NAIZ

Zierbenaren aho zapore gozoa, laugarren bandera astinduta eta ligan bigarren eginda

Zierbenak denboraldiko laugarren bandera irabazi du eta honekin, Eusko Label liga bigarren postuan bukatu du, Hondarribiaren aurretik. Galipoek historiako bandera gehien irabazi dute denboraldi honetan. Urdaibaik, aurreko egunean, ligako garaipena ziurtatuta, hirugarren egin du.

Zierbenako eskifaia Portugaleteko garaipena ospatzen.
Zierbenako eskifaia Portugaleteko garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urdaibairen koroatzean Zierbenak lekutxo bat egin du. Galipoek denboraldiko laugarren bandera astindu dute, XLIX. El Corte Ingles bandera, hain zuzen ere, eta honekin, historiako marka onena ezartzeaz gain –orain arteko denboraldi onenean hiru trapu irabazi zituzten–, Eusko Label ligako azpitxalpedun moduan bukatu dute txapelketa erregularra, inoizko posturik onenean, alegia.

‘Bou Bizkaiak’ bezperan Bermeon 11. bandera irabazita berretsi zuen bere bederatzigarren Eusko Label Liga eta beraz, Portugaletera ezer jokoan ez zutela iritsi dira Iker Zabalaren mutilak. Hala, lehia nagusia bigarren postuan nork bukatuko zen eta hau ere azkar batean hautsi da, Zierbenak bigarren ziabogarako jada aurrea hartu baitio Hondarribiari (sei segundo), bere arerio zuzenari alegia.

Aldea handitzen joan da hirugarren ziabogara bidean (9 segundo) eta azkenerako, galipoek ondo disfrutatutako luzea egin eta 12 segundoko errentarekin irabazi dute Portugaleten. ‘Ama Guadalupekoa’ ontziarekin puntuz berdinduta (192)  bukatu dute liga baina orotara bandera gehiago irabazi dutenez, Zierbenarentzat izan da azpitxapeldunaren lekua.

Urdaibai izan da hirugarrena denboraldiko azken estropadan eta Donostiarrak, Bermeon erakustaldi ona eman ostean, laugarren egin du, Caboren denbora ozta-ozta hobetuta (50 ehuneneko). Cabo, Lekittarra, Orio eta Getariak osatu dute, hurrenez hurren, XLIX. El Corte Ingles banderako sailkapena.