NAIZ

Azkena Rock ere salatu du Facuak, jaialdira janaria eta edaria sartzea debekatzeagatik

Facua kontsumitzaile elkarteak Azkena Rock jaialdiaren antolatzailea salatu du jaialdira janaria eta edaria sartzea debekatzeagatik.  Gasteizko Udalari eskatu dio jaialdiaren sustatzailearen kontrako neurriak hartzeko, kontsumitzaileen eskubideak «urratzeagatik». BBK Liverekin ere egin zuen.

Ekainean ospatu zen Azkena Rock Gasteizen.
Ekainean ospatu zen Azkena Rock Gasteizen. (Raul Bogajo | Foku)

Azkena Rock jaialdiko bultzatzailea, ARF Vitoria Gasteiz SL, salatu du Facuak kontsumitzaileen elkarteak, ekainean ospatutako jaialdira bertaratu ziren pertsonei edaria eta janaria sartzen ez uzteagatik. Elkarteak erabiltzaileen zenbait kexa jaso ondoren, Gasteizko Udalari antolatzailearen kontrako neurriak hartzeko eskatu dio.

Zehaztu behar da Azkena ez dela honela jokatzen duen jaialdi bakarra. BBK Live-ren aurka ere egin zuen Facuak.

Azkena Rock Gasteizen ospatu zen ekainaren 15tik hila bereko 17ra eta 30.000 pertsona bertaratu ziren jaialdira. Facuak uste du ARF-k kontsumitzaileen eskubideak «urratu» zituela janaria eta edaria sartzen debekatzeagatik, jaialdiaren ekintza nagusia ez baita ostalaritza. Facuaren arabera, debeku hau ez da beharrezkoa jaialdia «era egokian aurrera egiteko», jarduera nagusia kontzertuak baitira.

Elkarteak jakinarazi du ez dela lehenengo urtea jaialdi honen inguruko kexak jasotzen dituena. Aurreko urteetan Facuak antolatzailea salatu zuen, baina salaketak ez du «ekidin» neurri berdina jartzen jarraitzea. Jaialdiaren webgunean bertan jartzen zuen debekatzen zutela janaria eta edaria espazioan sartzea.

Arau-hauste «oso larria» dela azpimarratu du Facuak, eta 10/2015 legearen 51 artikuluaren arabera horrelako arau-hausteak 30.001 eta 150.000 euro bitartekoko isunekin zigortuak daude. Horretaz gain, Facuak nabarmendu nahi izan du horrelako debekuak «neurriz kanpokoak» direla, EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuan jasotako 4/2023 legearen arabera.

Kontsumitzaileen aldeko elkarteak nabarmendu du horrelako arau-hausteak «oso ohikoak» direla musika jaialdietan. Horren aurrean, mota honetako jaialdietako erabiltzaileei salatzeko deia egin die Facuak «kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeko».

Facuak Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzailea ere salatu du Kontsumobide eta Bilboko Udalaren aurrean, «kontsumitzaileen eskubideak urratzeagatik». Jaialdi honetan edaria eta janaria sartzea debekatzeaz gain, ‘cashless eskumuturrekoa’ soilik erabili ahal zuten espazioan ordaindu ahal izateko. Facuak azaldu duenez, azken neurri hau ere legez kanpokoa da debekatuta baitago eskudirutan ordaintzea debekatzea.

Espainiar Estatuko hainbat txokoetan antolatutako Reggaeton Beach Festival jaialdiaren antolatzaileak arau-hauste honengatik jaso du zehapen-espedientea. Facuak aurkeztutako salaketaren aurrean, Espainiar Estatuko Kontsumo Ministerioak antolatzailearen kontrako neurriak hartu dituela jakinarazi du.