NAIZ

Ausart baina atea aurrean kamuts, Valentzian epaituko da Lehen Mailarako igoera (0-0)

Igoera faseko finaleko joaneko partida hutsean bukatu dute Alavesek eta Levantek. Neurketa estua, aurreikusi legez, baina espero baino irekiagoa izan da. Erasokor atera dira, kikildu gabe, eta Sivera eta Femenias atezainak izan dira protagonista. Sari potoloa larunbatean erabakiko da, Valentzian.

Benavidez eta Iborra, erdilari indartsuen arteko lehia, airean.
Benavidez eta Iborra, erdilari indartsuen arteko lehia, airean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Oraindik mundu bat geratzen da Granada eta Las Palmas taldeekin batera Lehen Mailarako urratsa nork emango duen jakiteko. Lehen kanporaketa igarota, Alaves eta Levante igoera faseko finalean neurtu ziren atzo, Mendizorrotzan, baina golik gabe berdindu ostean, oraindik ere asko falta da misterioa erabakitzeko: 90 minutu, gutxienez, eta berdinketarekin jarraituz gero, beste orduerdi. Denbora hori geratzen zaie babazorroei Levante mendean hartzeko, denboraldi osoan lehen aldiz. Garaipena beharrezkoa baitute denboraldiko helburua erdiesteko.

Arerio gogorrena izan da Callejaren Levante Alavesentzat. Berarekin soilik galdu ditu bi partidak; Levante izan da Mendizorrotzan irabazi duen bakarra, alegia (0-2). Emaitza hori «jada ahaztuta» zeukatela ziurtatu zuen Luis Garcia Plazak atariko prentsaurrekoan eta egiari zor, kikildu gabe zelairatu dira gasteiztarrak.

Joko alai eta irekia eskaini dute bi taldeek hasierako minutuetan baina jokaldi horiek aukera argi bilakatzerako orduan kamuts aritu dira. Syllak ezin izan du kontrolatu Abdek erdiko bi atzelarien artera bidalitako pase bat. Beste arean, Sivera adi ibili da alboko erdiraketa bat urruntzeko.

Minutuak aurrera pasa ahala, jokoa lasaitzen joan da. Moyak ez du asmatu Riojaren pasea jaurtitzeko orduan eta Tenagliaren erdiraketa atzelariek urrundu dute.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Sivera izan da protagonista handia, bai eta Femenias ere beste atean, Moyaren jaurtiketa kornerrera desbideratzeko. Jokoa irekitzen joan zen azken txanpan eta Alkain eta Robert atera zituen berdegunera Garcia Plazak, kanpoko jokoa oraindik eta gehiago areagotzeko. Postigok Villalibreren burukada saihestu bazuen, Abqar ere oso sendo aritu zen 86. minutuan eta De Frutosen jaurtiketa gol izatetik gertu egon zen, 88. minutuan.

Kanporaketak guztiz irekita jarraitzen du eta larunbatean atzo moduko ikuskizuna eskaintzen badute, emozio eta sufrimendu asko egongo da Ciutat de Valencian.

Fitxa teknikoa:

Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Sedlar (Laguardia, 78. min.), Duarte; Benavidez, Moya; Guridi (Rober, 69. min.), Rioja, Abde (Alkain, 69. min.); Sylla (Villalibre, 58. min.).

Levante: Femenias; Pubill (Son, 53. min), Postigo, Pier, Muñoz (Saracchi, 73. min.); Iborra, Pepelu, de Frutos, Montiel (Soldado, 77. min.); Bouldini (Wesley, 73. min.), Brugue (Vezo, 73. min.).

Golak: golik gabe.

Epailea: Garcia Ventura (Katalunia). Sylla (43. min.), Abqar (65. min.), Postigo (80. min.) eta Villalibre (89. min.) txartel horiarekin zigortu zituen.

Gertakariak: Igoera faseko finala, joaneko partida. Mendizorrotzan jokatu zen 19.369 ikusleren aurrean.