileetariko den Ladix Arrosagaraik NAIZ Irratian oroitarazi duenez, euskara besteak beste errentagarria ere badela frogatzen duen azokak.

Hizkuntzak aniztasunean zabaltzeko parada ematen duela frogatzen duten eskaintza batzuk soilik aipatzearren, aurten lehen aldiz mahaia ezarri du Ziburuko Azokan Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Argitapen Zerbitzuak.

EHUko argitalpen zerbitzua lehen aldiz heldu da

Ezinbestean argitalpen ororen erdia euskaraz plazaratzen duen alorrak lagin txiki bat baizik ez du ekarri Lapurdiko azokara.

Izan ere, zerbitzuko zuzendaria den Elisabete Alberdi azaldu duenez, Mikel Laboa katedraren eskutik jasotako ekarpen oparoaren berri izanen dute azokara bertaratuko diren euskaltzaleek, argitalpen zientifikoaren eremuan kokatzen diren ZIO bildumaren lanak ahantzi gabe.

Liburuak eta jolasak kuxkuxeatuz haur anitz atzeman zitezkeen orduak aurrera joan ahala berotzen joan den azokaren xapito erraldoiaren azpian.

Haiengandik hurbil, kartera sartu eta atera motxilean mezenas lanetan, kulturzale txiki horien gurasoak.

Gazteei dagokioenez, komikiak eta mangak euskaraz ikuskatzeko aukerarik ez dute galdu.

Aurreneko edizioetan bezala Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Elkargoa eta Ziburuko Herriko Etxearekin partaidetzan antolaturiko euskara hutsezko liburu eta disko azokan presente izan baitira Harriet argitaletxea eta Kabe zigiluaren eskaintzak.

«Pandemia ostean gazteek asko jo zuten mangara eta pentsatu genuen euskara behar zela zaletasun horretara egokitu, uste dugulako euskara ezin dela egunkari edo irratian gelditu, behar ditu formatu guztietan saiatu», azaldu dute mahaiaren gibeletik Mikel Murok eta Haizea Morenok.

Hizkuntza muga ez izan ezik zubia badela agerian utzi du bere laugarren ediziorako egitarau oparoa prestatu duen azokak.

Besteak beste, umonezko antzerki saioak -xoukeixak- edota kontzertu txikiak etorri dira azokaren itzala zabaltzera.

Liburu eta diska artean igaro ostean, gogor jo duen eguzkiaren ihesi egin nahian, jende anitz barreiatu da plazako ostatuetan.

Behin azokak itxita ere, ilargiari begira, baina ahoa mihian, musikaz gozatzeko parada ez da falta izanen Ziburun.