Santurtzi, Ares eta San Pedro ezagun zaharrak dira; Lapurdi eta Bueu, debutariak

Eusko Label Ligako kanporaketetan bost ontzi lehiatuko dira, eta tokia birentzat dago gorengo mailan. Santurtzi, San Pedro, Lapurdi, Ares eta Bueu traineruak erlojupekoan arituko dira gaur Bermeon (18.05ean) eta bihar Portugaleten (12.00etan). Hiru euskal taldeetako lemazainekin hitz egin du NAIZek.

Lapurdiko Arraun Elkartea denboraldi honetako entrenamendu saio batean, Donibane Lohizunen.
Lapurdiko Arraun Elkartea denboraldi honetako entrenamendu saio batean, Donibane Lohizunen. (Patxi BELTZAIZ)

Asteburu honen amaieran jakingo da zein bi traineru egongo diren hurrengo urtean Eusko Label Ligan. Bost traineru hauek jokatuko dituzte kanporaketak: Santurtzik –Eusko Label Ligako azken-aurreneko sailkatua–, San Pedrok eta Lapurdik –KAE 1 ligako txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren–, eta Aresek eta Bueuk –Galiziako Ligako txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren–.

'Itsasoko Ama' traineruak, 2020an eta 2021ean Eusko Label Liga irabazi zuen. Eta, orain, bi urte geroago, gorengo mailari eustea izango du helburu. KAE 1 ligako bi traineruei dagokionez, 'Libia' ontziak bigarrenez jarraian jokatuko ditu kanporaketak, 2019an Eusko Label ligatik jaitsi ostean. Donibane Lohizuneko trainerua, aldiz, aurrenekoz aritu da KAE 1 ligan, eta taldeko debutaria izanagatik ere, merituzko bigarren postua lortu du, eta aurrenekoz arrauneko urrezko mailara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu.

Ares eta Bueu dira Galiziako Ligako lehen bi sailkatuak. Aresek, berriz ere, gorengo mailara igo nahi du, urte bat bertatik kanpo egon ondoren. Bueuk hirugarrenez jarraian ariko da kanporaketetan, eta behingoagatik, estreinakoz, hamabi traineru onenen artean egon nahi du.

Galdetegi berbera egin dio NAIZek Cristian Garma Santurtziko patroiari (Castro Urdiales, 1982), Haritz Olasagasti San Pedrokoari (Aia, 1987) eta Gorka Sarria (Donibane Lohizune, 2001) Lapurdikoari: 1. Zer balorazio egiten duzu ligaz? 2. Zer helbururekin zoazte kanporaketetara? 3. Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak? 4. Zer tankera hartzen diezu Bermeoko eta Portugaleteko estropadei? 5. Irabazteak zer suposatuko luke?

Cristian Garma (Santurtzi)

«Helburua ez lortzea porrota litzateke. Bai klubarentzat, bai Santurtziko herriarentzat»

1. «Liga gaizki hasi genuen Coruñan, Galizian. Gero zorte txarra izan dugu egokitu zaizkigun kaleekin, eta ez dugu hori konpontzen jakin. Akatsak ere egon dira, baita zorte txarra ere: aurrekalaria uretara erori zen Santurtziko estropadan, eta Castron deskalifikatu egin gintuzten. Horrek ondorioak izan zituen».

2. «Helburua zalantzarik gabe kanporaketak irabaztea da. Bi estropadak irabaztera joango gara. Uste dut Santurtzik Eusko Label ligan egon behar duela».

3. «Errespetu osoz, uste dut Ares dela talde indartsuena a priori, pasatu dizkiguten datuei erreparatuta. Hala ere, uste dut ezin dela aurkari bat bera ere alde batera utzi. Lapurdi eta San Pedro KAE 1 ligan ikusi ditugu. Egia da Lapurdik Kontxako sailkapen estropadan aurrea hartu zigula, segundo batengatik, baina guk ez genuen egin gure estropadarik onena. Kanporaketetan, ordea, ezin duzu akatsik egin, bestela garesti ordaintzen duzu».

4. «Estropada eremu exijenteena Bermeokoa da. Olatua albotik datorkizu, eta olatu pixka bat egonez gero, patroiak lan asko izango du, eta arraunlariak ere estropada eremura egokitu behar dute. Eremu horretara egokitzeko, aste osoan Bermeon entrenatu gara. Portugaletekoa errioan da, eta ez da arazorik izango. Wattio gehien dituen ontziak edo arraun hobekien egiten duenak asko izango du irabazia».

5. «Santurtzik bai ala bai kanporaketak irabazi behar ditu. TKEn egon den klub bat da, eta Eusko Label Ligako txapelduna izan da bi aldiz. Beraz, helburua ez lortzea porrota litzateke, bai klubarentzat, bai Santurtziko herriarentzat».

Haritz Olasagasti (San Pedro)

«Barruko estropadetan eta erlojupekoetan hobeto moldatu gara, eta Portugaletera konfiantza handiagoarekin joango gara»

1. «Balorazioa positiboa dela esango nuke. Hasieratik nahiko ondo ibili gara. Ondo ibiltzea espero genuen, baina bagenekien Lapurdi indartsu zetorrela, eta besteak ere bai. Oso ondo hasi ginen, eta, konfiantza osoz geundela, Zumaiako estropadan aldaketa batzuk egon ziren, eta kolpea jaso genuen. Horrek moralki eragiten du. Konfiantza falta puntu bat izan genuen, eta kosta egin zitzaigun berriz sentsazio onak bilatzea. Banderak irabazten hasi ginen, eta gero lau asteburu egon ginen ez genuela berriz aurrean muturra ateratzen. Hala ere, jakin dugu hor egoten, eta gogotsu geunden. Burua altxatu genuen, konfiantza berreskuratu, eta ligari bukaera on bat eman diogu».

2. «Helburua garbia da: irabaztea, denak joango diren bezala. Biak dira estropada garrantzitsuak, baina, ikusita ligan barruko estropadetan eta erlojupekoetan hobeto moldatu garela, Portugaletera konfiantza handiagoarekin joango gara. Ea Bermeotik nola ateratzen garen. Aste hauetan blokea asko lantzen egon gara eta gustura gabiltza. Orokorrean, uste dut nahiko pareko gaudela eta edozer gerta daitekeela».

3. «Maila berdinean jarriko nituzke denak. Santurtzik konfiantza izan duenean eta asmatu duenean oso estropada onak egin ditu. Horrelako asteburu bat botako balu, egia esateko, zaila izango litzateke haiei irabaztea. Baina denborei begiratuta eta gainetik haien jarduna ikusita, hor ikusten dugu gure burua. Eta Lapurdi ere bai. Itsasoan estropada onak egin ditu, eta ligan ikusi da lehia handia izan dugula. Borroka gogorra izango da».

4. «Eguraldiari begira egon naiz, eta pixka bat kaxkarra markatzen du larunbatean. Bermeokoa estropada teknikoa izango da, eta zaila, olatuak albo batetik etortzen zaizkizulako. Uste dut garrantzitsuena Bermeotik ondo ateratzea izango dela, gero errematatu ahal izateko».

5. «Sekulako poza izango litzateke niretzat eta taldearentzat. Amets txiki-handi bat betetzea ere bai. Arraunetik kanpo egon naiz urte mordo bat, eta orain bueltatu, San Pedrora, eta nire bi anaiekin batera, urtea biribiltzea litzateke. Iaz liga irabazi zuten, eta gero kanporaketetan ez zuten igotzea lortu. Uste dut San Pedro klubarentzat eta herriarentzat sekulakoa litzatekeela, erremate oso pozgarria izango zen. Ikusiko da harrobia oso indartsua dugula eta lan polita egiten ari garela».

Gorka Sarria (Lapurdi)

«Kanporaketa guretzat bonu bat bezalakoa da, opari bat. Orain hortxe gaudela, gure xedea izango da TKEra igotzea»

1. «Gure helburua oso ondo ibiltzea zen. Gure buruari exijentzia anitz ematen genion, baina ez genuen inoiz pentsatzen hain ondo ibiliko ginenik. Guretzat oso positiboa izan da. Lehen estropadetan ikusita hor geundela, dena borrokatzera joan gara, eta uda osoa pasatu dugu Arkoterekin eta San Pedrorekin».

2. «Guk gure urtea egin dugu, sekulako balantzea egiten dugu, eta, beraz, kanporaketa guretzat bonu bat bezalakoa da, opari bat. Baina orain hor gaudela, gure helburua izango da TKEra igotzea. Ezin dugu erran hortik etorriko garela disfrutatzeko, borrokatzera etorriko gara. Eguna disfrutatuko dugu, baina ez dugu oparirik eginen».

3. «Azkarrak. Ikusi dugu aurten San Pedrok eta guk maila berdintsua dugula eta sekulako borroka izan dugula. Santurtzi TKEko trainerua da, eta erakutsi du aurten ere emaitza politak ateratzen ahal zituela. Gero, galiziarrak; ez daukagu haien mailaren berri. Kontxan ibili dira; Ares ongi ibili da, eta Bueu ikusi da pixka bat gutxiago ibili dela. Baina Kontxa zen, eta ezin dugu ondoriorik atera egun horretatik».

4. «Bermeokoa oso kapritxosoa izaten ahal da eguraldi txarrarekin. Ematen du olatuek ez dutela gauza anitzik ematen aurreikuspenean, baina oso teknikoa da Bermeokoa. Olatua trebeska etortzen da, momentutan poparean ere bai. Sekulako exijentzia du. Igandean, estropada oso fisikoa da Portugaletekoa eta anitz sufrituko dugu denok».

5. «Sinestezina izango litzateke, egia esan. Gure tamainako talde batentzat... oparia ez da hitz ona, baina, bai, sekulakoa litzateke».