Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Israelen eta apartheidaren aldekoak berberak dira

Britainia Handian Boikoten Aurkako Lege proiektuaren mamua berpiztu da. Erakunde publikoek giza eskubideen aurkako gehiegikeriak egiten dituzten enpresen edo herrialdeen aurkako boikotak babestea debekatu nahi du arau honek. Besteak beste, Israelgo Estatuaren aurkako boikota, desinbertsioa eta zigorrak (BDS, ingelesezko siglen arabera) indargabetu eta palestinar herriarekiko elkartasuna zaildu nahi dute legegile kontserbadoreek.

Legean Israel aipatzen ez den arren, argi dago proposamen honen atzean lobby sionistak daudela. Legearen aldeko ordezkariek ez dute gogo hori ezkutatzen eta aurkariei antisemitismoa egotzi diete. Proposamenaren bultzatzaileak nagusiki toryak diren arren, Alderdi Laboristan auziak eztabaida piztu du. Jeremy Corbyni antisemitismoa leporatu zioten berberak ari dira proposamena babesten. Hala ere, BDSaren aurka dauden zenbait erakundek ere araua kritikatu dute. Adibidez, Ikasle Juduen Batasunak (UJS delakoa) protesta egiteko eskubide demokratikoen aldeko eta horiek murrizteko lege proiektuaren aurkako mozio bat onartu zuen bere konferentzian.

Erakundeak eta eskubideak jopuntuan

Udal agintariek, unibertsitateek eta sektore publikoaren pentsio-funtsek giza eskubideak ardatz dituzten kanpainetan parte hartzea zailtzera dator legea. Adibidez, sektore publikoko langileek Israelen inbertsioak dituzten pentsio funtsak boikotatzea debekatu nahi dute. Kontserbadoreen zuzenketak onartzen badira, sektore publikoaren pentsio planetako kudeatzaileek ezingo dute «Erresuma Batuaren kanpo eta defentsa politikarekiko gatazkan sartzen den inbertsio erabakirik» hartu.

Arau hau eskubideen aurkako toryen eraso normatiboaren beste atal bat da. Adibidez, aurretik greba eskubidearen aurka egin dute. Giza eskubideen eta askatasun zibilen aldeko erakundeek jokabide hori salatu dute, demokraziaren aurkakoa delako. Sindikatuekin batera, Right to Boycott koalizioa osatu dute.

Aurrekari arriskutsua

Britainia Handian denek dute buruan Hegoafrika eta apartheidarekin gertatutakoa. Irletan oso indartsua izan zen boikota [gehiago jakiteko Ronnie Kasrilsen liburuak irakur daitezke edo “London Recruits” filma ikusi]. Erregimen arrazista ahultzeko, presoen askatasuna babesteko eta gobernua ANCrekin negoziatzera bultzatzeko, boikota funtsezkoa izan zen.

Udal erakundeak oso garrantzitsuak izan ziren kanpainan. Hamza Ali Shah ikertzaileak “The Tribune”n jaso duenez, «1980ko hamarkadaren erdialdean, Erresuma Batuko biztanleen bi heren inguru apartheid-aren amaierarekin konprometitutako udalerrietan bizi ziren, eta lau britainiarretik batek Hegoafrikako produktuei boikota egiten ari zitzaiela zioen».

Horrexegatik, Margaret Thatcherrek Tokiko Gobernuaren Legea sartu zuen 1988an, udalerrien botereak mugatuz eta kanpainan parte hartzea debekatuz. Hor dago gakoa: Israelen palestinarrek duten egoera apartheidean beltzek zutenaren parekoa dela ukatzen dutenak apartheida babestu zuten berberak dira. •