NAIZ

EAEko biztanleria igo egin da 2022ko lehen seihilekoan, azkenaldiko beheranzko joera apurtuz

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleriak gora egin du 2022ko urtarriletik uztailera; 5.096 pertsonako igoera jaso du Eustatek. Igoeraren arrazoi nagusia da pertsona atzerritar gehiago bizi direla EAEn. Azken bi urteetan biztanleriaren beheranzko joera apurtu egin da.

EAEko biztanleriaren hazkunde-tasa.
EAEko biztanleriaren hazkunde-tasa. (EUSTAT)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria hazi egin da 2022ko lehen seihilekoan, orain arteko beheranzko joerarekin amaituz. Eustatek (EAEko Estatistika Institutua) 2.191.613 biztanle zenbatu ditu 2022ko uztailaren 1era arte; hain zuzen ere, aurreko seihilekoan baino 5.096 pertsona gehiago.

Lurralde historikoen kopuruei erreparatuz, balio absolutuetan Bizkaia izan da hazkunde handiena izan duen herrialdea, aurreko seihilekoan baino 2.198 biztanle gehiagorekin. Aldiz, ehunekoei dagokionez, Araban hazkunde handiagoa jaso du Eustatek; alegia %0,42koa. Gipuzkoan %0,21eko hazkundea eman da eta %0,19koa Bizkaian.

Hiriburuetan ere biztanleria hazi egin da, batez ere Gasteizen; hain zuzen ere, 1.359 biztanle gehiago ditu Arabako hiriburuak. Bilbon 840 pertsona gehiago bizi dira eta Donostian 361 gehiago. Gainerako udalerriei erreparatuz, erdiak baino gehiagotan ere hazi da biztanleria.

Biztanleriaren hazkundearen arrazoi nagusia pertsona atzerritarren kopuruak gora egin duela dela adierazi du Eustatek. EAEn 6.237 atzerritar gehiago bizi dira eta biztanleria osoaren %8,8a osatzen dute. Araba da pertsona atzerritar gehiago bizi diren lurraldea, eta ondoren Gipuzkoa eta Bizkaia. Espainiar nazionalitatea duten atzerritar kopuruak behera egiten jarraitzen du erakunde horren arabera.

Horretaz gain, adinari erreparatuz, 64 urtetik gora dituzten pertsonen kopurua ere hazi egin da; 7.508 pertsona gehiago dira. Adin tarte honetako pertsonek EAEko biztanleria osoaren %23,5 osatzen dute. Plentzia da 64 urtetik gorako biztanleria gutxiena duen eskualdea eta Arabako Mendialdean zenbatu da ehuneko handiena.

Azkenik, EAEko batez besteko adina 45,7 urtekoa da; gizonen kasuan 44,1ekoa eta emakumeen kasuan 47,2 urtekoa. Batez besteko adina 0,2 puntu igo da 2022ko lehen seihilekoan. Herrialdeka, batez besteko adin txikiagoa duena Araba da (44,7); Bizkaiak du altuena (46,2). Gipuzkoak biztanleria globalaren adinetik hurbilen dagoen batez besteko adina du, 45,3 urterekin.