Arnaitz Gorriti

Galiziatik txangoa Ibaeta Basket eta Gernikak; Murtzia du jomuga Kutxabank Araskik

Larunbat arratsaldeko 19.00etan jokatuko dute donostiarrek; Celtaren aurka, eta gernikarrek; Ferrolen aurrrean. Igande eguerdiko 12.00etan Murtziako Jairisen kantxa zapalduko dute Madelen Urietarenek. Partidarik gabeko astea gogor entrenatzeko baliatu dute guztiek.

Zapatuan jokatuko dute IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak.
Zapatuan jokatuko dute IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Emakumeen Endesa Liga abian jarriko da berriro asteburu honetan, joan den astean Superkopa zela-eta etena izan eta gero. Etxetik kanpora jokatuko dute hiru euskal taldeek: Galizia izango dute jomuga IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak, eta Murtziako Alcantarilla bisitatuko du Kutxabank Araski Jairisen aurka.

Zapatu arratsaldeko 19.00etan izango dute hitzordua donostiarrek eta gernikarrek. Azu Muguruzarenek maila berreskuratu berri duen Celta historikoa izango dute aurkari eta bizkaitarrek, berriz, hau ere maila berreskuratu berria den Baxi Ferrolen pistan ekingo diote lanari etenaren ondotik.

Kostata izan bazen ere, garaipena pilatu zuten talde hauek biek Emakumeen Ligako aurreneko jardunaldian: 64-60 Benbibre hartu zuten menpean donostiarrek eta Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, Ensino, lehiaketako hirugarren talde galiziarra gainditu zuen, 71-57.

Jakina da ongi ekinez gero lanari, etenaldia eramangarriago izan ohi dela eta hurrengo jardunaldietara begira egin beharreko lana ere gustorago egiten dela. «Jardunaldi gabeko astea luze joan da, baina entrenatzeko eta jokalari berriak dinamikan sartzeko baliatu dugu», adierazi du Marta Alberdi jokalari gernikarrak.

Izan ere, aurreneko jardunaldia nahiko aldapa gora agin zitzaion Grace Berger azken fitxaketari, Gernikara iritsi eta hiru egunen buruan lehiaketa ofizialeko partida jokatzean egokitu zitzaion-eta. Bistakoa da nahikoa galduta ibili zela, eta hargatik, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak lana gogotik egin eta taldea sendotzen joateko baliatu duela denbora.

«Elkar ezagutzen jarraitzeko baliatu dugu denbora hau. Gure oinarrizko lana sendotu eta gure jokoaren nortasuna finkatzeko balio izan digu honek», gaineratu du Lucas Fernandez entrenatzaileak berak. «Geldialdi honen ostean esijentzia handiko partida saila datorkigu gainera, berdin ligan zein Eurocupean ere eta hori prestatzeko ere balio izan digu».

Baxi Ferrolek Mendizorrotzan 66-71 irabazi zuen aurreneko jardunaldian, Claudia Sorianoren 20 puntu eta 7 erreboteei esker, batik bat. «Lehiakortasuna lehenengo egunetik erakutsi du eta etxeko aurreneko partida hauxe duenez, are eta motibazio handiagoa izango du», ohartarazi du Fernandezek.

Vigoko Celtak, berriz, Valentzia Basket liga txapeldunaren aurrean 76-47 galdu zuen, nahiz eta aurreneko zatian maila txukuna eskaini. Anne Senosiain antolatzaile nafarraren eskutik, jokatzen badakiela erakutsi zuen talde galiziarrak, eta puntuak, berriz, Murjanatu Musa nigeriarrak eta Clementine Samson frantsesak sartu zituzten. Hauspoa agortu zitzaienean bakarrik nagusitu zen Valentzia Basket.

Donostiarrek, bestalde, joan den asteburuan VI: Olarizu Trofeoa irabazi zuten, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzan 57-58 nagusitu ostean. Lesio larri batetik atera berria den Yurena Diaz eta Dulcy Fankam azken fitxaketak ere aste osoa izan du Azu Muguruzaren jokamoldera ohitzen hasteko.

Gauzak ondo, gipuzkoarren beharko lukete partida irabazteko faborito, baina ikusi egin behar aste osoko lanari zernolako zukua ateratzen dion Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak.

Sentsazioetatik emaitzetara

Igande eguerdiko 12.00etan jokatuko du Kutxabank Araskik Murtziako Jairis taldearen aurka. Denboraldiaurrean ez zuen partida bakar bat irabazi Madelen Urietaren taldeak eta Emakumeen Liga ere porrotarekin hasi zuen. Ez dago arduratzeko motiborik berez, baina Made Urietak aipaturiko «sentsazio onak» garaipen ahal bait arinen bihurtzea ez da gaizki etorriko.

Jairis bera da komenigarritasun horren eredu. Diru inbertsio handia eginda iritsi zen iaz Murtziako taldea Emakumeen Endesa Ligara, baina kostata salbatu zuen kategoria, batez ere lehiaketari oso hasiera traketsa eman ziolako eta hala, ia denboraldi osoa kontrakarrean jokatu behar izan zuelako.

Aurten, berriz, hasiera aparta eman diote ligari, Estudiantesi 62-67 irabazi baitzioten Madrilen. Aishlin Konig hegaleko austriarrak, Shante Evans Esloveniako hiritartasuna lortu duen hegal-pibot estatubatuarrak eta Amalia Rembiszewska pibot poloniarrak gidatu zuten murtziarren garaipena. Horrez gain, eskarmentua sobera duten Belen Arrojo –Lointek Gernikako kapitain ohia–, Arica Carter edo Aina Ayusok ere patxada eta erregulartasuna eman zioten talde murtziarrari.

Hain zuzen, patxada eta erregulartasuna behar ditu Kutxabank Araskik bere jokoan. «Minutu onak eta txarrak nahasten ditugu. Bost minutu on egin ondoren, pare bat oso eskas datoz gero eta aurkariek horixe baliatzen dute», ohartarazi zuen Melisa Gretter antolatzaile argentinarrak taldearen aurkezpenean. Bada, Emakumeen Liga abian den honetan, jarraitutasuna bilatu beharko du Kutxabank Araskik behingoan irabazten hasteko.